Erronka berrien artean 4.0 industria-iraultzaren ondorioei aurre egingo die Makina-Erramintak

Gipuzkoa

• Sektoreak atzeraldi txiki bat izan du ezegonkortasunez beteriko urtean, suspertzen jarraitzen duen barne-merkatuak hobera egin duelarik
• Nafta inguruaren joera ona eta Asiaren ahultzea
• EBtik ekarritako finantza-baliabideek, euro/dolar diru-trukearen garapenak eta petrolioaren prezioaren ibilbideak aukera berriak zabaltzen dituzte
• ADDIMAT, AFMk zuzenduriko elkarte berria, arin hazi da 64 enpresa izatera
• Sektoreak 20. Makina Erreminta Biltzarra ospatuko du ekainean, Donostian
• Industry 4.0, elkarrekin lotutako munduranzko aurrerapausoa

AFM

2014 urteko behin-betiko datuek AFMk urtarrileko behin-behineko datuekin aurreratu zuena berresten dute: makina-erreminta eta fabrikazio-teknologien fakturazio-zifrak %3,2ko atzeraldi txikia izan du. 2014an ezegonkortasuna nagusi izan arren, sektoreak ekoizpen-maila mantentzea lortu du ia bere osotasunean; deformazioak bizi duen %19,6ko beherakada nabarmena salbuetsita, gainerako azpisektoreek urteko balantze positiboa egiten dute.

AFMko presidente den Antxon López Usozek honakoa dio urtearen itxierari buruz: “Eutsi diogu ezegonkortasun handiko urte baten tiraldiari, non azken urteetan eskari inportantea lortu dugun merkatuetako batzuek egonkortasuna oztopatzeko moduko eragina izan duten tentsio eta aldaketa-uneak bizi behar izan dituzten, horien artean Errusiako kasua eta neurri txikiago batean Brasilgoa. Asiar kontinentean, bai Txinari eta bai Indiari eragin dion moteltzea bizi dugu. Eta horri Errusiako krisiak kaltetutako merkatu alemaniarra gehitu behar diogu. Hala ere, beste merkatu batzuek gure salmentak piztu dituzte. AEB ditugu berriro gogor bultzatzen, esportazioak %40 haziz. Europan azpimarragarri dira Erresuma Batuko, Portugalgo, Italiako eta Frantziako suspertzeak, azken merkatu hauetan, makroekonomiako datuek askorik laguntzen ez duten arren”.

Sektoreko esportazioek 2013an izandako maximo historikoaren ondoren, zifrak %7,4 egin du behera 2014an, %24,9 erori den deformazioak izandako beherakadak bultzaturik. Gainerako azpisektoreek ere zifra baxuagoak agertzen dituzte, salbuespen bakar batekin: makina berezien esportazioak %14 igo dira. Hala eta guztiz ere, 2014ko zifra, esportazioak salmenten ia %80an kokatzen dituena, historiako bigarren zifrarik altuena da 2013koaren ondoren.

Abendura arteko makinen esportazio-datuak aztertuz gero, 2014an Txina da berriro nagusi kanporako salmentetan (19,9%), jarraian ditu Alemania (11,2%) eta AEB (7%), horien atzetik Frantzia (5,5%) eta Portugal (5,3%). Hurrengo bost herrialdeak Erresuma Batua (5,2%), Mexiko (5,2%), Brasil (4,1%), Italia (4%) eta India (3,7%) dira.

Eskaerak %2,1 igo dira 2014an, urteko azkeneko hiruhilekoa ona izan da, jarduerari dagokionez, 2015erako hasiera sendoa markatuz. Eskaeren jatorriak aldaketa handia izan du: Espainia da zerrendaburu, eta atzetik ditu AEB, Alemania eta Txina; horien ondoren, Erresuma Batua, Polonia, Italia, Frantzia, Mexiko eta India.

Espainia da lehenengo merkatua bigarren urtez jarraian, barne-kontsumoak %39ko hazkunde itxaropentsua agertzen du makinei dagokienez, eta beharrezko erritmoan ez doan arren, hobekuntzarako perspektiba eskaintzen du. López Usozek dioenez: “Barne merkatuan, ikusmira itxaropentsua dakusagu, eta industria espainiarrak behar duen berrekipatzea bultzatuko duen ustea dugu. Eusko Jaurlaritzatik abiarazi diren laguntza-planak pizgarri onak izan dira enpresek euren ekoizpen-gaitasuna hobetzeko fabrikazio-teknologia aurreratuetan inbertsioak egitea pentsa dezaten. 2015ean pizgarriok esparru nazionalera zabaltzea posible izatea espero dugu.

Ekonomia orekatuago batek eskatzen duen industriaren protagonismoa ezinbestekoa izateaz gain, gogora dezagun merkatu nazionala indarberritzea behar-beharrezkoa dela nazioartekotzeko erradio mugatuagoa duen edozein enpresak, txikienek batez ere, ekiporik konplexuenak instalatu eta probatzeko konplizerik onena nazio barruko bezeroen artean aurki dezan.”

