Euskadik Bilbon ostatatuko du martxoaren 10etik 13ra Imaginenano 2015 Azoka, nanozientzien eta nanoteknologien sektoreko Europako ekitaldi handienetakoa
- EAEko parte-hartzaileak SPRI-nanoBasque pabilioian batuko dira, non eskaintza zientifiko-teknologikoko eragileek eta euskal enpresek 175 m²ko erakusketa-espazio bat izango baitute nanozientzien eta mikro eta nanoteknologien esparruko garapenak azaltzeko.
- NanoBasquek industri arloko hiru saio antolatuko ditu Industria Foroan. Aurtengo edizioan Industria Foroa bereziki diseinaturik dago informazio-gune izan dadin enpresa parte-hartzaile eta bisitarientzat, hala aukera izango baitute nanoteknologiak beren negozioetan izan ditzakeen aplikazioei buruz informatzeko. Izen-emateak: http://www.spri.eus/es/listado-de-eventos?type=2
- Euskadi erreferentziazko gune bihurtu da ezagutzan eta teknologian intentsiboak diren ekimenetan; horren erakusgarri da Euskadin antolatuko dela Imaginenano azoka eta Euskadin egingo dela baita ere BioSpain 2016 ekitaldia
Ikusirik nolako arrakasta izan zuten 2011 eta 2013ko edizioek, aurten ere Euskadi izango da Imaginenano 2015 azokaren egoitza. Bilbao Exhibition Centre-ek (BEC) nanozientzien eta nanoteknologien arloko Europako ekitaldi handienetako bat ostatuko du Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Martxoaren 10etik 13ra izango da eta 1.000 bisitari baino gehiago espero dira.
Hirugarrenez hautatu da Euskadi topaketa honen egoitza izan dadin, horrek argi erakusten duelarik gure eskualdea oso dinamikoa dela arlo horietan. Argi dago baita ere Eusko Jaurlaritzak eginiko apustu estrategikoaren emaitza dela, zeinak ahalegin handia egin baitu Euskadi nanozientzien eta nanoteknologien mapa globalean kokatzeko. Apustu hori 2008an hasi zen nanoBasque Estrategia definitu zenean, zeinaren helburua baita enpresen garapena sustatzea mikro eta nanoteknologiak txertatuz Euskadiko sektore industrial guztietan.
Euskadik berriro ostatatuko du nazioarteko ekimen garrantzitsu hori, hainbat helbururekin: negozio aukerak eskaintzea, lankidetza merkatuak irekitzea eta ezagutzak transferitzea ikerketa-komunitateen eta sektore industrial anitzetako enpresen artean. Izan ere, mikro eta nanoteknologiak teknologia bideratzaile gisa identifikatu dira espezializazio adimenduneko Euskadi RIS3 estrategian, eta 200dik gora euskal enpresak dagoeneko integratu dituzte teknologia horiek –batzuek beste batzuk baino gehiago- beren produktu/prozesuetan.
Erakundeen aldetik, nanoBasque Agentzia (SPRI) izango da euskal parte-hartzaileak koordinatuko dituena. Antolatzaileen artean daude baita ere Phantoms Fundazioa, Europako bikaintasuna eta nanozientziaren eta nanoteknologiaren hobekuntza sustatzen duen irabazi asmorik gabeko organismoa, CIC nanoGUNE, DIPC, CFM, Euskampus eta BEC-Bilbao Exhibition Centre.
Euskadi, Biospain 2016ren egoitza
Duela lau urte bezala, datorren urtean ere Euskadik ostatatuko du Biospain 2106, Espainiako bioteknologia arloko azoka garrantzitsuena. Euskadiko biozientzien sektoreak erakusleiho paregabea izango du marko horretan bere kredentzialak erakusteko, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ere parte hartuko du SPRIko BioBasque Agentziaren bitartez.
