Euskadiko Parke Teknologikoak hazten jarraitzen du, eta dagoeneko 23.000 langile baino gehiago dituzten 660 enpresa daude ezarrita 6 campusetan
Parke enpresa guztien fakturazioa % 14 hazi zen eta 7.300 milioi eurotik gorakoa izan zen 2023an, aurreko urtean baino 900 milioi gehiago
Emakumeen presentziak gora egiten jarraitzen du arlo guztietan, 50 langile edo gehiagoko enpresen erdiek baino gehiagok Berdintasun Plana dute dagoeneko, eta Parkean dauden 660 enpresen % 22 emakumeek zuzentzen dituzte
Euskadiko Parke Teknologikoaren hedapen-prozesuak indarrean jarraitzen du, eta dagoeneko 660 enpresa zientifiko-teknologiko hartzen ditu. 23.032 langile batzen dituzten enpresa horien guztien artean 7.381 milioi euro fakturatu zituzten 2023an. Euskadiko Parke Teknologikoaren Urteko Jardueraren Txostenean jaso diren zifra horiek erakundeak Zientziaren eta Teknologiaren euskal ekosistemaren abangoardian duen lekua sendotzen dute.
Gainera, Euskadiko Parke Teknologikoko enpresa-jardueraren hazkundea emakumeak egitura zientifiko-teknologikoan duen presentziari dagokionez ere izan da esanguratsua. Gaur egun, 50 langile baino gehiago dituzten konpainien % 65ak Berdintasun Plana du, eta horrek bultzada argia ematen dio Parke Teknologikoak arlo horretan duen apustu estrategikoari.
Jarduerari buruzko datu orokorrek erakusten dute 660 enpresen baterako fakturazioa ia % 14 hazi zela aurreko ekitaldiarekin alderatuta (901 milioi euro gehiago), 7.381 milioi eurora iritsi arte, eta I+Gan 660 milioi euroko baterako gastua erregistratu zela. Era berean, 1.275 profesional sartu ziren enpresetako plantilletan (% 5,8ko igoera) 23.000 langile baino gehiago izateraino, gehienak kualifikazio handiko lanei lotuak.
Plantillen eremu horretan, nabarmentzekoa da hazkunderik handiena LHko titulazioa dutenen artean izan dela (% 14ko igoera); izan ere, LHko titulazioa duten ia 6.000 profesional daude, eta unibertsitate-titulazioa dutenak, berriz, 12.600 dira. Gainera, Parke Teknologikoak, LH/Parke bezalako ekimenekin, enpresak Lanbide Heziketara hurbiltzeko egindako apustua sendotzen du. Doktoregoa (2.044) eta beste titulazio batzuk (2.352) dituzten pertsonak dira plantillak osatzen dituzten gainerakoak.
Era berean, gero eta profesional gehiago ari dira I+Gn (langileen % 30a), eta plantillak gaztetzeko prozesuarekin jarraitzen da: langile berrien erdia baino gehiago 30 urtetik beherakoak izan ziren. Izan ere, kolektibo hori 4.300 pertsonak osatzen dute gaur egun.
Generoaren arabera, gizonezkoek emakumezkoek baino presentzia handiagoa izaten jarraitzen duten arren, beherakada txikia izan da bi sexuen arteko aldearen ehunekoan: gizonezkoek langileen % 60 dira, eta emakumezkoak, berriz, % 40. Parkean dauden 660 enpresetatik 145, hau da, enpresa guztien % 22, emakumeek zuzentzen dituzte. Nabarmentzekoa da, AEDren (Bizkaiko Emakumezko Enpresarien eta Zuzendarien Elkartea) azken txostenaren arabera, 50 pertsona edo gehiagoko euskal enpresetan CEO/Zuzendaritza Nagusi postua betetzen duten emakumeak % 11 direla. Horrek agerian uzten du aipatutako datuak Parke Teknologikoko enpresetan duen garrantzia.
Jarduera-sektoreen arabera, Biozientziak lehen lekuan jarri dira enpresa-kopuruari dagokionez (127), IKTen gainetik (126). Hala ere, sektore horrek jarraitzen du zerrendaren buru langile-kopuruari (5.186 langile) eta fakturazioari (2.182 milioi euro) dagokienez. I+Gren eremua da profesional gehien dituen bigarrena (4.221), eta aeronautikaren sektorea fakturazioari dagokionez bigarren zifra handiena duena (2.084 milioi euro).
Beste sektore garrantzitsu batzuk hauek dira: 12 konpainia gehiagorekin enpresa-kopuruari dagokionez gehien hazi den Energia eta Ingurumena; 2.334 langilerekin 1.085 milioi euro fakturatu dituen Elektronikaren sektorea; eta 2.364 langile eta 443 milioi euroko fakturazioa izan dituen Ingeniaritza.
Azkenik, jarduerari buruzko beste datu batzuen artean, nabarmentzekoa da Euskadiko Parke Teknologikoko enpresek 116 patente nazional eskatu zituztela 2023an, eta horietatik 61 eman zaizkiela.
Gainera, 17 enpresa 2030 Agendaren bazkide dira edo hori sinatu dute –pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko 2030era arteko asmo handieneko ekintza-plana–, eta euren jardueran garapen jasangarria lortzen laguntzeko konpromisoa hartu dute.