Euskadiko Parke Teknologikoak eta BASQUEFIKek enpresa berritzaileak Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistemarekin konektatzen dituzte
Zamudio/Derio eta Donostia Campusetan egindako topaketek enpresen hazkunde-fase bakoitzera egokitutako finantzaketa errazteko kanal egonkor bat sortzen laguntzen dute
Euskadiko Parke Teknologikoak eta BASQUEFIKek, Euskadiko Finantza eta Inbertsio Klusterrak, beste urrats bat eman dute Parkeko ekosistemako enpresen eta lurraldeko finantza-eragile eta inbertitzaile nagusien arteko lotura indartzeko. Ekimenak finantzaketa-beharren azterketa eta lankidetza- eta inbertsio-aukera errealak sortzera bideratutako zuzeneko topaketak uztartzen ditu.
Bi topaketa aukera berriak aktibatzeko
Lehenengo topaketa irailaren 16an egin zen Zamudio/Derio Campusean, eta 30 enpresa, inbertsio-funts, finantza-erakunde eta erakunde publikotako 40 profesional baino gehiago bildu zituen. Jardunaldiari esker, finantzaketa-beharrak partekatu, kapitalerako sarbidean dauden oztopoak identifikatu eta garapen-fase desberdinetan dauden proiektuetarako irtenbideak aztertu ahal izan ziren.
Jardunaldia Euskadiko Parke Teknologikoaren eta BASQUEFIKen aurkezpenekin hasi zen, eta bi ekosistemen berri eman zuten. Ondoren, Vicomtech, Multiverse Computing, LABORAL Kutxa eta Talde Gestión erakundeetako ordezkariek mahai-inguru batean parte hartu zuten, Norgestiónek moderatuta. Bertan, beren esperientziak partekatu eta lankidetza-aukerak aztertu zituzten. Topaketa talde-dinamika batekin amaitu zen, ideien trukea sustatzeko eta parte-hartzaileen arteko lotura berriak sortzeko hausnarketak, diagnostikoak eta proposamenak biltzeko helburuarekin.
Ekimenak jarraipena izan zuen urriaren 22an Donostia Campusean egindako saioarekin, eta bertan 40 lagun inguruk parte hartu zuten.
Saio horretan, Parkeko Photokrete, Biobide (BIAT), Trebezia, Surion eta Alerion enpresek beren proiektuak aurkeztu zizkieten 25 finantza-erakunde eta inbertsio-agente baino gehiagori. Formatuak harreman zuzena eta proiektu bakoitzaren beharretara egokitutako finantzaketa-aukeren azterketa erraztu zituen.
Foroaren arrakastaren ondoren, Parkeko enpresen eta finantza- eta inbertsio-ekosistemaren arteko kanal iraunkor bat sendotzeko lanean ari dira.
Lankidetza horrek K-impulse erakundearen bitartekaritza- eta laguntza-puntuko eginkizuna indartzen du, eta enpresei beren beharretara egokitutako finantzaketa-tresnak eskuratzen laguntzen die, hasierako faseetatik hasi eta hazkundera, sendotzera edo enpresa-eraldaketara arte.





