Euskadiko Parke Teknologikoek Hondarribiko Campusa hartuko duten lurrak Gipuzkoako Foru Aldundiari erosteko prozesua hasi dute
Proiektuak, Gipuzkoako Parkeen azalera handitzeko beharrari erantzuteko aukera emango du
Euskadiko Parke Teknologikoek beste pauso bat eman dute Gipuzkoan hedatzeko ibilbide orrian, Hondarribiko Campusa izango dena hartuko duten lurrak Gipuzkoako Foru Aldundiari erosteko prozesua hasiz.
Prozesu horren hasiera Hondarribiko Udalak HAPOa hasiera batean onartu ondoren etorri da. Urrats hori ezinbesteko baldintza zen Campus berria eraikitzeko, eta hori funtsezko elementua izango da Gipuzkoako Parke Teknologikoen azalera handitzeko eta enpresen beharrei erantzuteko, bai eta proiektu estrategikoak erakartzeko eta sendotzeko ere.
Hasierako fase horretan, Euskadiko Parke Teknologikoak Hondarribiko Udalarekin elkarlanean aritu dira, modu arin eta eraginkorrean, HAPOan sartutako Campusaren dokumentu teknikoa prestatzen, eta horrek proiektuaren garapen integralerako atea irekiko du. Halaber, inplikaturiko erakundeen arteko elkarlanak administrazio-denboren kudeaketan eraginkorragoak izateko aukera emango du.
Hirigintza-tramitazioa amaituta dagoenean, eraikinak urbanizatzen eta eraikitzen hasi ahal izango da, eta egikaritze-epea azkarragoa izango da. Alde horretatik, Parke Teknologikoek dagoeneko badute etorkizuneko eraikinen banaketa bisuala, eta dagoeneko lanean ari dira Hondarribiko Campusean sar daitezkeen sektore eta proiektu traktoreak aztertzen.
Hondarribiko Campusaren eraikuntza Euskadiko Parke Teknologikoen 2024ko Plan Estrategikoan jasota dago, haren hedapen-prozesu orokorraren barruan, lurralde-orekako politikarekin eta azpiegitura berde, jasangarri eta digitalizatuen aldeko apustuarekin. Hondarribiak beste toki batzuen aurrean duen kokalekua bere indarguneek eta aukerek bermatzen dute; horien artean, nabarmentzekoak dira Arku Atlantikoan duen kokapen estrategikoa, mugaren ondoan eta Donostiatik 30 minutura. Era berean, A-8 autobidearen eta GI-636 errepidearen bidez komunikazio-sare garrantzitsurako sarbidea du, baita Hondarribiko eta Biarritzeko aireportuetarako eta abiadura handiko TGV sarerako ere.
Etorkizuneko Campusean tokia izan dezaketen sektoreen ikuspegitik, Parkeek dagoeneko hainbat interes-eremu identifikatu dituzte, biozientziak edo abiazio elektrikoa, besteak beste. Kasu honetan, nabarmentzekoa da sektore gaztea dela, baina oso azkar hazten ari dela –kirol erabilerarako plaza bakarreko edo plaza biko hegazkin elektrikoak, aireko taxi elektrikoak edo drone komertzialak barne–, eta Hondarribian erreferentzia-puntu bat aurki dezakeela, aireportutik gertu baitago.