Eurest Euskadik eta AZTIk elikagai berriak ikertuko eta garatuko dituzte
- Elkarlanean arituko dira kalitate goreneko eta elikadura-balio handiko produktuak diseinatzen
AZTIk —elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoa— eta Eurest Euskadik —talde handietarako otordu-enpresa eta Compass Groupeko kidea— lankidetza-hitzarmen estrategiko bat sinatu dute nutrizioaren ikuspegitik hobetuta dauden eta tokiko produktuaren erabilera aktiboagoa sustatzen duten elikagai-produktu osasungarri berriak ikertzeko eta garatzeko.
Hitzarmenaren xedea da bi erakundeen lankidetza-ildoa indartzea eta elkarrekin egiten duten lana beste proposamen batzuetara hedatzea: nutrizioaren ikuspegitik hobetuta dauden azkenburukoak, saltsak, kremak eta zopak. Elikagai-premia bereziak dituzten taldeentzat dira produktu horietako asko; adibidez, hirugarren adineko pertsonentzat eta haurrentzat. Adinekoen etxeko sektoreari dagokionez, asmoa da menu osasungarriagoak diseinuan aurrera egitea; esaterako, produktuetan azukrea eta gantz aseak murriztea eta/edo ordezkatzea eta mineralak naturalki ematea.
Hitzarmena gaur sinatu dute, AZTIn (Bizkaiko Zientzia eta Teknologikoa Parkea ), eta han izan da Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea. Rogelio Pozo zentro teknologikoko zuzendari nagusiak eta Lourdes Alonso Aramburu Eurest Euskadiko lehendakariak izenpetu dute hitzarmena.
Hitzarmenak hiru urte iraungo du, eta helburu hau du: profesionalki elkarlanean aritzea elikagai-produktu berriak ikertzen eta garatzen, eta prozesu eraginkorrago eta jasangarriagoak garatzeari lotutako bestelako ikerketa batzuk egitea. Hitzarmen honen ondorioz lortzen diren produktuak Eurest Euskadik erabiliko ditu, modu esklusiboan, estatu mailan.
Hitzarmeneko ikerketa eta garapenak ardatz hauek izango ditu ildo estrategiko gisa: eskolako segmenturako sukaldaritza-teknika berriak, aurrez prestatutako jaki osasungarriak, elikagaien kontserbazioa, desizozte-denboren murrizketa, kozinatze-lermen azterketa eta zerbitzu-errazioen ezarpena.
Hitzarmenaren bidez, Eurest Euskadik eta AZTIk beren gaitasunak eta esperientziak bateratuko dituzte, eta elkarrekin jardungo dute kalitate eta balio handiko produktu berriak diseinatzen. Bi erakundeek ezagutzak eta baliabide teknikoak partekatuko dituzte, elikadura-produktu berriak ikertzeko eta lortzeko.
AZTIk eta Eurest Euskadik 2014an ekin zioten lankidetzari produktu-lerroak diseinatuz; besteak beste, “Cremosín”, zeina “E@t 105: Kaiona” jatetxean aurkeztu baitzuten; Eurest Euskadik Parke Teknologikoan kudeatzen duen jatetxeetako bat da.
Hitzarmena sinatu ondoren, zentro teknologikoak sukaldaritza-produktu eta -teknika osasungarrienekin garatutako hainbat produktu berritzaile erakutsi dituzte AZTIk eta Eurest Euskadik. Publiko kalteberarentzat dira produktu horiek, hala nola eskola-umeentzat, hirugarren adinekoentzat eta ospitalean daudenentzat.
Hitzarmenean sartzen diren jarduerak bat datoz Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuekin eta RIS3 espezializazio-estrategiarekin, osasunaren ardatzari dagokionez. Azken xedeak dira enpresaren modernizazioa eta berritzeko eta sortzeko ahalmena indartzea eta balio erantsi handiagoko ekoizpenak sustatzea, balio handiagokoa izan dezaketen merkatuetara sartzeko ikerketaren eta teknologien aplikazioaren bidez.
AZTIri eta Eurest Euskadiri buruz
AZTI zentro teknologikoa itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 230 lagunetik gorako aditu-talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok balio dezaten, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa-ekimenak sortzeko eta natura-baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko.
Ikerketa estrategikoa eta aplikatua egiten du nazioartean, Tecnalia Korporazioarekin aliantzan, bezeroei soluzio integral eta berritzaileak emateko. Zientzia gaur egungo eta etorkizuneko gizartearentzako balio eta aberastasun bilakatzea da AZTIren nortasun-adierazgarria.
Eurest Euskadi, berriz, erreferentzia-enpresa da EAEn, talde handietarako otordu-enpresen sektorean, eta Compass Group taldeko kidea da. 11.000 langile baino gehiago ditu Compass Spainek, eta marka komertzial hauen bidez lan egiten du: Scolarest, Medirest, Eurest, Vitarest, Eurest Services, Vilaplana Catering eta GOW. EAEn, Eurest Euskadi enpresak bezero hauek ditu, besteak beste: Osakidetzaren sareko ospitale nagusiak, ikastetxe publiko eta pribatu nagusiak, eta enpresa handiak, hala nola Petronor, Vicrila eta, duela gutxi, Zamudioko Parke Teknologikoko sukaldaritza-arloa.
Enpresak sukalde nagusi handi bat du Derion, eta hurbileko erosketei ematen die lehentasuna EAEn; arreta berezia ematen die tokiko hornitzaileei eta ekoizleei eta sasoiko produktuei.