Eraikinek izango duten kokaleku zehatza irudikatzen duen errealitate handituko aplikazio batek irabazi du Galileo Master 2013 Saria

Gipuzkoa

  • Galileo Master sarien bidez bultzatu egin nahi da Galileo europar satelite sarean oinarrituriko aplikazio berritzaileen sorkuntza eta garapena.

Jon Sanchez Ugarte Gipuzkoako ekintzaileak jaso du Galileo Masters 2013 Euskadi Saria, BimOn! izeneko bere proiektuagatik  (OnSiteBIM izango du izen komertziala). Aplikazio horrek aukera ematen du, Galileo satelite sarearen laguntzaz eta errealitate handituaz, eraikin bat eraikiko den lekua zehazki ikusteko, bai eta eraikinaren zati bakoitzaren kokapena zehatz mehatz erakusteko. BimOn! aplikazioak eraikuntza prozesuaren kudeaketa hobetzen  du, eta laguntasuna ematen du erabakiak hartzeko eta arazoak hasiera-hasieratik aurkitzeko, horrek berekin dakarren denbora eta diru aurrezkiarekin.

Teknikaren aldetik, BimOn!(OnSiteBIM)-en garapena lau faktoreren zehaztasun handiko konbinaketan datza: Galileo GNSS, kokapenaren faktorea ematen duena; Errealitate Handituaren teknologia; gaur egungo gailu mugikorren hardware gaitasunak; eta, azkenik, datu irekien IFC (Industry Foundation Classes) eta BIM (Building Information Modelling) ereduak.

BimOn!(OnSiteBIM) proiektuak Galileo Masters 2013 (ESCN-European Satellite Navigation Competition) sarietako eskualde mailako sari bat jaso du, Bavieran izandako ekitaldian. BimOn! 50 herrialdetako 1.200 lagunez osaturiko taldeen 413 ideia/proiekturekin lehiatu da.

Galileo Master Sariaren helburua da Galileo europar satelite sarea erabiliko duten aplikazio berrien sorkuntza bultzatzea. Galileo Master Sariko parte-hartzaileek erraztasunak izango dituzte nazioarteko merkatura zuzenean sartzeko, harremanetan egongo direlako teknologikoki aurreratuak diren beste eskualde batzuekin, eta horrek aukera emango die konponbide berriak garatzeko nabigazioaren nahiz telekomunikazioen sektoreetan.

Sare hau industriaren premiei zuzenduta dago zeharo eta, kide diren eskualdeekin batera, ahalegina egiten du azken urteotako berrikuntzei esker sortutako produktu eta zerbitzu ugariak ahalik eta azkarren aplika daitezen.

Euskadik bosgarren urtez jarraian parte hartzen du lehiaketa honetan, zeina Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatu eta koordinatzen baitute, SPRIren bitartekaritzaz. Galileo Master-eko sarituek urtebeteko egonaldia egingo dute Bic Berrilan Gipuzkoa enpresa-haztegian eta sarbidea izango dute baita ere ekintzaile berritzaileei laguntzeko Ekintzaile/Txekintek programan. Bic Gipuzkoa Berrilan haztegian adituen tutoretza, aholkularitza eta proiektu osoan zeharreko gainbegiraketa (negozio plana diseinatzetik hasi eta jabetza intelektuala babesteraino) jasoko dute.

Partekatu

Beste berri batzuk