Euskadiko partzuergo batek Europa hego-mendebaldean fabrikazioa sustatzeko berrikuntza-sarea jarriko du abian
Aernnova, Mondragon Korporazioa, IK4, ITP Aero eta Tecnalia izango dira Euskadin kokatutako ekimen horretako liderrak eta 2019an jarriko da martxan
Fabrikazioaren sektorea da Europako motor nagusietako bat; hain zuzen ere, sektore horrek bi milioi enpresa eta zuzenean horretan aritzen diren ia 30 milioi lagun biltzen ditu. Hala ere, merkatuaren eta gizartearen behar berriak, aurrerapen teknologiko azkarrak eta ingurumeneko eta iraunkortasuneko eskakizun berriak direla eta, sektorean aldaketa handia ari da gertatzen. Lehiakorragoa, iraunkorragoa eta produktiboagoa izan dadin laguntzeko, EIT Manufacturing ekimena sortu da Europako Batzordearen babesarekin. Kontinente osoko 50 enpresa eta zentro teknologiko baino gehiago arituko dira elkarlanean Europa mundu mailako erreferentzia izan dadin fabrikazio arloko berrikuntzan, eta enpresek teknologia berriak azkarrago eta modu eraginkorragoan har ditzaten ahalbidetzeko.
Ekimenak berrikuntzako sare espezifikoa izango du Euskadin, Europaren hego-mendebaldean produkzioaren jarduera dinamizatzeko, prestakuntzarako eta fabrikazio aurreratuko proiektuak sustatzeko eta finantzatzeko. Hori abian jartzeaz euskal erakunde hauek arduratuko dira: Aernnova, Mondragon Korporazioa, IK4 Research Alliance, ITP Aero eta Tecnalia. Ekimena 2019an abiatuko dela aurrez ikusi dute. Hala, sareak urtean 15 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du produktu berriak sortzeko eta garatzeko zein lehendik dauden teknologiak aplikatzeko garaian enpresei euskarria emateko. Aurreikuspenen arabera, Euskadiko industria arloko enpresen erdiek baino gehiagok aterako diote etekina horri.
Aliantzaren helburuak
Euskadiko sareak planteatzen dituen erronkak honako hauek dira: industriaren digitalizazioa ahalbidetzea eta produkzio arinagoa eta malguagoa lortzen laguntzea, ingurumenari eta gizarteari dagokienez jasangarria izan dadin. Hala, kalitateko lanpostuak sortzen lagunduko du, ikasleak trebatuko ditu eta talentudun pertsonak erakarriko ditu, eta horren bidez, “berrikuntzako ekosistemak” sortuko dituzte, enpresek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta inbertsiogileek haiekin elkarreragiteko.
Helburu hori lortzeko, EIT Manufacturing abiatu eta lehen 7 urteetan, Euskadiko sareak eragileen arteko harremanak sustatzeko mekanismo berriak jarriko ditu martxan, merkatura 100 produktu berritzaile berri baino gehiago etor daitezen bizkortzeko, 200 enpresa berri baino gehiago sortzeko eta 10.000 laguni baino gehiagori prestakuntza eskaintzeko.
EIT Manufacturing 7 urtez baino gehiagoz 50 erakundek baino gehiagok egindako lankidetzaren emaitza da; eta hor Euskadiko partzuergoak egindako ekarpen bereizgarria erabakigarria izan da ekimenak lortutako arrakastarako. Sareak EIT, Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren bultzada eta babesa izan du. Erakunde hori berrikuntza-sareak sortzeaz arduratzen da, eta horien artean prestakuntzako, I+G+b arloko eta negozio berriak sortzeko jarduerak biltzen ditu. EITk orain arteko ibilbidean dagoeneko sortu ditu horrelako komunitateak beste sektore batzuetarako: hala nola energia, ingurumena, digitala, osasuna, lehengaiak, elikadura eta hiri-mugikortasuna.