E-OilÉk tamaina txikiko ontziak irauli ditu
Abian jarri zenetik urtebetera, E-OilÉ Europako proiektuak aurrerapauso zientifiko garrantzitsuak eman ditu eta gero eta komunitate handiagoa biltzen du bere inguruan. Horrela, elikagai eta kosmetikoetarako formatu txikiko eta erabilera bakarreko ontzi biodegradagarriak garatzeko bidean sendotzen ari da
GAIKER Zentro Teknologikoak koordinatzen duen E-OilÉ proiektuaren helburua da urtero erabiltzen diren eta ingurunean amai dezaketen erregai fosiletatik eratorritako milaka milioi poltsa eta tamaina txikiko ontzien ordezko jasangarri bat garatzea. Horretarako, ontzi biodegradagarri, seguru eta industria-eskalan ekoizteko modukoa garatzen ari dira, kontsumo-eredu jasangarriagoetara aurrera egiteko, produktuen kalitatea eta funtzionaltasuna arriskuan jarri gabe.
Abian jarri zenetik urtebete igaro denean, proiektua modu egokian ari da garatzen, aurrerapen zientifiko nabarmenekin eta emaitza itxaropentsuekin.
Testuinguru horretan, partzuergoa osatzen duten 15 bazkideak Novaran (Italia) elkartu dira, proiektuaren lehen urtean lortutako aurrerapen eta emaitza nagusiak partekatzeko eta hurrengo lan-ildoak zehazteko. Topaketa honek beste urrats bat ekarri du erabilera bakarreko ontzi seguru, jasangarri, biodegradagarri eta birziklagarriak garatzeko bidean.
Aurrerapen nagusietako bat «Segurtasuna eta Jasangarritasuna Diseinutik» (SSbD) irizpideen definizioa izan da. ITENEk lau erabilera-kasuentzako «Segurtasuna eta Jasangarritasuna Diseinutik» (SSbD) irizpideak zehaztu eta dokumentatu ditu, eta, horren bidez, proiektuan garatutako materialak ebaluatzeko ebidentzietan oinarritutako esparru komun eta zorrotza eskaini dio partzuergoari.
Oinarri horren gainean, biopoliesterrez (Novamontenak) egindako lehen biomaterial biodegradagarri sortak, olibondo-olioaren azpiproduktuekin (MYROLION) eta polisakaridoetan oinarritutako konposatuekin (OIMO) aberastuak, proba zorrotzak gainditu dituzte GAIKERen. Gainera, material horien erreplika digitalak egin dira, eta merkaturatzeko aukerak aztertzen ari dira.
Era berean, OIMOk eta Novamontek landare-jatorriko bioplastikozko lehen xaflak garatu dituzte, eta Danimarkako Teknologia Institutura bidali dira, haien biodegradagarritasuna ebaluatzeko. Orain arte lortutako lehen emaitzek material horien potentziala berresten dute.
Izan ere, entsegu horien emaitzak NORCE ikerketa-zentroak garatutako adimen artifizialeko eredua elikatzen ari dira. Tresna horrek biki digital gisa jardungo du, eta material berrien biodegradazio-prozesuan duten portaera modelizatu eta aurreikusteko gai izango da, bai proiektuaren esparruan garatutako materialena, bai etorkizunean garatu ahal izango direnena ere.
Aurrerapen teknologikoarekin batera, emaitzen etorkizuneko ustiapenera bideratutako estrategia ere garatzen ari da. Arlo horretan, PNO Innovationek ustiapen-potentziala duten lehen emaitzak identifikatu ditu, eta E-OILÉ proiektuan garatutako ontziratze-soluzioetarako merkaturatze-bide posibleak zehaztu ditu. Horrela, soluzio horiek etorkizunean merkatuan aplikatzeko bidean aurrera egiten ari da.