Euskadiko Berrikuntzaren atariak 300.000 bisita baino gehiago izan ditu 2009an

Bizkaia

www.euskadinnova.net web orria, Euskadiko Berrikuntzaren ataria, erreferentziazko gida bilakatu da gero eta erabiltzaile gehiagorentzat; erabiltzaile horiek gaitasun eta ezagutza berriak barneratu nahi dituzte balio erantsi handiagoa lortzeko berrikuntzaren arloan. Berrikuntzaren web gunearen estatistiketan lortutako emaitzen arabera, Euskadiko Berrikuntzaren atariak 306.878 bisita izan ditu 2009an; bisitari horiek 1.059.811 orri ikusi dituzte eta guztira 112.565 erabiltzaile erregistratu dira, aurreikuspen guztiak gaindituz. 97 herrialde/lurraldetako bisitak izan dira, besteak beste, Mexiko, Kolonbia, Frantzia edo Estatu Batuetakoak, baina Espainia izan da bisita iturri nagusia.

Emaitza horiek argi uzten dute Euskadiko Berrikuntzaren atariak azken urteotan izan duen hazkunde nabarmena. Esan bezala, web gunea indartu egin da, eta horren adierazle onena da itzelezko arrakasta lortu dutela erabiltzaileek gehien bisitatu dituzten bi atal hauek: agenda eta albisteen atala. Lehenak, Euskadin hurrengo hilabeteetan garatuko diren jarduera guztiak biltzen ditu, webeko egituraren oinarrian dauden lau esparru hauen inguruan: Berrikuntza Teknologikoa, Gizarte Berrikuntza, Enpresa Eraldaketa eta Enpresa Digitala. Era guztietako jarduerak biltzen dituzte, esaterako, ikastaroak, jardunaldiak edo tailerrak. Bigarren atalean, berriz, begirada bakar batez ikus daitezke esparru horietako berrikuntzarekin zerikusia duten informazio eta nobedade guztiak. 2009ko abendura arte, www.euskadinnova.net atariak 1.600 albiste baino gehiago jaso zituen eta Gizarte Berrikuntzari buruzko artikuluak dira bilakaerarik handiena izaten ari direnak.

Edukien sindikazioa da www.euskadinnova.net atariko erabiltzaileek gehien erabiltzen duten beste tresna bat. Asteroko buletinak errekorra lortu du hedapenari dagokionean: ostiralero, 27.000 harpidedunek berrikuntzaren inguruko azken albiste eta ekitaldiei buruzko informazioa jasotzen dute eta, gainera, azken elkarrizketak, argitaratutako bideoak, eta abar irakur ditzakete. Harpidedun kopuru esanguratsua da benetan, Euskadiko web instituzionala dela kontuan hartuta. Internautek oso gustuko dute laguntzei buruzko alerta zerbitzua; zerbitzu horretan izena emanez gero, erabiltzaileak uneoro jasotzen du diru-laguntza guztiei buruzko informazioa, esaterako, zeintzuk diren EAEko enpresetan berrikuntza proiektuak gauzatzeko edo Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) berriak ezartzeko dauden laguntzak.

Hurrengo Barnetegi Teknologikoen datei eta gaiei buruzko kontsultek ere toki garrantzitsua dute webaren organigraman. Barnetegi Teknologikoak edozein jarduera sektoretako enpresa txiki eta ertainen kudeatzaileentzat pentsatuta daude (12ko taldetan), formatu trinkoa dute eta isolatutako inguruneetan antolatzen dira, denborari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko; horrela bada, bereziki pentsatuta daude parte-hartzaileak IKTen balioaz jabearazteko. Erabiltzaileak ohartu dira proposamena originala dela eta, lortutako arrakasta ikusita, bigarren edizioa hasiko da aurten.

Proiektu hau SPRIk kudeatzen du eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren “Euskadi Informazio Gizartean 2010 Planak” finantzatzen du; berrikuntza gaiei buruzko albisteak zabaltzeaz gain, informazio baliagarria eskaintzen die erabiltzaileei, adibidez, lurralde osoan (Innovanet Sarea) garatzen diren ekintza guztientzako euskarri sarea. InnovaNet Sarean, Euskadiko ekonomi sustapenean diharduten eragile guztiek parte hartzen dute; 88 agente dira guztira, hiru lurraldeetako hainbat sektoretan banatuta (erakunde publikoak, enpresa elkarteak, merkataritza ganberak, unibertsitatea, klusterrak, garapen agentziak eta lanbide heziketako ikastetxeak).

Iaz lortutako bisita kopuruak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Esaterako, 2009ko urtarrilean 23.654 bisita jaso ziren, 16.000 aurreikusi baziren ere. 2009an zehar erregistratutako datu baikor horiek egiaztatzen dute Euskadiko Berrikuntzaren ataria sasoi bikainean dagoela, hainbat elementu konbinatzen jakin duelako: web orri dinamikoa da, edukiak etengabe eguneratzen dituelako; osotua ere bada, web bakarrean biltzen baitu berrikuntzari buruz jakin beharreko guztia; informazio praktikoa eskaintzen du, ekitaldi, laguntza eta aukera guztiak begirada bakarrean ikusteko; eta erabiltzeko erraza da lehen bisitatik hasita.

Euskadiko Berrikuntzaren ataria (http://www.euskadinnova.net/) Euskadi Informazio Gizartean Planaren (PESI 2010) barruan sartzen den ekimen bat da. Plan hori Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen arteko lankidetzari esker garatu da, Informazio Gizartearen garapena bultzatzeko EAEn.

Partekatu

Beste berri batzuk