Euskadiko Parke Teknologikoak bere Campusetako abangoardiako lau gune zientifikoren ateak irekiko ditu, ikerketara bideratutako azpiegituren garrantzia gizarteari hurbiltzeko

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Jarduera Azpiegitura Zientifiko eta Tekniko Bereziak (ICTS) ezagutzera emateko Estatuko Parke Teknologikoen Elkarteak bultzatutako “APTE Berrikuntza Guneak” ekimenaren parte da

Azaroaren 18an eta 19an bisita gidatuak antolatu dira Zamudio/Derio Campuseko Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentrora, Vitoria-Gasteiz Campuseko CIC energiGUNEren laborategietara, eta Donostia Campusean dauden BCBLra eta CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionalaren Plataformara

Euskadiko Parke Teknologikoak, Parke Teknologikoen Elkarteak bultzatutako “APTE Berrikuntza Guneak” ekimenaren barruan, Euskadin dauden Estatuko azpiegitura zientifiko aurreratuenetako batzuk barrutik ezagutzeko aukerak zabalduko ditu aurten. Aurreko bi edizioetan ekimen honetan parte hartu zuen CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionalaren Plataformaz gain, aurten CIC energiGUNEren, BCBL-Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroaren eta Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroaren-CFAA instalazioak ere bisitatu ahal izango dira.

Bisita gidatuak azaroaren 18an eta 19an egingo dira, eta zientzia interesatzen zaion edonorentzat egongo dira irekita, aldez aurretik Parkeren webgunearen bidez izena emanda. Helburua Estatuko Azpiegitura Zientifiko eta Tekniko Berezietan (ICTS) egiten den eta gizarte- eta giza garapenerako erabakigarria den abangoardiako lana gizarteari hurbiltzea da. Azpimarratzekoa da aurten ekimenean hautatutako 22 instalazioetatik lau Euskadin daudela.

Donostia Campuseko CIC biomaGUNEren Irudi Molekular eta Funtzionalaren Unitateari dagokionez, plataforma horretara sartu ahal izango den hirugarren aldia da. Irudi molekular eta funtzional preklinikoaren arloan Europako erreferentziazko instalazioa da, eta, bere teknika esperimentalen multzoagatik –Erradiokimika, Positroien Emisio bidezko Tomografia (PET), fotoi bakarraren emisio bidezko tomografia konputerizatua (SPECT), tomografia konputerizatua (CT), erresonantzia magnetiko bidezko irudia (MRI) eta tomografia optikoa (OT)– eta nazioarteko AAALAC kalitate-akreditazioa duen animaliategiagatik, Estatuan orain arte sortu den irudi biomedikoko plataforma teknologikorik handiena da. Haren lana, batez ere, biomedikuntzan nanomaterialen aplikazio berriak garatzera dago bideratuta.

CIC biomaGUNEren Donostia Campuseko instalazio horretarako bisita azaroaren 19an, ostegunean, egingo da, 18:00etan. Izena esteka honen bidez eman behar da.

BCBL-Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroaren laborategiak dira aurten hautatutako erreferentziazko bigarren instalazioa, hori ere Donostia Campusean. Instalazio horiek erreferente dira neuroirudiko teknologia aurreratuen bidez garunaren eta lengoaiaren ikerketan. Bisitan, bertaratuek zentroko laborategi nagusiak, adin guztietako parte-hartzaileekin egiten diren azterketa motak eta ikerketa horrek elebitasuna, ikaskuntza eta osasuna bezalako esparruetan duen eragina ezagutu ahal izango dituzte.

Donostia Campuseko BCBLrako bisita azaroaren 18an, asteazkenean, egingo da, 12:00etatik 13:30era. Izena esteka honen bidez eman behar da.

Vitoria-Gasteiz Campusean, ekimenak energia biltegiratzeko eta bihurtzeko material eta teknologia berrien ikerketan aurrerapen erabakigarriak egiten ari diren CIC energiGUNEren laborategiak ezagutzeko aukera emango du. Abangoardiako azpiegiturak ezagutu, garapen horien buru diren profesionalekin elkarreragin eta zentroaren gaitasunek ideia eta proiektu berriak nola sor ditzaketen aztertu ahal izango da. Bisita aurkikuntza, konexioa eta etorkizunerako energia-soluzioen sorkuntza bateratua errazteko dago diseinatuta.

Vitoria-Gasteiz Campuseko CIC energiGUNErako bisitak azaroaren 18an, asteazkenean, eta azaroaren 19an, ostegunean, egingo dira, 13:30etik 14:30era. Izena esteka honen bidez eman behar da.

Azkenik, Zamudio/Derio Campusean Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa – CFAA xehetasunez ezagutzeko aukera izango da. Zentro hori Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) erakunde misto gisa dago eratuta, fabrikazio-teknologia aurreratuetan ezagutza berria sortzeaz gain, azken aplikazioetara zuzenean bideratutako ikuspegiarekin lan egiteko. CFAAn egiten diren lanak ingurune adierazgarrietako balioztatze-probak eskatzen dituzten ‘Manufacturing Readiness Levels’ 6-7 mailak lantzera eta garatzera daude bideratuta.

Zamudio/Derio Campuseko CFAArako bisita azaroaren 18an, asteazkenean, egingo da, 10:00etatik 12:00etara. Izena esteka honen bidez eman behar da.

Partekatu

Beste berri batzuk