Europar Batzordearen Gizarte Berrikuntza lehiaketa Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera iritsiko da martxoaren 4ean

Bizkaia

Basque Social InnovationEuropar Batzordeko Enpresa eta Industria Zuzendaritza Nagusiak, European Social Innovation Competition delakoaren bigarren edizioa antolatu du, giza-ekintzailetza proposamen berritzaileen bidez, enplegua sortzeko irtenbiderik onenak bilatzen dituen lehiaketa, Batasun Europarrean 27 milioi langabetu dauden momentuan. Lehiaketa honen bigarren fasea martxoaren 3, 4 eta 5ean egingo da; 3 eta 5ean Bilboko Bizkaia Aretoan eta 4ean berriz, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Europar Batasun Osotik aurkeztu diren 1.254 proiektuetatik 30 hautatu dira bigarren fase honetan parte hartzeko. Proiektuak mentoreek emandako mentoring-saioen bidez aberastuko dira; mentore batzuk bertakoak dira eta beste batzuk nazioartetik, gizarte-berrikuntzarekin lotutako erakundeetatik etorriak, adibidez, Nesta, the Young Foundation edo Euclid Network.

“Social Innovation Academy” deituriko etapa honetan, proiektuek benetako inpakturako gaitasuna frogatu behar dute lan mota berriak sortzeko orduan. Epaimahaiak proposamenen berrikuntza-maila, beraien inpaktu-ahalmena, eta iraunkortasuna eta eskalagarritasuna balioetsiko ditu. Horietako 10 hurrengo fasera igaroko dira, baina 3k bakarrik jasoko dituzte 30.000 euro bakoitzak, Bruselan egingo den sari banaketa ekitaldian.

Europar Batzordeak Bilbo aukeratu du, Brusela, Londres eta Milan-ekin batera, European Social Innovation Competition lehiaketaren bigarren fasea hartzeko, Euskadin badelako gizarte-berrikuntzan erreferentziazko ekosistema bat, baita Basque Social Innovation (BSI) ere, gizarte, enpresa, hezkuntza eta administrazioko 23 erakundek osatzen duten plataforma, Innobasquek bultzatuta eta Agirre Lehendakaria Centerren idazkaritza teknikoa duena.

Partekatu

Beste berri batzuk