Euskadiko Orkestra Erkorekaren disko bat grabatzen ari da euskal artista handiek lagunduta

Albisteak, Gipuzkoa

Juanjo Menak, Asier Polok, Alfonso Gómezek eta Carlos Menak osatzen dute Euskadiko Orkestrarekin batera egunotan Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusean Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarraren hiru obra grabatzen ari diren artista talde handia. Grabazioak hilabete batzuk barru ikusiko du argia

Denboraldi berriaren hasierako konpas horietan, Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkoreka musikagile bilbotarraren hiru lan bilduko dituen albuma grabatzen dihardu egunotan, Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campuseko egoitzan. Horretarako, orkestraren ohiko kolaboratzaile batzuekin bildu da, lehen mailako eta nazioarteko proiekzioko euskal artistekin, eta grabazio-prozesu horren emaitza herrialde honek duen musika-ondare aberatsaren isla izango da.

EkaitzaPiscis eta Tres sonetos para Michelangelo Gabriel Erkorekaren azken aldiko konposizio-katalogoko hiru obra dira, eta orain bilduko dira hirurak hainbat egunetako lanaren ostean bihar amaituko den grabazio batean. Erkorekak hiru lanok hiru bakarlari hauentzat idatzi zituen beren-beregi, haiek estreinatu zituzten eta orain haiek grabatuko dituzte, baita ere. Gainera, grabazio honen beste bertute handi bat zera izango da, lagun onen artean egingo dela.

Lagun onak, artista handiak

Asier Polo Ekaitza biolontxelorako kontzertuaren buru, Alfonso Gomez Piscis pianorako kontzertuaren buru eta Carlos Mena Tres sonetos para Michelangeloren buru, erantzukizun handiarekin ari dira aurre egiten grabazio honi, jakitun izanda obra hauen erreferentziazko lehen erregistroa izango dela. Proiektuaren musika-zuzendaritza Juanjo Menaren lanak koroatuko du. Zuzendari gasteiztarrak ezin hobeto ezagutzen ditu artista hauek guztiak, baita Gabriel Erkorekaren obra guztia ere. Musikagileak honako hau dio proiektu berriari buruz: “Interpreteok kalitate-bermea dira, lan eskerga egin dugu, zoragarriak dira, eta Juanjo Menak ere oso ondo ezagutzen du nire musika eta nire obra asko estreinatu ditu. Emozio asko bildu ditugu proiektu honetan”.

Musika-ondarea

Garrantzi handiko proiektu musikal honek oso modu argian islatzen du Euskadiko Orkestraren esentzia eta misioa. Orkestrak Euskadiren kultur zabalkundean laguntzen du, euskal musika-balioak kanpoan hedatzen ditu, euskal interprete eta konpositoreentzat bultzada eta plataforma da eta grabazioen bidez musika-ekoizpenaren funts dokumentala osatzen du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesa jaso du datozen hilabeteotan argitaratuko den grabazio honek.

Partekatu

Beste berri batzuk