Euskal Encounter-ak aro berria hasiko du publiko orokorrari zuzendutako gune berria sortuz

Bizkaia

• Urteko ekitaldi teknologiko nagusietako bat bezala aurkeztu da, Bilboko Domine hotelean datozen uztailaren 22, 23, 24 eta 25ean BECen ospatuko den Estatuko informatika party handiena

• Bilkura informatikoak OpenGune estreinatuko du, stand eta hitzaldi programa zabala izango dituen gune irekia eta doanekoa

Euskaltel Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, SPRI-k eta kutxak Euskal Encounter 18 aurkeztu dute gaur goizean. Munduko informatika party azkarrena datozen uztailaren 22, 23, 24 eta 25ean izango da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en (BEC).

2010eko edizioko datu garrantzitsuenak azaldu ostean, ekitaldiko arduradun nagusi Sabino San Vicentek Euskal Encounterrak “gizartera irekitzeko” duen borondatea azpimarratu du. Horretarako da, hain justu, estreinakoz antolatu den OpenGune atala, doanekoa eta publiko guztiari irekia izango dena eta Euskal Encouter-a gizarteratzeko asmoa duena.

Sabino San Vicenterekin batera izan dira, aurkezpen prentsaurrekoan, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondo, SPRIko Informazioaren teknologia-, berrikuntza- eta gizarte-alorreko zuzendari Juan Castro, Kutxaren Gizarte Ekintzako zuzendari Carlos Ruiz eta Euskaltel Fundazioaren zuzendari Mikel Astorkiza.

Foru diputatu Josune Ariztondok azpimarratu du Euskal Encounter-ak “moldeak puskatzen” dituela urtero eta aurten ere, beste behin, aurreko urteko edizioa gainditu duela zerbitzu eta baliabide berriekin: “Euskal Encounterrak jadanik oraina diren etorkizuneko tendentziak markatzen ditu”, azaldu du. Foru diputatuak nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntzarekin eta teknologia berrien garapenarekin duen konpromisoa, instituzioak party-ko stand gunean izango duen espazioak adierazten duen moduan. Bertan, Biscaytik edo Azkue Fundazioa bezalako proiektuak aurkezteaz gain, Foru aldundiak erlaxatzeko gune bat ipiniko du parte hartzaile guztientzat. Era berean, gaztetasuna, teknologia berriak eta Euskara ardatz dituen lehiaketa bat antolatuko du, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Encounter-aren alde egiten duen apustuaren adierazgarri dena.

SPRIko Informazioaren teknologia-, berrikuntza- eta gizarte-alorreko zuzendari Juan Castrok, bere aldetik, IKT-en garapenak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Izan ere, ikerketek azaleratzen dutenaren arabera enpresa munduan teknologia berriak aplikatzeak erlazio zuzena du produktibitatea handitzearekin. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Euskal Encounter-arekin egiten duen elkarlana azpimarratu du, ekitaldi hau “zedarri garrantzitsua” baita eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren alde egiten duen apustuarekin bat baitator.

Teknologia berrien garapena bultzatzea da, hain justu, kutxaren helburuetako bat. Entitate honek Euskal Encounter-a antolatzen lagundu du ekitaldiaren lehenengo urtetik eta, aurten, bere sponsor papera indartu nahi du proiektu solidario baten bitartez, entitatearen Gizarte Ekintzako zuzendari Carlos Ruizek aditzera eman duenaren arabera. Partyko parte hartzaileek proiektu solidario batentzako webgunearen proposamena egin ahalko dute, eta aurkeztutakoen artetik onenak 1.500 euroko saria eskuratuko du. Gainera, beste 500 euro irabazleak aukeratutako GKE batera bideratuko dira.

Euskal Encounter 18aren izaera berezia azpimarratu du, baita ere, Euskaltel Fundazioko zuzendari Mikel Astorkizak, eta aditzera eman du ekitaldiak “hazkunde eta gizartearenganako gerturatze aro berri bati” ekiten diola aurten. Astorkizak Estatuko ekitaldi handi eta azkarrenaren kalitate maila altua nabarmendu du, 20.000 megako konektibitatea eta hizlari ospetsuen parte hartzea izango baitu. Bertan izango dira bideojokoen munduko aitzindari Nolan Bushnell –Atariren sortzailea- eta Claude Comair –DigiPen Teknologia Institutuko fundatzailea- besteren artean. Era berean, Euskal Encounter-a “ezaguera asko biltzen dituen espazio” zabala dela adierazi du, eta berau plataforma egokia izan daitekeela Euskadin proiektu interesgarriak garatzeko.

Euskal Encounter 18-ak datorren uztailaren 22an, goizeko 10:00etan hasiko da ofizialki, eta igandeko, uztailak 25, arratsaldeko 19:00ak arte izango da martxan. www.euskalencounter.org

Partekatu

Beste berri batzuk