Europan erreferentziazkoa den prototipatze- eta saiakuntza-gela inauguratu du EnergiGUNEk

Araba

Inaugurazio-ekitaldian izan dira Pilar García de Salazar diputatu nagusiordea, Javier Zarraonandia Industria sailburuordea, Itziar Gonzalo alkateordea, eta Aitor Oregi CIC energiGUNEko lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria

CIC energiGUNE 2CIC energiGUNEk biltegiratze termikorako saiakuntza- eta prototipatze-gela berria inauguratu du gaur Arabako Teknologia Parkeko bere instalazioetan. Nazioartean erreferentziako azpiegitura da, material eta osagaiekin tenperatura altuan probak egiteko aukera ematen baitu, giro kontrolatuan eta orotariko fluidoak erabiliz.

Testatzeko instalazio horren bidez, energia biltegiratzeko Europako hegoaldeko laborategirik onena dela berretsi du Arabako zentroak, eta probintzia hori Euskadin energia biltegiratzeko erreferentziako polo bihurtu.

Pilar García de Salazar diputatu nagusiordeak, Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak, Itziar Gonzalo alkateordeak eta Aitor Oregi CIC energiGUNEko lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak gaur bertan inauguratu duten gela hori CIC energiGUNE ikerketa-gunearen emaitzak eta Euskadiko industria lotzen dituen katebegia da. Izan ere, ikerketaren emaitzak hezurmamitzeko eta eskala esanguratsuan materialen portaera egiaztatzeko aukera ematen duenez, ikerketaren emaitzak industrian errazago txertatzeko bidea ematen du.

«Euskadiko industriaren balio-katea indartzea da gure helburua eta, ildo horretan, baliabiderik aurreratuenak eta munduan punta-puntakoa den zientzialari-taldea jartzen ditugu geure enpresen zerbitzuan», adierazi du Nuria Gisbertek, zentroko zuzendariak.

Gela berriari esker, CIC energiGUNEk gaur egun ikerketa-proiektuetan duen partaidetza handitzeko eta munduko beste leku batzuetan sortzen den ezagutza transferitzeko aukera sortuko da.

119 m2-ko gela da, gestio automatizatuko eta etengabe monitorizatutako bi lazo termiko dituena. Lazo bat airezkoa da eta bestea oliozkoa, eta bien artean 400ºC-tik 800ºC-rainoko fluidoak erabil ditzakete emari-aukera zabalean. CICeko saiakuntza-taldeak kontrolatuko du gela. Lazoen helburua hauxe da: goi-tenperaturako osagaiak eta biltegiratze termikorako sistemak testatzea, ondoren industria-prozesuetan edo energia berriztagarrietan erabiltzeko.

CIC energiGUNE erreferentziako ikerketa kooperatiboko zentroa da Europan energia-biltegiratzearen esparruan. Zentroa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpe dago —Espezializazio adimendunerako Euskadi RIS3 eta Energibasque estrategiekin lerrokatuta dago— eta Arabako Foru Aldundiaren eta Euskadiko energia-sektoreko enpresa handienen (Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens Gamesa, Petronor, Nortegas Energía, Ormazabal, Idom, Iberdrola, Solarpack eta Mondragon Korporazioa) nahiz teknologia-korporazio nagusien (Tecnalia eta IK4) babesa du.

CIC energiGUNEren ikerketak biltegiratzeko aplikazioetara bideratutako materialetan eta sistemetan jartzen du arreta, eta esparru horretako ezagutza sortzea eta ondoren EAEko enpresetara transferitzea da bere helburuetako bat. Ildo horretan, ikerketa-ildo gehienak Europako erreferentziako zentroen TOP5ean kokatzen dira.

 

Partekatu

Beste berri batzuk