Euskaltel Taldeak bat egin du Berreskuratze Berdearen aldeko Europako Aliantzarekin

Albisteak, Bizkaia

Europako herrialdeetako gobernuei COVID-19ak eragindako krisia arintzeko neurriak eta politikak ezartzeko eskatzen dien atxikimendu-agiria sinatu du José Miguel García kontseilari delegatuak

Euskaltel Taldearen ustez, gure gizartean aldaketa garrantzitsuak azkartzeko aukera bat da krisi hau. Digitalizazioa eta konektagarritasuna erabakigarriak izan dira osasunalertan, eta funtsezko palanka izango dira ekonomiaren deskarbonizazioa eta gizarte jasangarriago, osasungarriago, bidezkoago eta erresilienteago bateranzko aldaketa bultzatzeko

Euskaltel Taldeak bat egin du ‘Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantzarekin’ (Green Recovery Alliance), Europar Batasuna ekonomiaren aldetik jasangarriagoa izan dadin COVID-19aren krisiak eragindako inpaktu handiaren ondoren.

José Miguel Garcíak, Taldeko CEOak, “Ekonomia modu jasangarrian berreskuratzeko manifestua” sinatu du. Europan sortutako ekimen horrek Europako herrialdeetako gobernuei eskatzen die neurriak eta politikak ezar ditzatela COVID-19ak eragindako krisia arintzeko, jasangarritasuna eta aniztasuna aintzat hartuta.

Adierazpen horrek Europako Itun Berdea (European Green Deal) du atzean, hiru zutabetan oinarritutako hazkuntza-estrategia gisa: digitalizazioa, deskarbonizazioa eta erresilientzia. Horren funtsa da lehiakortasunak eta ingurumenak uztarri berean joan behar dutela, ingurumen-jasangarritasunik ezean ez baitago ekonomia- edo gizarte-jasangarritasunik.

Manifestu hau sinatu duten guztiek ( enpresak, erakundeak, GKEak, eremu publikoko eta pribatuko pertsona ospetsuak eta herritar anonimoak) ekonomia jasangarriago eta sendoago baterantz jotzea babesten dute, eta Europako gobernuei eta liderrei eskatzen diete aukera eman diezagutela ekonomia eta gizarte berdeago, aberatsago, osasungarriago eta iraunkorrago bat lortzeko politikak diseinatzeko.

Euskaltel Taldearen ustez, gure gizartean aldaketa garrantzitsuak azkartzeko aukera bat da krisi hau. Digitalizazioa eta konektagarritasuna erabakigarriak izan dira osasun-alertan, eta funtsezko palanka izango dira ekonomiaren deskarbonizazioa eta gizarte jasangarriago, osasungarriago, bidezkoago eta erresilienteago bateranzko aldaketa bultzatzeko.

Taldearen ingurumen-kudeaketa

Euskaltelen ingurumen-estrategia bat dator Garapen Jasangarriaren 2002-2020ko Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Nazio Batuen Mundu Ituneko 12. eta 13. GJHekin: “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” eta “Klimaren aldeko ekintza”, hurrenez hurren. Arlo horretan duen konpromisoa Global Compact-en Klimaren aldeko Adierazpenean eta Comunidad#PorElClima ekimenean ere islatzen da.

Horretaz gain, EMAS eta ISO 14001:2015 araudien araberako Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat eta ISO 50001:2018 arauaren araberako Energia Kudeatzeko Politika eta Sistema bat ditu.

Oinarri sendo horiek aintzat hartuta, baliabideen kudeaketa arduratsuaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua Euskaltel Taldearen arlo horretako eragiketen giltzarrietako bat da, eta, beraz, berrerabiltzea lehenesten da birziklatzearen edo botatzearen aldean. Esate baterako, 2019an, 217.000 ekipamendu baino gehiago berrerabiltzea lortu zen, instalatutako bezeroekipamenduen % 56, alegia.

Eta urtero ezartzen dira CO2-emisioak murrizteko planak, energia- eta erregai-kontsumoa murrizteko. 2019an,% 37,5 murriztu ziren BEGen (berotegi-efektuko gasen) zuzeneko emisioak, aurreko ekitaldiaren aldean.

 

Halaber, 2019ko ekitaldian, hodeiko zerbitzuek ingurumenean duten eragina ikusita, Euskaltelen Data Center Birtualaren (DCB) bizi-zikloa aztertu da (IHOBE-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Agentziarekin lankidetzan), helburutzat harturik DCBaren funtzionamenduaren eta baliobizitzaren alderdi garrantzitsuenak identifikatzea, ingurumen-ikuspegitik, hobekuntzak proposatzeko.

Jasangarritasun-adierazlea

Jasangarritasunarekiko konpromiso horren aitorpen gisa, Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartu da Euskaltel Taldea ekainaren 22an. Munduko jasangarritasunindize entzutetsuenetako bat da, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu. Inbertitzaileei ingurumen-, gizarte- eta gobernu-arloko jardunbide onenak betetzen dituzten enpresei buruzko informazioa emateko diseinatuta dago.

Partekatu

Beste berri batzuk