Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta Garaia Parke Teknologikoak Euskadiko berrikuntzaren ekosistema sendotuko duen lankidetza akordioa sinatu dute

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Bi erakunde horiek lankidetza-akordioa sinatu dute zientzia-enpresa mailako garapen eta berrikuntza arloetan elkarrekin ekintzak garatu ahal izateko. Erabilgarri dauden sinergiak eta korrelazioak bilatzea dute helburu

 

Garaia Parke Teknologikoak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak esparru-hitzarmena sinatu dute ingurune profesional horietan lan egiten duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko lagungarria izango den bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko eta indartzeko, eta lan arloan eskaintza sendoagoa, egonkorragoa eta lehiakorragoa sortzeko asmoz. Horrek guztiak Euskadiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko garapenari egingo dio mesede.

Euskadiko Parkeen Sarea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Parkeek osatzen dute eta bere helburuetako bat da garapen zientifiko-enpresariala eta berrikuntza bultzatzen duten eragileen arteko topaketarako eta elkarrekintzarako gunea izatea. Hala, teknologia, zientzia edo berrikuntza arloko balio handia duten enpresak jasotzera bideratuta dauden azpiegiturekin lotuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egon daitezkeen ekimenak egituratzen ditu. Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Euskadiko lurralde osoan erreferente gisa jarduteko helburua duenez, 2007an jatorrizko udalerrietatik harago (Zamudio-Derio eta Donostia) zabaltzera bideratutako urratsak jarri zituzten abian, Leioa, Abanto eta Hernani udalerrietara hedatuta.

Garaia Parke Teknologikoaren helburua da parke teknologikoa sustatzea eta kudeatzea, eta bere jarduera Arrasaten (Gipuzkoa) garatzen du. Bere espiritu eta helburuak Euskadiko Parke Teknologikoekin bat datoz.

Bi erakundeek zientzia eta enpresa arloko berrikuntzarekin eta garapenarekin lotuta elkarrekin ekintzak bideratzeko duten interes komuna oinarritzat hartuta (beti ere eskuragarri dauden korrelazio eta sinergiak bilatuta), hitzarmen hau sortu da. Beste hainbat neurriren artean, honako hauek adostu dituzte: bi erakundeen azpiegiturak eta zerbitzuak partekatzea; zientzia, teknologia eta enpresa arloetako aurrerapenak hedatu ahal izateko ordezkaritzei harrera egiteko garaian elkarlanean aritzea; eta tokiko eta inguruneko ikerketa- eta enpresa-komunitateak aurkezteko eta txertatzeko garaian elkarrekin lan egitea.

Partekatu

Beste berri batzuk