Euskaltel Taldeak 62 milioi euroko mozkinarekin itxi du 2019a, bezero gehiagorekin eta errentagarritasun handiagoarekin

Euskaltel Taldeak —Euskaltel, R eta Telecable markek osatzen dute— gaur arratsaldean jakinarazi ditu 2019ko laugarren hiruhilekoari dagozkion datuak. Datu horiek berresten dute emaitza onak lortu direla, bai bezerooinarriaren hazkundean, bai errentagarritasunean, konpainiaren bide-orri estrategian zehaztutako kudeaketa-ekimen eraginkorrak abian jartzearen ondorioz

Taldeak bete ditu 2019ko laugarren hiruhilekorako finantza-helburuak. Ezarritako eragiketa- eta finantza-hobekuntzei esker, 2019a ixtean bere eragiketa- eta finantzamagnitude nagusiak berriro haztea lortu du konpainiak.

2019ko ekitaldiaren itxieran, merkatu masiboan sare finkoko 669.671 bezero zituen konpainiak, 8.757 bezero berri irabazita. Bosgarren hiruhilekoz jarraian izan zuen bezero-gehikuntza, aurreko bi urteetan izandako erabiltzaile-galerarekin alderatuta (2018an 3.500 bezero galdu zituen). Azken hiru ekitaldietatik, 2019koan bakarrik hazi da lau hiruhilekoetan zerbitzu finkoen bezeroen oinarria.

Euskaltel Taldearen bezeroek, 2019an, erabiltzaile bakoitzeko 3,69 produktu kontratatu dituzte, batez beste, eta operadore konbergentearen posizioa finkatu dute, balio handiko telefoniako, banda zabal finko eta mugikorreko eta ordainpeko telebistako produktuen paketeekin.

Enpresa-segmentuari dagokionez, joera positiboari eutsi dio, eta bezero-kopurua nabarmen hazi da, 15.263 ETE eta kontu handitara iritsi arte. Merkatuko player nagusiekiko aliantzetan oinarritutako estrategia komertzial bateratuaren emaitza da hori, bai eta FTTH sarearen bidez produktuak eskaintzearen ondorio ere.

Ebitda eta kutxa-hornidura hazi egin dira

Ustiapen-irabazi gordina, ebitda, 344,5 milioi izan zen ekitaldian, aurreko urtean baino % 2,4 gehiago. Hazkunde nabarmena izan zuen urteko azken hiruhilekoan (92,2 milioi, % 10,2 hazita hirugarren hiruhileko 68,8etatik), azken hiruhilekoetan lortutako joera positiboari jarraituz.

Era berean, ebitdaren marjina diru-sarreren % 50,3raino igo da —aurreko urteko % 48,6koaren aldean, oinarrizko 300 puntu baino gehiago hazi da—, eta erreferentziazko posizioari eusten dio Europan sektoreko konpainien artean. Ratio hori kostuen kudeaketa eraginkorraren emaitza da, konpainiaren ibilbide-orrian zehazten den bezala.

Errentagarritasunaren hazkunde horretatik diru-irabazi handiagoa lortu du Euskaltelek. Hala, kutxa-fluxu operatiboa 190,3 milioi eurokoa izan da; aurreko ekitaldian, berriz, 182,9 milioikoa (% 4 hazi da), eta diru-sarreren marjina % 27,8koa izan da; 2018an, berriz, % 26,4koa (oinarrizko 130 puntu hazi da).

Kutxako fluxuaren hornidura sendoari esker, 2019an sortutako diruak aukera eman du palanka-efektuaren ratioak hobetzen jarraitzeko, zorra ebitda halako 4,2 izan arte, 2019an zorra 45,8 milioi euro murriztu ondoren. Ekitaldi horretan, konpainiak 55,3 milioi euro banatu zituen akziodunen arteko dibidendu gisa, eta horrek % 4ko errentagarritasuna adierazten du, gutxi gorabehera.

Balio handiko bezero gehiago eta kontratatutako produktu gehiago

Taldearen balio handiko bezeroen oinarriak hazten jarraitzen du. Halaber, iaz baino 81.172 produktu gehiago kontratatu dira etxeko segmentuan; 2019aren bukaeran, 2,85 milioi produktu zeuden kontratatuak.

Produktu-motari dagokionez, Taldeak sendotu egin du telefonia mugikorraren segmentuan duen lidergoa, 46.900 linea berri gehiago lortu baititu; banda zabaleko produktuen artean, berriz, 17.700 linea berri gehiago ditu, eta telebistak 21.669 erabiltzaile berri ditu, batez ere 4K deskodetzaileari esker eta OTT plataformak eta zerbitzuak urrutiko agintean integratzeari esker, erabiltzaileek gero eta gehiago eskatzen baitituzte zerbitzuok. Nabarmentzekoa da Taldearen bezeroen ia % 80k kontratatua duela TBa.

