Euskadik Brasilera esportatu du sare elektriko adimendunari buruz duen ezagutza

Gipuzkoa

–       Industria Saila, SPRI, EEE eta Iberdrola, Arteche eta Ingeteam enpresak Parana Estatura joan dira, hango itsasertzean sare elektriko adimenduneko proiektu pilotu bat garatzeko Smart Energy programaren barruan.

 

–       Eusko Jaurlaritzak teknologi parkeen kudeaketan eta sare elektriko adimendunen (smart grids) garapenean lortu duen ospeak Brasileko Paranako Estatuko ordezkarien interesa piztu zuen joan den maiatzean.

Industria, Berrikuntza eta Turismo Sailak eta Iberdrola, Arteche eta Ingeteam enpresek Brasil bisitatu zuten iragan astean, sare elektriko adimenduneko proiektu pilotu bat esportatu nahi dutelako Parana eskualdeko itsasertzera. Brasilen izan dira baita ere SPRIren -enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoa- eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) ordezkariak.

Eusko Jaurlaritzak teknologi parkeen kudeaketan eta sare elektriko adimendunen (smart grids) garapenean lortu duen ospeak Brasileko Parana Estatuko ordezkarien interesa piztu zuen joan den maiatzean. Horrela beraz, Euskadik bere “egiten jakitea” esportatuko du Latinoamerikako herrialde guztiak biltzen dituen Mercosur-eko (Mercado Común del Sur) eskualde estrategiko horretara. Parana Brasileko elektrizitate sorkuntzan eta garapen teknologikoan potentzial handiena duen zonaldeetako bat da.

,Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde Juan Goicolea buru izan duen bisita honen xedea da aurrera egitea Paranako itsasertzean garatuko den sare elektriko adimenduneko proiektu pilotuaren lankidetza hitzarmenean, zeina Smart Energy Programaren barruan egingo baita sektoreko euskal enpresen parte-hartzearekin.

Izan ere, iragan maiatzean lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRIren bidez, eta Paranako (Brasil) Gobernuko Zientzia eta Teknologia Idazkaritzak, Paranako Teknologia  Institutuaren (TECPAR) bitartez.

Euskal ordezkariak programako tokiko agente garrantzitsuenekin elkartu dira: Paranako Gobernuko Zientzia eta Teknologiako Idazkaritza (TECPAR), LACTEC Teknologi Zentroa, Paranako Konpainia Elektrikoa (COPEL), Paranako Batzar Legegileko Presidentzia (ITAIPU Binacional),  Paranako Industrien Federazioa (FIEP), Paranako Unibertsitate Federala  (UFPR Litoral) eta Curitibako Ikerkuntzako eta Hiri Planifikazioko Institutua (IPPUC).

Paranako Estatuko gobernadoreordeak harrera egin zion euskal ordezkaritzari eta adierazi zuen bere gobernua konprometiturik dagoela proiektuarekin. Bisitaldia bukatzeko, lan-talde bat osatu da eta informazio teknikoak nahiz bestelakoak elkar trukatzeko konpromisoa hartu da, Paranako gobernuari bideragarritasun ikerketarako proposamen bat helarazteko eta proposamen horrekin proiektuari hasiera emateko.

Partekatu

Beste berri batzuk