2012an Bilbon egin zen Biospain azoka; harako hartan 762 enpresa erakusle eta 25 herrialdetako 1.850 ordezkari etorri ziren eta 2.800 lan-bilera inguru egin ziren. Euskadin 70 konpainiak baino gehiagok lan egiten dute bio-teknologiaren sektorean eta ikerketan jarduten duten hogei bat erakunde daude: unibertsitateak, ikerketa zentroak, teknologi zentroak eta ospitaleak. Euskal ekonomian gero eta garrantzi handiagoa duen sektore honek 26.500 lagun inguru enplegatzen ditu eta 300 milioi euroko fakturazioa izaten du urtean.
Imaginenano, Bost hitzaldi zientifiko
Edizio honen helburu nagusia da interesak batzea esparru zientifikoan eta industrialean. Alderdi zientifikoari dagokionez, nazioarteko sei hitzaldi eskainiko dira Imaginenano-n, eta euskal presentzia nabarmena izango da hitzaldi horietan, Euskadin garatutako ikerketa zientifiko-teknologikoko proiektu garrantzitsuek parte hartuko baitute.
NanoBasque Agentziak koordinatutako 175 m²ko pabilioiak kokaleku estrategikoa eskainiko die nanozientzien eta mikro eta nanoteknologien esparruetan lan egiten duten euskal enpresa eta eragileei; pabilioi horretan aukera izango dute beren eskaintza erakusteko eta eduki teknologiko handiko merkatuetara zuzendutako beren proiektu berritzaileak ezagutarazteko.
7 euskal enpresa eta Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroak (CIC nanogune, CIC microgune, CIC biomagune, CIC energigune, Tecnalia, IK4, DIPC eta CFM) elkartuko dira espazio horretan beren produktu eta teknologiak erakusteko.
Graphenea enpresak goi-mailako kalitateko grafeno tipologiak erakutsiko ditu, Nokia, Philips, Nissan eta Canon bezalako enpresei eta 40tik gora herrialdetako multinazional handiei saltzen dizkienak. C-technano-k eta Simune-k, CIC nanoGUNE zentroko spin off-ek, estalki nanoteknologikoen arloko konponbideak eta simulazio atomikoko zerbitzuak eskainiko dituzte. Praxis Pharmaceutical enpresak intzidentzia baxuko adierazle umezurtzen tratamenduan espezializatutako produktu farmazeutikoak garatzen, fabrikatzen (hirugarrenentzat) eta merkaturatzen ditu, eta nano-farmakoen eremuan egin dituen azken garapenak aurkeztuko ditu. Sensia-k grafenozko lehenengo biosentsoreak aurkeztuko ditu, zeintzuen bidez muturreko sentsibilitateak lortzen baitira SPR delakoen merkatuan. Sensia euskal enpresak SPRn (gainazaleko plasmoien erresonantzia) oinarritutako Instrumentazio Analitikoa egiten du bizitza zientziekin eta ingurumen neurketekin lan egiten duten laborategientzat eta lider teknologikoa da arlo horretan.
Sisteplant-ek, ingeniaritza industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresak, bere jarduera eta zerbitzuak aurkeztuko dizkie produkzio prozesuetan nanomaterialak erabiltzen dituzten enpresei eta, azkenik, denetan berrienak, Nanoinmag izenekoak, hemendik gutxira ekoitziko dituen nanopartikula inorganiko, polimeriko eta magnetikoak aurkeztuko ditu, zeintzuk hainbat sektore industrialetan erabili ahal izango baitira, hala nola automozioan, energian, makina-erremintan, eraikuntzan, e.a.
Industria Foroa
Industria arloan, NanoBasquek industri arloko hiru saio antolatuko ditu Industria Foroan. Aurtengo edizioan Industria Foroa bereziki diseinaturik dago informazio-gune izan dadin enpresa parte-hartzaile eta bisitarientzat, hala aukera izango baitute nanoteknologiak beren negozioetan izan ditzakeen aplikazioei buruz informatzeko. Foro horretako parte-hartzaileek aukera izango dute teknologia berritzaileenak aurkezteko, ezagutza eta know-how-a trukatzeko, balizko bazkideekin harremanetan jartzeko eta nazioarteko kolaboratzaileak bilatzeko I+G-ko proiektu estrategikoetarako.
