Eskoziako enpresa batek minbizia eta Parkinsona ikertzeko euskal produktu bat merkaturatu du
CIC bioGUNE ikerketa-zentroak genetikoki eraldatutako sagu-zelulei buruz garatutako ikerketak izan dira proiektu horren abiapuntua.
Histocell euskal enpresa da Ubiquigent-ek merkaturatzen duen produktuaren fabrikazio-prozesuaren arduraduna.
Lau urte behar izan dute produktua laborategitik merkatura ateratzeko.
Lau urte baino ez laborategitik merkatura iristeko. CIC bioGUNE biozientziako euskal ikerketa-zentroak 2010ean abiatutako ikerketa proiektu honi esker, minbizia eta Parkinsona bezalako gaixotasunetan esku hartzen duten proteinak hautemateko balioko duen produktua izatea lortu da. Produktu horri esker, ikerlariek eta farmazia-konpainiek gaixotasun horiek nola sortzen diren ikertu ahal izango dute, gaur egun erabiltzen diren produktuak baino eraginkorragoa delako. Gainera, diana terapeutikoak bilatzeko botika berriak garatzeko aukera eskainiko du etorkizunean.
CIC bioGUNEKO Ugo Mayor Ikerbasque ikerlariaren laborategiak genetikoki eraldatutako saguak garatu zituen, haien zelulek aurrez aipatutako proteinak atzeman ahal zitzaten. Oraintsu, entzute handiko bi zientzia aldizkaritan argitaratu dituzte ikerketok: Journal of Proteome Research eta Molecular & Cellular Proteomics aldizkarietan, hain zuzen ere.
Geroago, CIC bioGUNEk ezagutza hori Histocell bioteknologia enpresaren esku utzi zuen, produktuaren fabrikazioa eta bukaerako aurkezpena gara zitzan. Gauzak horrela, Histocell da azken produktuaren fabrikatzailea eta Ubiquigent enpresaren hornitzailea. Zikloa Ubiquigent eskoziar enpresan amaitzen da; dagoeneko mundu osoan merkaturatzen du produktua, euskal ikerketa-zentroarekin eta Histocell-ekin sinatu berri duen akordioaz geroztik.
MEF izenez ezagutzen diren (‘Mouse embryonic fibroblast‘-en akronimoa) zelulen sorrera ahalbidetu zuten ikerketen arduradun Ugo Mayor ikerlariaren iritziz, “honako prozesua tokiko eta nazioarteko erakunde anitzen arteko elkarlanaren adibide arrakastatsua da, oinarrizko ikerketa baten emaitzak merkatura eraman dituena”.
MEF zelulak
Produktua, funtsean, MEF izeneko zeluletan datza. Zelula horiek ubikitina atzemateko gai den molekula bat daukate. Ubikitina minbizia, Parkinsona edo Angelman sindromea (haurrei ikaskuntza atzerapena eta hitz egiteko zaitasunak eragiten dien patologia) bezalako gaixotasunekin erlazionatuta dagoen proteina da.
Ubikitina proteina txiki bat da eta beste proteina batzuen portaera eraldatzen du haiekin elkartzerakoan. Beste proteina batzuekin elkartzen den “etiketa” bat dela esan genezake, haiek zelula barruan duten funtzioa erregulatzen duena. Ubikitinazio bezala ezagutzen den prozesu horrek ondo funtzionatzen ez badu, proteinek kontrolik gabe jokatzen dute eta horrek gaixotasun ezberdinak eragin ditzake. Hori dela eta, ubikitina ikertzea erronka garrantzitsua bihurtu da zientzia komunitatearentzako.
CIC bioGUNEn sortutako MEF zelulek ubikitina “etiketa” daramaten proteinak hautemateko balio dute eta ohiko metodoek baino modu eraginkorragoan betetzen dute zeregin hori. Aipatutako proteinak hautemateko metodo hori baliagarria da bai prozesu biologiko anitzetan ubikitinatze-prozesuak nola funtzionatzen duen ulertu nahi duten ikerketa-zentroentzako, bai botika berriak garatzeko diana terapeutiko berrien bila dabiltzan farmazia enpresentzako ere.
Lankidetza
CIC bioGUNEn Ugo Mayor Ikerbasque ikerlariak duela lau urte abiatutako hainbat ikerketa izan ziren produktu horren jatorria; aurrez aipatu bezala, hainbat zientzia aldizkaritan argitaratu zituzten ikerketok.
Zelulek ubikitina markatzaile bat – molekula hori atzematen duen tranpa bat, nolabait esatearren – , izan zezaten genetikoki eraldatutako saguak garatu ondoren, CIC bioGUNE ikerketa-zentroak hitzarmena egin zuen Histocell enpresa bioteknologikoarekin. Histocell-ek zelula erabilgarriak atera eta hedatu egiten ditu behar diren milioika zelula lortzeko eta merkataritza erabilerarako prestatzen ditu, bialetan ontzikiratuz.
Prozesuko azken urratseko protagonista Ubiquigente konpainia britainiarra da, ubikitinarekin lotutako tratamenduen esparruan espezializatua. Firma horrek mundu mailako bezero-zorro garrantzitsua dauka eta produktua merkaturatzeaz arduratzen da, CIC bioGUNE eta Histocell-ekin izenpetutako merkaturatze ustiapenerako hitzarmenaren ondorioz.
“Proiektu hau CIC bioGUNE-ren jardueraren oinarri diren helburuen adibide ezin hobea da. Biozientziaren arloan lehen mailako oinarrizko ikerketak egiten dihardugu eta baliagarriak izan daitezen ahalegintzen gara, patenteak eta enpresak sortuz edo beste enpresa batzuk jakintza hau merkaturatu ahal izateko lizentziak emanaz”, dio Jose Maria Mato, zentroko zuzendari nagusiak.
Julio Font Histocell-eko zuzendari nagusiaren ustez, berriz, “akordio hau CIC bioGUNE bezalako ikerketa-zentro batekin egindako lankidetzaren eta Know-how-aren transferentziaren kasu arrakastatsu bat da, Histocell-en esperientzia aprobetxatzen duena azken belaunaldiko produktu zelularren garapen eta fabrikazioan. Guzti horren ondorioz, produktu bioteknologiko berria merkaturatzea lortuko da”.