EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOEN SAREKO GALARRETAKO CAMPUSAK, ERAIKIN BEREZI ETA EKOJASANGARRI BAT IZANGO DU
Eraikin berriak 10.000 m2-ko eraikigarritasuna izango du, eta 2025ean egongo da erabilgarri
Eraikuntza jasangarriaren, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuko dira duela gutxi Couth enpresa ezartzeko lortutako akordioaren ondoren Galarretako campusaren aldeko apustu instituzionala indartzen duen eraikin berriaren eraikuntzan
Jarduketa horri esker, gainera, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen hazkunde-beharrari erantzun ahal izango zaio, gaur egun Donostiako Campusa okupazioaren % 95ean baitago, eta 2023an okupazioa % 100etik gertukoa izatea aurreikusten baita
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen Galarretako Campusak, Hernanin dituen instalazioen aldeko apustu instituzionala sendotuko duen eta Gipuzkoan ekosistema zientifiko-teknologikoa haztea ahalbidetuko duen eraikin berezi eta ekojasangarri berri bat izango du. Gaur argitaratuko da eraikin berriaren obra proiektua idazteko lehiaketa deialdia. Biribilgune nagusiaren ondoan egongo da, Galarretako Campuseko sarbidean eta zerbitzu publiko guztietatik gertu.
Eraikuntza berria 6.045 m2-ko lursail batean eraikiko da, eta bulego, laborategi edo I+G zentroetarako erabiliko da, salmenta- edo alokairu-modalitateetan. Lurzatiaren eraikigarritasuna 10.000 m2-koa da, eta eraikinaren gehieneko altuera 19 m-koa izango da.
Iragarpen horren bidez, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak indartu egin du Galarretako Campusaren aldeko apustu instituzionala. Apustu horren lehen mugarria, eraikin propioa izango duen Couth enpresaren instalazio berriak ezartzeko akordioa izan zen. Gainera, urrats garrantzitsua da Gipuzkoan espazio berrien eskaerari erantzuteko, Donostiako Campusaren okupazio handia –% 95– dela eta.
Horrela, nabarmendu behar da 2023an amaituko direla bere edukieraren % 94rako espazio-erreserba irmoak dituen eta Donostiako Campusean dagoen A2.2 eraikina eraikitzeko obrak. Donostiako Campuseko okupazioaren aurreikuspena % 100etik gertukoa da 2023rako.
Obren hasiera 2023an
Galarretako eraikin berriaren obrak 2023an hastea aurreikusten da, eta gehienez ere 24 hilabeteko epean amaitu beharko dira. Eraikuntza bat etorriko da Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen Plan Estrategikoan ezarritako Parke Berdearen eta Parke Smart izenekoaren helburuekin, eta eduki birziklatua duten materialak obran jartzeko konpromisoa jasoko du, obraren guztizkoaren % 40a horrelako materiala izango dela bermatzeko.
Eraikina berdegunez inguratuta egongo da, klimara egokitutako espezie autoktonoekin, intsolazioa, lurzoruaren kalitatea edo maldak landarediaren etapa guztietan eta urtean zehar egin beharreko lanetan bezalako faktoreak kontuan harturik. Berdeguneetan, materia organikoa berriro sartzeko soluzioak eta euri-urak biltzeko eta berrerabiltzeko sistemak sartuko dira.
Kontratistak egindako proiektuan oinarrituta eraikiko den eraikinaren kontrataren eta haren barne-urbanizazioaren gehieneko prezioa 16.352.200 eurokoa izango da (BEZik gabe).
EPTSren hedapen geografikoa Gipuzkoan
Galarretako Campusaren etorkizuneko eraikina Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea Gipuzkoan hedatzeko prozesuaren parte da. Bi azpiegitura berriak, A 2.2. azpiegitura Donostiako Campusean eta eraikin berria Galarretako Campusean, egiteari, lurraldean lursailak eta espazio fisikoa bilatzeko egiten ari den lana gehitu behar zaio.
Gaur egun, Parke Teknologikoen Sarea Donostiako Udalarekin batera ari da lanean Miramongo Campusaren ondoan lursailak eta espazioak detektatzeko. Miramonen Gipuzkoako Parkea handitzeko aukerei buruz Udalak egindako azterlanetik abiatuta, Parkeak eta Udalak hainbat bilera egin dituzte gaur egun prestatzen ari den Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian Parkearen beharrak txertatzeko.
Era berean, eta jende aurrean aurreratu zen bezala, Parke Teknologikoen Sarea lanean ari da etorkizuneko Hondarribiko Campusaren espazioa zehazteko eta bideragarritasuna aztertzeko. Hondarribiko Udalak eta Parkeak Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerakin berria idazterakoan egindako lana oinarri hartuta, parkearen beharrak, Hondarribiko Udaleko Osoko Bilkurak 2022.08.24an berretsitako Plan Orokorraren irizpide eta helburuetan txertatu dira. 235.887 m2-ko eremua garatzea aurreikusten da.