Euskadiko Parke Teknologikoak bat egin du “Zientzia eta Teknologia Emakumeen ikuspegitik” ekimenaren beste edizio batekin, 500 ikasle baino gehiagoren parte-hartzearekin

Albisteak

APTE Parke Teknologikoen Elkarteak DBHko nesken artean bokazio zientifikoak sustatzeko bultzatutako ekimenak Euskadiko Parke Teknologikoko campusetako emakume erreferenteen lana ikasleei hurbiltzeko aukera eman du

DBHko eta Batxilergoko 500 ikasle baino gehiagok parte hartu dute, azaroaren 4tik 6ra bitartean, Hernani Campusean, Vitoria-Gasteiz Campusean eta Zamudio/Derio Campusean egin diren “Zientzia eta Teknologia Emakumeen ikuspegitik” jardunaldietan. Topaketen ardatz nagusia Euskadiko Parke Teknologikoan lan egiten duten emakume zientzialarien esperientzia izan da, protagonistek eurek lehen pertsonan kontatua. Horrez gain, tailer praktikoak egin dituzte eta “Mundua aldatu zuten emakumeak” erakusketa bisitatu dute.

“Zientzia eta Teknologia Emakumeen ikuspegitik” APTE Parke Teknologikoen Elkarteak bultzatutako ekimena da. Aurten zortzigarren edizioa bete du, eta haren helburua da bigarren hezkuntzan eta goi-mailako hezkuntzan zientzien edo teknologiaren espezialitatea aukeratzen duten emakumezko ikasleen ehunekoa handitzea. Euskadiko Parke Teknologikoak urtero egiten du bat ekimenarekin, gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeko duen konpromisoarekin bat etorriz.

Lehen topaketa azaroaren 4an, asteazkenean, egin zen Hernani Campusean, Orona Ideo eraikinean. Mary Ward, Colegio Alemán eta La Salle Donostia ikastetxeetako 180 ikaslek parte hartu zuten, eta Grapheneako Beatriz Alonsoren eta Multiverseko Jezabel R. Garcíaren esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten.

Azaroaren 5ean, ostegunean, Vitoria-Gasteiz Campusaren txanda izan zen. Topaketan Baigeneko Melania Rosiquek eta AEGko Zuriñe Lázarok parte hartu zuten. Niño Jesús, Ikasbidea-Durana eta Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxeetako 151 ikasle bertaratu ziren jardunaldira.

Azkenik, Zamudio/Derio Campusak hartu zuen, azaroaren 6an, ostiralean, “Zientzia eta Teknologia Emakumeen ikuspegitik” ekimenaren azken jardunaldia. BC3ko Nerea Ortiz Olarrak eta Sisteplanteko Ana Santiagok beren lanbide-esperientziak partekatu zituzten Bizkaiko 195 ikaslerekin, Gernika, San Felix Ikastola eta Aixerrota ikastetxeetakoekin.

Hitzaldiez gain, hiru jardunaldietan Biomimetikari buruzko tailer bat egin zen eta “Mundua aldatu zuten emakumeak” erakusketa bisitatu zen. Erakusketak, modu didaktikoan, historian zehar emakumezko zientzialari erreferente nagusietako batzuek izandako garrantzia ezagutarazten du.

Proiektu honen bidez, Euskadiko Parke Teknologikoak eta APTEk gazteenen artean ikasketa zientifikoak ikusaraztearen garrantzia nabarmendu nahi dute, gaur egun emakumeen parte-hartzea txikia baita oraindik arlo horietan. Ildo horretan, ekimenak agerian uzten du zientzia- eta teknologia-parkeek STEAM bokazioak sustatzeko duten gaitasuna eta, horren bidez, berrikuntza-sistema lehiakorrago bat sortzen laguntzeko duten ahalmena.

Partekatu

Beste berri batzuk