Euskadiko Elikaduraren Klusterra BASQUE FOOD CLUSTER da orain

Albisteak, Bizkaia

Erakundeak bere nortasun korporatibo berria aurkeztu du, enpresa-lehiakortasuneko elementu gisa markak betetzen duen lekua ardatz izan duen jardunaldian

Euskal elikadura kateko erreferentziazko elkartea den Euskadiko Elikaduraren Klusterrak BASQUE FOOD CLUSTER izena hartuko du. Marka-aldaketa hori 2020-2023 Plan Estrategikoa ekarri zuen hausnarketa-prozesutik sortu da. Plan horretan, erakundearen egungo errealitatea, bilakaera eta etorkizunerako helburuak hobeto islatuko zituen nortasun korporatibo berriaren aldeko apustua egiteko beharra adierazi zen.

Marka berria aurkezteko ekitaldian euskal elikadura kate osoko ordezkariak bildu dira. Barakaldoko Ilgner eraikinean egin da ekitaldia, eta ehun bat lagun elkartu dira; besteak beste, enpresa ekoizleetako, eraldatzaileetako eta banaketako goi-zuzendaritza taldeetako kideak, eta baita zerbitzu laguntzaileak, ezagutza-agenteak eta zentro teknologikoak.

Manu Giner BASQUE FOOD CLUSTERreko presidenteak ekitaldiaren sarrera egin ondoren, Jon Ander Egaña zuzendari nagusiak hartu du hitza. Bere hitzaldian, markaren garrantzia eta elikadura-enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten duen ekarpena nabarmendu ditu. Modu berean, elkarteak euskal elikadura-ekosistemako enpresen eta erakundeen arteko topagune eta sinergien sortzaile gisa betetzen duen lekua azpimarratu du Egañak. Hori guztia identitate korporatibo berrian islatzen da. “Marka berriak hobeto jasotzen du zer garen eta zer egiten dugun: elkarren arteko lankidetzaren bitartez elkarteko kide garen enpresak eta erakundeak hazi egiten diren espazioa.” esan du.

Ekitaldian zenbait hitzaldi ere izan dira, Cesar Valencosok, Kantar Worldpaneleko Consumer Insights enpresako zuzendariak, enpresen lehiakortasunerako elementu gisa markak betetzen duen lekua azaldu du. Horrela, azpimarratu duenez “Marka sendoa, bakarra eta indartsua izateak nabarmen handitzen ditu kontsumitzaileek aukeratzeko aukerak, eta marjina handiagoekin lan egiteko aukera ematen die enpresei”.

Ondoren, Cristian Saracco Branding-AEBRAND Enpresen Espainiako Elkarteko presidente ohi eta markaren bitartez hazkunde jasangarrian espezializatuta dagoen Allegro 234 enpresaren bazkide sortzailea, elikadura arloko ETEarentzat elementu bereizgarri gisa markak duen garrantziaz aritu da. Saraccok, adibideen bitartez, agerian utzi du “markaren garapenean inbertitzeko beharra, bizitzen ari garena bezalako ingurune zailetan lehiatzeko”.

Hitzaldien txanda Saul Santolaria Global Sound Lab soinu-brandingeko enpresako CEOak eman duenarekin itxi da. Markaren testuinguruan integratutako soinuaren inguruan hitz egin du “Markaren testuinguruan integratutako soinuak dimentsio berria gehitzen dio identitate horri, eta funtsezko osagaia ematen dio pertsonek produktua edo zerbitzua ezagutzeko moduari, eta, horretarako, markaren emozioak, ezagutza eta oroitzapena aktibatzen ditu”.

Jardunaldia amaitzeko, BASQUE FOOD CLUSTERren aurkezpeneko bideoa proiektatu da. Bertan, saioan zehar landutako kontzeptu guztiak jaso dira, irudi korporatibo berria eta horretarako sortutako sonotipoa –logotipo baten soinu-bertsioa– barne.

BASQUE FOOD CLUSTERri buruz

Basque FOOD CLUSTERrek euskal elikaduraren balio-kate osoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten du lan. 120 konpainia, erakunde eta entitatek osatutako sozietate-oinarriarekin, horien artean azpisektore bakoitzeko enpresa liderrak, erakundea Euskadiko elikaduraren erreferentziazko eragile gisa finkatu da, baita enpresa-sarearen eta erakundeen arteko solaskide nagusi gisa ere. Bere helburu estrategikoen artean, sektoreko enpresei laguntzea nabarmentzen da, merkatu-garapenean, berrikuntza teknologikoan eta berrikuntza ez-teknologikoan, ezagutzan eta kontsumitzailearekiko harremanean balio handiko proiektu partekatuen garapena eta lankidetza sustatuz eta dinamizatuz. Talentua erakartzea eta leialtzea ere azpimarratu behar dira.

Partekatu

Beste berri batzuk