Etorkizuneko industriaren erronkak eztabaidan Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean

Albisteak, Gipuzkoa

Etorkizuneko industriaren zerbitzura egongo den biltzarra: Donostiak, 2019ko urriaren 23tik 25era, Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina erremintaren Kongresuaren XXII. edizioa hartuko du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean

Ingurune asoziatiboaren eta akademikoaren arteko lankidetzatik sortu zen, eta gaur egun erreferentziako biltzarra bihurtu da fabrikazio aurreratuko enpresentzat eta haien erabiltzaileentzat. Paraleloan egiten diren saioen bidez, kongresu zientifiko-teknikoa eta kongresu informatiboa garatzen dira. Saioek industria-enpresen egungo egoera osatzen duten gaietan sakontzen dute: elektromugikortasuna eta automobilgintzaren sektoreko erronkak; erakunde produktiboen digitalizazio prozesua, fabrikazio gehigarriak irekitzen dituen aukerak, talentua atxikitzeko politika eraginkorren garapena edo industria-ingurunean oinarri teknologikoa duten enpresen sorkuntza.

Aipatutakoaz gain, programaren barruan Aerotrends kongresua antolatu da, erakusketa leku interesgarri bat eratu da eta sektoreko profesionalen arteko B2B topaketak prestatu dira, lankidetza sustatzeko eta merkataritza hitzarmenak sortzearen alde egiteko.

Hasiera eta amaiera

Ordezkaritza instituzional handi batek kongresuaren irekiera eta itxiera ekitaldietan parte hartuko du, berrikuntza industriala ardatz duen kongresuarekin duten konpromisoaren isla. Aurten, Iñigo Urkullu lehendakariak burutuko du inaugurazio ekitaldia, eta bertan Francisco José Riberas Gestamp-eko zuzendariak ere parte hartuko du. Riberasek kongresua irekiko du automobilgintzaren etorkizunari eta erronkei eskainitako inaugurazio saio batekin.

Ohikoa den bezala, urriaren 25ean ospatuko den kongresuaren amaiera ekitaldian, bost sari emango dira: bata, enpresa batek aurkeztutako lan onenari, bigarrena, komunitate zientifikoteknikoak aurkeztutako komunikazio onenari, hirugarrena, eskola tekniko batek aurkeztutako gradu amaierako lan hoberenari, laugarrena, euskaraz aurkeztutako aurkezpen onenari, eta azkenik, lehenengo aldiz, kongresuan aurkeztutako poster hoberenari saria eskainiko zaio.

Digitalizazioa Fabrikazio Aurreratuan

Talde horretan, hainbat adituk fabrikazio aurreratuaren digitalizazioaren egungo joerak markatzen dituzten gaiak jorratuko dituzte, hala nola, adimen artifiziala, “Digital Twin”, “Deep Learning”, eta abar. Hizlarien artean, Andreas Gross, Berger Gruppeko bazkide zuzendari nagusia, Thomas Hahn, Siemens AG enpresako software aditua eta Stefan Scheifele, ISG Virtuous enpresako langilea.

Fabrikazio Gehigarria

Enpresentzako erronka handia da fabrikazio gehigarrien teknologia berriak fabrikazio teknologia aurreratuekin uztartzea. Saio honetako gonbidatuek beren erakundeetan prozesatzeko teknika berri hauek ezartzeko bidea nolakoa izan den eta 3D inprimatzeak eskaintzen dizkigun erronkak eta aukerak azalduko dituzte. Gonbidatuen artean, besteak beste, Phil Dickens, Nottingham-eko Unibertsitateko irakaslea, Paolo Gennaro, GF Precicast Additive-eko zuzendaria, Vladimir Novrotsky, Siemens Power Generation Service-ko (CTO) Teknologiako zuzendaria edo David Sánchez, Gonvarriko Berrikuntza zuzendaria ditugu.

Talentuaren erakarpena eta kudeaketa

Erakundeek talentua atxikitzeko estrategia eraginkorrak garatu behar dituzte eta horiek ekartzen dituzten erronkak eztabaidatzeko, sei aditu elkartuko ditugu mahai-inguru batean. Parte-hartzaileen artean daude Camilla Hillier-Fry, PeopleMatters-eko kidea eta mahaiburua, Carmen Pinto, Nicolás Correako zuzendari nagusia eta Nerea Aranguren, Idekoko zuzendaria eta Danobatgroup-eko Berrikuntza zuzendaria.

Elektromugikortasuna

Automozioaren sektorean, ibilgailuen elektrifikazioak ondorio oso garrantzitsuak izango ditu ibilgailu elektrikoen eta autonomoen osagaien ekipamendu eta fabrikazio estrategietan. Arlo honetan, Francisco José Riberasekin batera, José Manuel Cubert, GKNko Ingeniaritzako zuzendaria, Jorge Posada, Vicomtecheko zuzendariordea eta Marisa Miedes, Valeoko langilea, izango ditugu. Gonbidatuek elektromugikortasunak etorkizunean ekarriko dituen erronkak eta fabrikazioan izango duen eragina azalduko digute.

Aerotrends

Sektore aeronautikoa makina-erremintaren eta fabrikazio-teknologia aurreratuenen erabiltzailea da, eta beren fabrikazio joerek zuzenean eragiten diete sektoreko enpresei. Hori dela eta, oraingo honetan, eta Hegan-ekin dugun lankidetza estuaren barruan, Aerotrends,

Aerospace Business Meetings & New Tendencies jardunaldiaren edizio berria ospatuko dugu. Heganeko zuzendari den Ana Villate izango da panelaren mahaiburu, eta berarekin batera, sektoreko adituek albisteak eta sektore aeronautikoaren etorkizuna azalduko eta eztabaidatuko dituzte.

Startupak garatzea eta abiaraztea

Mathieu Carenzok, IESEko irakasleak, enpresen eta startupen arteko lankidetzarako gakoak aurkeztuko ditu, eta ondoren industriarekin lotutako oinarri teknologikoa duten enpresak abiaraztea lortu dutenen testigantzak ezagutuko ditugu. Zehazki, saio honetan parte hartuko dutenak, sortu berri dugun UPTEK elkarteko konpainiak izango dira: Oretek, Savvy, Nuavis eta Innovae.

Kongresuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta SPRI Taldearen laguntza izan du.

Partekatu

Beste berri batzuk