Aldi berean, European Enterprise Network (teknologi arloko eta I+G+B-ko Europako programetarako laguntza ematen die ETEei) sare europarrarekin batera Brokerage Event ekitaldia antolatuko da, garatzaile teknologikoak eta horien erabiltzaileak elkartzeko eta lankidetza teknikoa sustatzeko. Ekitaldi horrek osatuko ditu Industria Foroko saioak, martxoaren 12an egingo direnak goizez eta arratsaldez.
Enpresa Topaketa hauen helburua da enpresei eta bereziki ETE, startup, ikerketa zentro eta unibertsitateei aukera ematea nazioarteko lankidetzarako bazkideak aurkitzeko, merkataritza-akordioak, jointventure hitzarmenak, azpi-kontratazioak edo transferentzia teknologikoko ekintzak egiteko eta I+G-ko proiektuetan kolaboratzeko. Topaketetan bilera bilateralak egingo dira, parte-hartzaileek aukera izan dezaten lankidetzan jarduteko mikro- eta nano-teknologiak sektore industrial desberdinetan garatzen eta aplikatzen dituzten nazioarteko enpresa berritzaileenekin.
Bilerak formalizatzeko izen-emateak martxoaren 8a baino lehen egin behar dira http://www.b2match.eu/imaginano2015 atarian.
2013an 43 herrialdetako 1200 parte-hartzaile etorri ziren, 60 stand eta 160tik gora enpresa eta erakunde guztira.
2015eko IMAGINENANO INDUSTRIA FOROAREN PROGRAMA
Nanozelulosa eta paperaren industria (martxoak 10, asteartea, arratsaldeko saioa)
Saio honetan nanozelulosak paperaren industrian eskaintzen dituen aukerak aurkeztuko dira eta gaur egun nazioartean lantzen ari diren aplikazio itxaropentsuenak ezagutaraziko da. Paperaren Klusterrak, Tecnaliak eta nazioarteko beste eragile/enpresa batzuek ere parte hartuko dute saio horretan.
Nanosafety & EHS Advance (martxoak 11, asteazkena, goizeko saioa)
Nanomaterialak erabili nahi badira produktu eta sektore industrialetan, lehenik eta behin, behar bezala eta erabateko segurtasunez manipulatu behar dira nanomaterial horiek. Saio honetan aurkeztuko dira hainbat industriak esparru honetan dituzten premiak. EHS Advance ekimenak, euskal industriari laguntzen dionak Ingurumen, Osasun eta Segurtasun arloetan nanoteknologia modu seguruan sartzen, gida okupazionala eta ingurumen gida aurkeztuko ditu.
NanoBasque-SPRI Agentziak eta industri arloko hainbat enpresak (Megatech, Graphenea eta Inkoa) parte hartuko dute saioan, eta baita ere IK4, Tecnalia eta EHS-ko eta AENOReko hainbat kidek.
Nanoteknologia eta Osasuna (martxoak 12, ostirala, goizeko saioa)
Nanomedikuntzak aplikazio potentzial asko ditu, eta batzuk dagoeneko merkatuan daude. Aukera horretaz ongi jabeturik, Euskadik hainbat urte daramatza esparru horietan ikertzen, eta hainbat garapen berri aurkeztuko dira saio honetan.
SPRIk ez eze, ekitaldian parte hartuko dute baita ere hainbat euskal enpresak (hala nola Midatech Biogune, Praxis Pharmaceutical eta SENISAk) eta arlo horretan diharduten euskal eskaintza zientifiko-teknologikoko eragile zenbaitek.