Euskadiko I+Gak diagnostiko in vitro adimenduna bizkortuko du Biospain 2026 azokan
Tekniker zentro teknologikoak diagnostiko in vitro adimendunaren (IVDR) arloko bere gaitasunak erakutsiko ditu irailaren 29tik urriaren 1era Bilbon egingo den azokan
Diagnostiko in vitro adimendunak laborategiko ohiko probak, hala nola odol-, gernu- edo izerdi-analisiak, sentsorizazio- eta datu-analisi teknologia aurreratuekin uztartzen ditu. Horri esker, informazio medikoa abiadura handian azter daiteke, giza akatsak murriztu eta tratamenduak pertsonalizatu.
Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide eta Euskadiko I+G ekosistemako eragile estrategikoak, bere soluzioak eta proiektuak aurkeztuko ditu diagnostikoaren esparru berritzaile honetan Biospain nazioarteko azokaren hurrengo edizioan. Azoka irailaren 29tik urriaren 1era egingo da Bilbao Exhibition Centre-n (BEC).
AseBio elkartearen standean (66. standa) kokatutako erakustoki propioan, osasunaren arloan aplikatutako bere gaitasun teknologikoak aurkeztuko ditu. Proposamen hori bioteknologia-enpresen, farmazia-industriaren, medtech sektoreko erakundeen eta osasun-produktu berrien diseinua, baliozkotzea eta eskalatzea bizkortu nahi duten enpresen beharrei erantzuteko diseinatuta dago.
“Bizi-zientzien arloan berrikuntzaren transferentzian merkatura eta industria-sarera erreferentziazko bazkide gisa sendotu nahi dugu”, nabarmendu du Iban Arriolak, Teknikerreko Osasun arloko arduradunak.

Teknikerrek sentsore optikoak eta elektrokimikoak garatzen ditu osasunerako interesgarriak eta garrantzitsuak diren molekula eta mikroorganismo desberdinak modu azkarrean eta kontzentrazio baxuetan identifikatzeko. Teknologia horiei esker, odoleko proteinak, bakterioak, birusak eta molekula kaltegarriak hauteman daitezke, bai giza laginetan bai nekazaritza-elikagaien eta ingurumenaren arloko laginetan.
Zehazki, zentroak mikro- eta nanoteknologietan oinarritutako biosentsore elektrokimiko eta fotonikoen garapenean lan egiten du. Helburua da laborategiko analisi-gaitasuna arreta-puntura hurbiltzea, diagnostiko azkarra ahalbidetuko duten kostu txikiko gailu eramangarrien bidez. Gailu horiek emaitza fidagarriak eskaintzea eta laborategitik industria-ekoizpenera eskalatzeko aukera bermatzea dute xede.
Teknologia horien aplikazioa enpresekin egindako lankidetza industrialeko hainbat proiektutan islatzen da, besteak beste iLine, Biolan, Erreka Medical eta Ayesa enpresekin, bai eta ekitaldian aurkeztuko diren hainbat erakusle eta osagaitan ere.
Horien artean dago microINR Expert, PT/INR balioak zehazteko gai den koagulometro profesionala. Bere software intuitiboak konektagarritasun aukera ugari eta emaitzen trazabilitate osoa eskaintzen ditu.
Era berean, BIO 7000 aurkeztuko da; biosentsore-teknologian oinarritutako gailu analitiko eramangarri eta konektatua da, elikagaien eta osasunaren industrietan funtsezkoak diren parametro desberdinak zehaztasunez, azkar eta modu errazean kuantifikatzeko diseinatua.
Halaber, thin-film teknologian oinarritutako elektrodo integratuak dituzten txip mikrofluidikoak erakutsiko dira. E-SENS ekimenaren esparruan garatu dira, nekazaritza-elikagaien, ingurumenaren eta giza laginen matrize desberdinetan bakterioak detektatzeko. Teknologia horiek progresiboki diseinatu eta baliozkotu dira aplikazio-ingurune errealen baldintzetara gero eta gehiago hurbiltzen diren egoeretan.
“Gure teknologiak ingurune operatiboetan detektatzeko diseinatu dira. Detekzio-sistema lagin puruekin baliozkotu da lehenik, ondoren lagin dopatuekin eta, azkenik, lagin errealekin. Adibidez, giza jatorriko serum, plasma, malko edo nasofaringe-laginekin lan egin da. Era berean, surimi-makilekin, ganbarekin edo olagarroarekin, bai eta esnekiak, izokina, urdaiazpikoa edo patea bezalako produktu dopatuekin ere”, azpimarratu du Santos Merino Teknikerreko ikertzaileak.
Araudi-eskakizunak
Biosanitarioaren sektorearen erronka nagusietako bat araudi-eskakizunak betetzea da, aldi berean merkatuan soluzio berriak sartzeko behar diren epeak laburtuz.
Horri dagokionez, Teknikerrek Biospainen parte hartuko du industriaren bazkide teknologiko gisa duen gaitasuna balioan jartzeko. Horretarako, ezagutza eta gaitasunak eskaintzen ditu gailu baten garapen-fase guztietan zehar, ikerketatik hasi eta fabrikazio komertzialeraino.
Zentroak ISO 13485 ziurtagiria dauka gailu medikoen diseinu eta garapenerako, eta sektorearentzat funtsezkoak diren araudi-esparruetan esperientzia sendoa du, hala nola Diagnostiko In Vitroari buruzko Europar Araudian (IVDR) eta Adimen Artifizialaren Legean (AI Act). Gaitasun teknologikoen eta ezagutza arautzailearen arteko konbinazio horri esker, Teknikerrek enpresak produktuaren garapen-prozesu osoan laguntzen ditu, hasierako faseetatik arriskuak murriztuz, prototipoen errendimendua eta fidagarritasuna baliozkotuz eta haien industria-eskalagarritasuna eta merkaturatzea bermatuz.
Programa ofizialean presentzia
Erakusketan duen presentziaz harago, Teknikerrek Biospain 2026ko hitzaldi-programan ere parte hartuko du, zehazki, honako mahai-inguruan: «One health diagnostics: rapid detection and characterization of multidrug resistant bacteria to enable next generation antimicrobials».
Irailaren 30ean, 16:00etan, egingo den saio honetan txertoen garapenaz, erresistentzia-geneen diagnostiko azkarraz eta antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen detekzio fenotipiko azkarraz eztabaidatuko da. Halaber, erabaki klinikoak hartzen lagun dezaketen sentsore aurreratuen eta gailu eramangarrien erabilera izango da hizpide.
“Biosanitarioaren arloko berrikuntzak ekosistemako eragile guztien arteko lankidetza koordinatua eskatzen du. Eredu honetan, zentroek garapen teknologikoa eskaintzen dugu; enpresek soluzio horiek produktu komertzial bihurtzen dituzte; ospitaleek paziente errealekin baliozkotze klinikoa ahalbidetzen dute; eta administrazio publikoek beharrezko finantzaketa-esparruak errazten dituzte”, ondorioztatu du Santos Merinok.