Euskaltel Taldea aintzatetsi dute karbono-emisiorik gabeko ingurumen-kudeaketagatik

Albisteak, Bizkaia

Taldeak karbono-emisioen % 96 murriztu du hiru urtean

Gainera, Ingurumen Kudeaketako ISO 14001 arauaren eta EMAS Europako Araudiaren araberako ingurumen-ziurtagiriak berritzea lortu du

Zero emisio netoko helburu hori 2050erako lortzea aurreikusten da Parisko Hitzarmenean, baina askoz lehenago lortu du enpresak, eta ingurumen-jardunbide onenekin duen konpromisoaren seinale da hori

Argindarra aktibo berriztagarrietan oinarrituta sortzeko energia epe luzera erosteko Iberdrolarekin akordioa sinatu zuen estatuko lehen telekomunikazio-operadorea izan zen Euskaltel

Euskaltel Taldea ingurumen-kudeaketagatik aintzatetsi dute; izan ere, zero karbono-emisio netoren helburua lortu du, eta, gainera, Energia Kudeaketaren ISO 50001 ziurtagiria eskuratu du. Arau horrek erakundearen energia-jarduera ona islatzen du, eta energia-kontsumoa kudeatzen eta murrizten laguntzen du.

Zero emisioko ziurtagiria CEROCO enpresak eman du, zeina ECODES Fundaziokoa baita, eta, hain zuzen, Garapen Iraunkorreko Helburuak eta Parisko Akordioa lortzea da fundazio horren helburua.

Hiru urtean, Euskaltel Taldeak % 96 murriztu ditu karbono-emisioak: 22.832 tona izan ziren 2018an (1. eta 2. mailako irismenari dagokio; eta 3. mailakoari, berriz, ur, paper eta tonerrerako bakarrik), eta mila tona baino gutxiago 2021ean, eta konpainiak zuhaitzak landatzeko proiektu baten bidez orekatu ditu emisio horiek.

Karbono-emisio netoa zero izateak esan nahi du, CO2-aren balantze neutroa izateaz gain, karbono-emisioak ahalik eta gehien murriztea, eta, gutxienez, berotze globala 1,5 °C-ra mugatzearekin bat etortzea. Enpresa batentzat, zero karbono-emisio neto lortzeak esan nahi du, batetik, karbono-emisioak murriztu egiten direla eta, bestetik, enpresaren balio-kateak atmosferan karbono dioxidoaren metaketa netorik eragingo ez duen egoera lortzen dela, hondakin-emisioak zuhaitzak landatzeko proiektuen bidez konpentsatuz.

ISO 50001 Energia Kudeaketaren ziurtagiria eskuratzeaz gain, Euskaltel Taldeak
arrakastaz gainditu du Ingurumen Kudeaketako ISO 14001 arauen eta Europako EMAS araudiaren ingurumen-ziurtagirien segimendu- eta berritze-ikuskaritza. Euskaltelen, R-ren eta Telecableren ingurumen-adierazpenak ziurtatu dira ikuskaritza horretan.

Sektorean erreferentea ingurumenaren arloan

Ziurtagiri horiek eskuratuta, telekomunikazio-sektorean erreferentea da Euskaltel Taldea ingurumenaren, erantzukizun sozialaren eta gobernu korporatibo egokiaren arloan. Gainera, baliabideak modu eraginkorrean baliatuz ingurumenarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duten konpromisoa erakusteko aukera ematen diete Euskaltel Taldeari eta taldeko marka guztiei, konpainiaren Jasangarritasun Politikan jasotzen den moduan.

Zero emisio netoko helburu hori 2050erako lortzea aurreikusten da Parisko Hitzarmenean, baina askoz lehenago lortu du enpresak, eta ingurumen-jardunbide onenekin duen konpromisoaren seinaleetako bat da hori.

Ingurumenaren arloan, Euskaltel Taldearen estrategia da negozio-eredu arduratsu baterantz egitea, lehentasuna emango diena karbono-neutraltasunari eta emisioak gutxitzeari, horretarako gutxiago kutsatzen duten energiak baliatuta eta baliabideak modu arduratsuan erabilita. Enpresak hiru jarduera-ildo nagusiren bidez garatzen du estrategia hori: klima-aldaketaren aurkako borroka eta baliabideen kontsumo eraginkorra; hondakin elektronikoen zirkularitatea eta kudeaketa (ekipoak berrerabiltzea lehenestea, birziklatu edo ezabatu ordez); eta ingurumen-ziurtagiriak eta -ekimenak sustatzea.

Euskaltel “Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantza”n

Hala, Euskaltel Taldeak bat egin zuen “Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantza”rekin, Europar Batasuna ekonomiaren aldetik jasangarriagoa izan dadin COVID-19aren krisiak eragindako inpaktu handiaren ondoren.

Adierazpen horrek Europako Itun Berdea (European Green Deal) du atzean, hiru zutabetan oinarritutako hazkuntza-estrategia gisa: digitalizazioa, deskarbonizazioa eta erresilientzia. Horren funtsa da lehiakortasunak eta ingurumenak uztarri berean joan behar dutela, ingurumen-jasangarritasunik ezean ez baitago ekonomia- edo gizarte-jasangarritasunik.

Manifestu hau sinatu duten guztiek (enpresak, erakundeak, GKEak, eremu publikoko eta pribatuko pertsona ospetsuak eta herritar anonimoak) ekonomia jasangarriago eta sendoago baterantz jotzea babesten dute, eta Europako gobernuei eta liderrei eskatzen diete aukera eman diezagutela ekonomia eta gizarte berdeago, aberatsago, osasungarriago eta iraunkorrago bat lortzeko politikak diseinatzeko.

Gure enpresa-estrategiaren garapen osoan, Mundu Itunak, Parisko Klimaren Hitzarmenak, Agenda 2030ek eta Garapen Jasangarrirako Helburuek emandako jarraibideei jarraitzen die Euskaltel Taldeak, mundu jasangarriagoa lortzeko eraldaketa-palanka gisa.

Euskaltel izan zen PPA bat sinatu zuen lehen telekomunikazio-operadorea

Energia salerosteko epe luzeko hitzarmena sinatu zuten Iberdrolak eta Euskaltelek (ingelesez, PPA, Power Purchase Agreement), Espainian aktibo berriztagarriak oinarri hartuta elektrizitatea hornitzeko; energia-enpresa baten eta telekomunikazio-operadore baten arteko mota horretako lehen hitzarmena.

PPAkk energia salerosteko epe luzeko hitzarmenak dira. Haien bidez, energia-hornitzaileen inbertsioek egonkortasuna lortzen dute, eta kontsumitzaile handiek, berriz, energia berriztagarriak prezio lehiakorretan eta aurreikusteko modukoetan eskuratzen dituzte. Gainera, formula horrek laguntzen die garapen jasangarria lortzeko eta klima-aldaketaren aurka egiteko dituzten helburuak betetzen, kontratu horiei lotutako energiaren jatorri-bermeari esker.

Kasu honetan, Euskaltelentzako energia-horniduraren % 100 berriztagarria da, eta Usagreko (Badajoz) Nuñez de Balboa eguzki-instalaziotik dator, Europako instalazio fotovoltaikorik handienetik.

Partekatu

Beste berri batzuk