AFMko presidenteak aurreikusten duenez “berriki egindako finantza-injekzioak, euroak dolarraren aurrean duen trukearen garapenak, edota petrolioaren prezioaren ibilbideak ekonomian eragin ditzaketen ondorioak guztiz ez ezagutu arren, eta hazkundea txikia izanik ere, 2015a 2014ko ekoizpen-zifratik gora haz gaitezkeen egonkortasun urtea izan daiteke”.

INDUSTRIA 4.0
Industria 4.0 kontzeptuaren orokortze gero eta handiagoaren aurrean, Antxon López Usoz presidenteak honakoa baieztatu du: “Bada denboraldi bat gure bizimoduaren digitalizazio gero eta handiagoa ikusten duguna. Jada inor ez da harritzen dispositibo mugikorrek duten zereginarekin edo gaur egun munduan zehar mugitzen eta prozesatzen den informazio kopuruarekin. Makinetan telefonoetan bezala inteligentzia askoz gehiago sartzeko prest gaude eta zantzu guztien arabera, 2015ean hasiko gara teknologia guzti horiek industria inguruetan duten aplikazioaren lehenengo errealitateak ikusten. Fabrikazio prozesuetan aurrerapen handiak txertatzen dituzten ekipoen garapenean dugun esperientziari informazio eta komunikazio teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak gehitzen badizkiogu, gai izango gara ez bakarrik produktuak, baizik eta baita makinen kalitatean, produktibitatean eta kontsumoan hobekuntzak ekarriko dituzten zerbitzuak eskaintzeko ere.

Lankidetza aktiboa bilatu nahi dugu informazio eta komunikazio teknologietan eta haiek industriaren esparruan duten aplikazioetan ezagutza eta esperientzia ekar diezaguketenekin. Horrela, IKTen GAIA Klusterra aparteko laguna da, gainerako industriekin eta teknologia-zentroekin batera, etab., industrian teknologia adimenduna txertatzen aurrera egin dezagun”.

ADDIMATen HAZKUNDE AZKARRA
“ADDIMAT sortu zenetik, 64 enpresa biltzea lortu dugu hiru hilabeteotan. Fabrikazio gehigarria elkartu egin da merkatuari industriaren lehiakortasuna hobetzeko eskaintzen diogun teknologia aurreratuen fabrikazioarekin. Atxikitze-eskaeren indarrak eta azkartasunak bistaratu egiten ditu ekoizteko modu berritzaile honen dinamismoa eta hark eskaintzen dituen aukera interesgarriak. Aurrerantzean teknologia berriak oldarka sartu izanak gure bazkideei eta beraien bezeroei eskaintzen dizkieten abantaila lehiakorrak aztertu beharko ditugu”, baieztatu du Antxon López Usoz, AFM eta ADDIMATeko presidenteak.

BECekin (Bilbao Exhibition Centre) batera, ADDIMATek, AFMk 2014ko abenduan sortutako elkarte berriak, fabrikazio gehigarriari eskainitako esposizio-gune berri berezi baten sorrera sustatu du Bilboko Azpikontratazio azokan (maiatzak 26-29). Bertan ADDIMATeko 15 enpresek hartuko dute parte, maiatzaren 27an fabrikazio gehigarriari buruzko jardunaldietan hizlari gisa parte hartuko dutenak. Horrez gain, elkarte berriak lehen Batzar Nagusia egingo du BECen maiatzaren 28an.

Fabrikazio gehigarria gai nagusietako bat izango da Donostian ekainaren 10etik 12ra egingo den Makina Erremintaren XX. Biltzarrean, bertan Terry Wohlers iparramerikarra hizlari gonbidatua izango da, mundu mailako aditurik onentzat hartzen da fabrikazio gehigarrian eta 3D teknologian. Horrez gain, biltzarrak saio bereziak eskainiko dizkie 4.0 Industriarekin lotutako beste gai batzuei ere; laserra, automatizazioa eta robotika, “zero akats”, eta baita ekoizpen aeronautikora zuzenduriko fabrikazio-sistemak ere.

2015eko BATZARRA
AFMk bihar egingo duen Batzar Nagusiak, sektoreko enpresen ordezkarien eta esparru instituzionaleko eta akademikoko gonbidatuen artean 250 pertsona bilduko dituenak, elkartearen ohiko gaien inguruan jarduteaz gain, “Fabrikazio gehigarriari eta 3D inprimaketari” eskainiko dio FABRIKAZIO AURRERATUAREN EGUNA eta horretarako Tumakerreko Aitziber Eizagirre, EHUko Aitzol Lamikiz, Tecnaliako David Sánchez eta IK4ko Javier Laucirica izango dira bertan, AFMko Zuzendari Nagusi Xabier Ortuetaz gain.

Aurten, Rafael Barrenechea jaunak, AFMko presidente ohiak eta DANOBATGROUP eta SORALUCEko zuzendari ohiak jasoko du merezimendu osoko omenaldia, sektore barruan egindako ibilbide bikainagatik.

Partekatu

Beste berri batzuk