Joera positiboa diru-sarreretan

Bezero-hazkundeari eta ARPU indizearen egonkortasunari esker, konpainiak aurreko hiruhilekoetan hasitako joera positiboari eutsi dio, eta diru-sarreren % 0,7ko hazkunde positiboa lortu du 2019ko laugarren hiruhilekoan, aurreko urteko garai berarekin alderatuta. Diru-sarreren hazkunde positibo horrek aldatu egin du azken lau hiruhilekoetako joera negatiboa, eta berresten du, halaber, behar bezala ezarri dela 2019ko ekainean aurkeztutako ibilbide-orria. Bi ziren orri horren helburu nagusiak: negozio tradizionalak eraginkorrago egiten laguntzeko tresnak eskaintzea eta konpainiaren negozioa estatu osora zabaltzeko behar ziren prestaketa-lanak egitea.

Horri dagokionez, Euskaltel Taldeak eraginkortasun-neurri nagusiak ezarrita edo osatuta amaitu du 2019a; hauek dira, besteak beste, hartutako neurriak:

  • Taldearen kudeaketako hiru eskualde-egiturak berregituratzea eta egiturok konpainiaren negozio guztia kudeatuko duen talde exekutibo bakar batean integratzea.
  • Konpainiaren salmenta-estrategia aldatzea, kanal komertzial berriak sartzeko ahalegina barne; horri esker, nabarmen handitu dira salmentak eta asko gutxitu da eragiketa bakoitzeko kostu bateratua.
  • Plataforma tekniko bakar bat sortzea, konpainiaren hiru azpiegitura teknikoak plataforma eraginkor bakar batean integratuko dituena eta konpainiaren hedapen nazionala bultzatuko duena.

Virgin markarekin estatu osora hedatzeko prozesua

Neurri horiei esker, nabarmen murriztu dira eragiketa-gastuak, eta handitu egin da enpresaren marjina operatiboa. Orobat lortu da ibilbide-orriko beste helburu nagusia, estatu osora zabaltzeko prozesuaren funtsezko pausoak eman baitira. Hauek dira, besteak beste, lorpen nagusiak:

  • Konpainiak Orange eta Telefónica handizkariekin zituen hitzarmenak berritzea eta hobetzea; nabarmen hobetu dira hitzarmenon kondizioak, eta, horri esker, konpainiak oso baldintza onetan eskainiko ditu zerbitzuak estatu osoan.
  • Euskaltel Taldea prestatua dago oraindik lan-eremu ez duen Espainiako merkatuaren % 85ean aritzeko. Konpainiak aurreikusitakoaren arabera, 2020ko lehenengo seihilekoan Espainiako 18 milioi etxetara heltzeko aukera izango du (bere merkatu naturalak barne harturik), bai bere sarearen bidez, bai Orange eta Telefónica handizkariekin egindako hitzarmenen bidez.
  • Virgin Taldearekin sinatutako marka-lizentziari buruzko akordioa, zeinari esker konpainiak Virgin marka erabiliko baitu Espainian hedatzeko. Virgin marka, duen ospeari eta dituen ezaugarri paregabeei esker, konpainiaren hedapen-planak bizkortzeko aktibo funtsezkoa izango da, zalantzarik gabe.
  • Bi mugarri horiek beteta eta barne-prestaketa ia amaituta dagoelarik, konpainiak datozen asteetan emango ditu Espainia osora zabaltzeko aurreneko pausoak. 2020ko martxoaren 10ean, negozio-planaren berri emango da, bai eta Espainia osora zabaltzeko eragiketa- eta finantza-helburuen berri ere.

Dibidendu-banaketa

Bestalde, Euskaltel Taldeak 25 milioi euro banatu zizkien akziodunei otsailaren 5ean, konturako dibidenduaren kontzeptuan: akzio bakoitzeko, 0,14 euro gordin. Konturako dibidenduen banaketa 2019ko urriaren 29an erabaki zuen Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak.

Dibidenduak banatzen diren laugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. 2020an egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da, Administrazio Kontseiluak proposatuta, zenbatekoa izango den 2019ko konturako azken dibidendua.

Finantza-merkatuek aitortu dute konpainiaren bilakaera positiboa, eta Euskaltelen akzioaren prezioa % 30 baino gehiago igo zen 2019an: ia hiru aldiz gehiago Espainiako merkatuko erreferentzia-indizea baino. Ondorioz, 2019ko abenduan, Ibex Medium Capen onartu zuten Euskaltel —Ibex 35etik kanpoko Espainiako balore-merkatuko 20 enpresa adierazgarrienak biltzen ditu Ibex Medium Cap-ek—.