Euskal enpresek atzerrian negozioak egiteko dituzten aukerak ezagutu dituzte gaur Bilbon
- SPRI Taldeak jardunaldi tekniko batean aurkeztu du Basque Country Expertise ekimena eta atzerrira esportatu diren proiektuak: Urbe2050 Kolonbiara, Smart Grids Brasilera eta Berrikuntza Txilera.
- Basque Country Expertise SPRIk euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko abiatu duen ekimen berri bat da, aukera ematen diena euskal enpresei nazioarteko proiektuetan eta proiektu multilateraletan parte hartzeko, eta horretarako, EAEk lehiakortasun arloko eta eskualde garapeneko politika publikoetan duen esperientzia aprobetxatzen du.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRI Taldearen (Euskadiko enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzoaren) bidez azaldu ditu jardunaldi tekniko batean zeintzuk diren euskal enpresen negozio eta lankidetzarako aukerak proiektu publiko-pribatu arrakastatsuetan. Bilboko SPRIren egoitzan egin den ekitaldi horretan ezagutzera eman dira Basque Country Expertise ekimena eta esportatutako lehen hiru kasu arrakastatsuak: Urbe2050 Kolonbiara, Smart Grids Brasilera eta Berrikuntza Txilera.
Basque Country Expertise SPRIk euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko abiatu duen ekimen berri bat da, aukera ematen diena euskal enpresei nazioarteko proiektuetan eta proiektu multilateraletan parte hartzeko, eta horretarako, EAEk lehiakortasun arloko eta eskualde garapeneko politika publikoetan duen esperientzia aprobetxatzen du.
Basque Country Expertise ekimenaren bidez, negozio aukerak sortu nahi dira nazioartean euskal enpresentzat —bereziki, zerbitzu aurreratuen sektorekoentzat—, Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakundeek politika publikoen arloan duten izen ona oinarri gisa hartuz. Ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren 2010-2013 Enpresa Lehiakortasun Planean du jatorria.
Basque Country Expertise ekimenaren oinarrian daude Euskal Autonomia Erkidegoak lehiakortasunaren eta eskualde garapenaren arloko politika publikoetan izan dituen esperientzia arrakastatsu ugariak: industri eraldaketa, klusterrak, berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa, teknologi parkeak, eten digitala murriztea eta informazio gizartean barneratzea, enpresen nazioartekotzea, ekintzailetza sustatzea, enpresa haztegiak eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak sortzea, hiru iraunkorrak, eta abar.
Eusko Jaurlaritzak paper garrantzitsua izan du horietako askotan, baina, aldi berean, beste erakunde publiko batzuek (teknologi zentroek) eta sektore pribatuak (ingeniaritzak eta aholkularitzak) ere protagonismoa izan dute, hainbat motatako aliantza publikoen bidez (adibidez, Bilbao Ría 2000) eta itun publiko-pribatuen bitartez (esaterako, klusterrak, Innobasque, Euskalit, auto elektrikoa, Smart Grids, eta abar). Gainera, SPRI Taldeak know-how handiko giza-taldea du, esperientzia handia duena arlo hauetan guztietan, eta, bestalde, Bulego Iraunkorren Sare sendo bat du atzerrian, jakintza eta presentzia ematen diona nazioartean.
Basque Country Expertise ekimenaren adibideak:
Txile: SPRI Taldeak aholkularitza teknikoko eta know-how eta metodologia transferentziako proiektuak abiatu ditu Txileko erakundeekin, lehiakortasun arloko politika publikoetan eta eskualde mailako berrikuntza sistemetan. SPRIk parte hartu du —Bidasoa Activa eta Tecnaliarekin batera— Europar Batasunaren funtsekin burututako laguntza teknikoko proiektu batean, Arica eta Parinacota eskualdeetara eramateko SPRIren metodologia Lehiakortasun eta Berrikuntza Ibilbideen arloan.
Urbe 2050. Irismen handiko Lankidetza Plataforma publiko-pribatu bat garatzeko asmoz abiatutako ekimen honen babesean, Euskadiko enpresa, unibertsitate eta erakundeak lankidetzan ari dira beste enpresa eta erakunde batzuekin hiri hazkor eta iraunkorrak garatzeko nazioarteko proiektu zenbaiten barruan, esaterako BID-en “Hiri Hazkor eta Iraunkorrak” programaren barruan. URBE 2050 lankidetzarako plataforma publiko-pribatuaren helburua da nazioartean lan egitea hiri garapen iraunkorra eta herri zein hirien birsorkuntza lortzeko, konponbide arin eta malguak eskainiz toki bakoitzeko arazo zehatzei. Joan zen astean sinatu zen lehen lankidetza akordioa euskal hiriburuek birsorkuntzaren arloan bildu duten jakintza eramateko Kolonbiako lau hiritara.
Brasil. Paranako Gobernuak Sare Elektriko Adimendunak garatuko ditu, eta horretarako, euskal eredu batean oinarritutako (Bidelek) Smart Grids Paraná ekimena jarriko du martxan Oinarrizko Ingeniaritzako proiektu batetik abiatuta. Irailean, Eusko Jaurlaritza buru zuen euskal enpresen misio bat Paranara (Brasil) abiatu zen, hango egoera eta, zehazkiago, Costa Verde proiektua ezagutzeko. Proiektu horren bidez kontsumo kontagailu tradizionalak kendu eta kontagailu digitalak jarriko dira. Kontagailu digitalen bidez posible da denbora errealean edukitzea kontsumoei buruzko informazio xehea eta baita ere jakitea zeintzuk diren sareko kargak eta intzidentziak; hala, hobeto kudeatu ahal izango da gero eta konplexuagoa den sare hau eta erantzun denborak eta matxurak gutxituko dira. Datu horiekin guztiekin, kontsumitzaileak aurreztu egin dezake bere fakturan.