Estatuko zientzia eta teknologia parkeek 154.187 enplegu dituzte, 2011.urtean %6ko hazkundea izan ondoren

Bizkaia

• Zientzia eta teknolgia parkeetako enpresa kopurua %8 igo zen iaz, beste horrenbeste fakturazioa eta enplegua berriz %6.

• APTEk hitzarmena sinatu du CRUE, estatuko Unibertsitate Errektoreen Konfederazioarekin, unibertsitateen eta parkeetan kokatutako enpresen arteko harremanak bultzatzeko.

• Gaur egindako Batzar Orokorrean, APTEk hauteskundeak egin ditu bere Zuzendaritza Batzorde berria aukeratzeko. Francisco Berjón, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea eta Txaber Ouro Bizkaiko parkeko zuzendaria batzorde horretan izango dira.

2012.urteko bigarren batzar orokorra egin du APTEk “Leganes Tecnologico” zientzia parkean. Parkeetako 50 inguru ordezkari bildu dituen ekitaldiak hiru berritasun izan ditu: alde batetik Zuzendaritza Batzorde berriaren aukeraketa, Unibertsitate Errektoreen Konfederazioarekin lankidetza hitzarmenaren sinadura eta parkeen urteroko estatistiken aurkezpena.

2011.urtean parkeek izan zituzten emaitzen inguruan, azpimarratzekoa da APTEko parkeetan kokatutako enpresa kopuruak %8,9 egin zuela gora, honenbestez 6.000 baino gehiago dira. Hauetako 244 atzerriko kapitala duten enpresak dira eta 931 inkubazio prozesuan dauden 3 urtetik beherako konpainiak. Era berean, iaz 844 enpresa berri sortu eta kokatu ziren APTEko kide diren parkeetan.

Fakturazioak ere gora egin du aurreko urtekoarekin parekatuz, %8,2 hain zuzen ere, 23.254 milioi euroko kopurura iritsiz. Estatuko parkeetako enpresen fakturazioak, BPG espainiarraren %2 suposatzen du.

Enpleguari dagokionez, 154.187 pertsonatan kokatzen da, aurreko urtean baino %6 gehiago. Zientzia eta teknologia parkeetako langileen %18,4k I+G jardunak egiten ditu, guztira 28.384, estatuko I+G enplegu osoaren %13a.

Inbertsioaren esparruan, 2011.urtean parkeek 1.200 milioi euro inbertitu zituzten ikerketa eta garapen arloan, estatuan I+Gra zuzentzen den inbertsio osoaren %9a.

Informazio eta Komunikazio teknologiak eta injiniaritza eta aholkularitza dira zientzia eta teknologia parkeetako sektorerik indartsuenak, %23 eta %14 hurrenez hurren. Hirugarren tokian dago Medikuntza eta Osasuna, %6arekin.

APTE-CRUE Lankidetza Hitzarmena
APTEren Batzar Orokorraren baitan, erakundeko presidente Felipe Romerak eta Unibertsitate Errektoreen Konfederazioko presidente Adelaida de la Callek lankidetza hitzarmena sinatu dute, bi erakundeen arteko lankidetzarako esparrua finatzeko xedez. Unibertsitate eta zientzia eta teknologia parkeen arteko harremanak estutu eta indartzea da hitzarmenaren asmo nagusia.

APTEren Zuzendaritza Batzorde berria
APTEren Batzar Orokorrak bere zuzendaritza batzordeko kide berriak ere aukeratu ditu; hurrengo bi urteetan jarduera egitarau bat aurrera eramatea izango da beraien betebeharra honako bost helburu estrategiko hauek kontutan hartuz: zientzia eta teknologia parkeak indartu eta garatzea, parkeetako enpresentzako finantzazio bide berriak sustatzea, parkeen eta enpresen nazioartekotze eta lehiakortasuna sustatzea, enpresen I+G inbertsioa eta teknologiaren transferentzia handitzea eta Elkarteko kideek zerbitzu berriak eskaintzea.

Zuzendaritza Batzorde horretan daude Francisco Berjón, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea, APTEko presidente-orde lehenaren karguan, eta Txaber Ouro, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko zuzendaria, APTEko Gobernantza Batzordearen arduradun karguan.

  • Iturria: APTE
  • Data: 2012/05/08

Partekatu

Beste berri batzuk