Europa baterien garapenaren buruan kokatuko duen ekimenean sartu da CIDETEC euskal zentro teknologikoa
Battery 2030+ da Europan baterien iraultza bultzatuko duen ikerketa-ekimen berria
Europako ikerketa-proiektu hori eskala handikoa eta epe luzerakoa da
CIDETECekin batera, Europako bederatzi herrialdetako 16 bazkidek parte hartuko dute
Battery 2030+ ikerketa-ekimenak Europako zientzialari nagusiak bilduko ditu, baita industria garrantzitsuenak ere, baterien zientzian eta teknologian aurrerapen handia lortzeko. Lehenengo Battery 2030+ proiektua 2019ko martxoan jarriko da martxan, eta etorkizuneko bateria-teknologiei buruzko eskala handiko ikerketa-ekimen honen oinarriak finkatuko ditu.
Erregai fosiletatik energia berriztagarrietara igarotzen den mundu bat energia-biltegiratzearen mende egongo da gero eta gehiago, eta, bereziki, baterien mende. Bateria berriek garraio-sektoreko karbono-aztarna murriztuko dute, sare elektrikoa egonkortuko dute eta ekonomiaren eta ingurumenaren alorreko beste abantaila batzuk ekarriko dituzte.
Bateriei buruzko Ekintza Estrategikoko Planean (2018ko maiatzean argitaratu zen), Europako bateria-industriaren ekosistema babesteko beharra nabarmendu zuen Europako Batzordeak, eta etorkizuneko baterien teknologiei buruzko epe luzeko ikerketa-ekimen bat sustatu zuen horretarako. Europako sistema energetikoa errotik deskarbonizatzeko funtsezko teknologietako bat izango dira bateriak, batez ere, garraioaren sektoreari (mugikortasun elektrikoa) eta energia elektrikoaren sektoreari dagokienez (aldizkako energia-iturri berriztagarriak biltegiratzea). Etorkizun hurbilean bateria-belaunaldi berriak beharko ditugu: errendimendu ultra handikoak, fidagarriak, seguruak, iraunkorrak eta zentzuzko prezioan. Bateria-teknologiak garatzeko lehia handia dago jada, baina oso irekia da oraindik.
Battery 2030+ proiektuak, gaur egun, Europako bederatzi herrialdetako 17 kide ditu, eta Laguntza eta Koordinazio Ekintzako dirulaguntza bat jasotzeko hautatu dute Horizon 2020 programaren esparruan. Urtebetez (2019ko martxotik aurrera), eskala handiko eta epe luzeko Europako ikerketa-proiektu baterako oinarriak finkatuko ditu Battery 2030+ ekimenak. Battery 2030+en ikuspegia etorkizuneko bateriak garatzea da, Europako industriari abangoardiako teknologiak emateko. Proiektuaren koordinatzailea Kristina Edström da, Suediako Uppsalako Unibertsitateko Kimika Ezorganikoko irakaslea. “Errendimendu ultra handiko bateriak fabrikatzeko erronkei helduko diegu”, adierazi du Kristina Edströmek. “Horrek esan nahi du azelerazio-plataforma bat ezarri behar dela, ikaskuntza automatikoaren eta adimen artifizialaren bidez bateria-material berriak aurkitzeko, eta arreta berezia jarri behar zaiela baterien interfazeei, bizitza baliagarrirako kaltegarriak izan daitezkeen erreakzioak sortzen baitira hor. Bateriaren mailara arteko funtzionaltasun adimendunak diseinatuko ditugu, eta arreta berezia jarriko dugu iraunkortasun-arazoei aurre egiteko”.
Bestalde, Oscar Miguelek, CIDETEC Energy Storageren zuzendariak, honako hau adierazi du: “CIDETECen, ekimen mota honekin asmatu egin dela uste dugu. Abangoardiako zientziaren aldeko apustu irmo eta ausarta eginez soilik lortuko dugu hurrengo baterien belaunaldia garatzea, iraunkortasunaren aldeko apustua eginez eta mundu-mailan Europako teknologia-lidergoa sendotuz.”
Battery 2030+ partzuergoak barnean hartzen ditu bost unibertsitate (Uppsala Unibertsitatea, Torino Politeknikoa, Danimarkako Unibertsitate Teknikoa, Vrije Universiteit Brussel eta Münster Unibertsitatea), zortzi ikerketa-zentro (Energia Alternatiboen eta Energia Atomikoaren Frantziako Batzordea, Teknologiako Karlsruhe Institutua, Ikerketa Zientifikorako Frantziako Zentro Nazionala, Forschungszentrum Jülich, Fraunhofer-Gesellschaft, CIDETEC Energy Storage, Esloveniako Kimika Institutu Nazionala eta SINTEF AS) eta industriak aurrera eramandako hiru elkarte (EMIRI, EASE eta RECHARGE)