Euskaltel Taldeak ‘Emakume talentudunak’ programa jarri du martxan, emakumeen lan-ibilbideari bultzada bat emateko

Albisteak, Bizkaia, Konpromisoa

Programa horren bidez, gaitasun berriak eskuratzeko eta ahalduntzeko aukera ematen zaie enpresako emakumeei, erakundearen barruan zeregin garrantzitsuagoa izan dezaten.

Charo Lacal Operazio eta Eraldaketako zuzendaria eta Nuria Fresco Giza Baliabideetako zuzendaria Zuzendaritza Batzordean sartu dira.

 

Lan-kultura askotarikoa eta inklusiboa sustatzen du Euskaltel Taldeak, eta langileen prestakuntzarako eta garapenerako aukerak bermatzen ditu. Horregatik, “Emakume talentudunak” programa jarri du martxan operadoreak, Pilar Jericó enpresario eta hizlariaren eskutik. Programa horren helburua da jarduera-maila handia eta potentzial handia duten emakumeen lan-ibilbideari bultzada bat ematea. Vesper, Be Up eta Abantian elkarteen laguntza ere izango du konpainiak plan horretarako.

Enpresako langileen % 38,22 STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) profiletan goi-mailako titulazioa duten emakumeak dira. Horregatik jarri du martxan telekomunikazioen arloan emakumeek duten zeregina nabarmentzeko programa hau. ‘Emakume talentudunak’ ekimenaren bidez, emakumeek telekomunikazioen sektorean duten zeregina nabarmendu nahi da, eta haien gaitasun profesional batzuk indartu, hala nola lidergoa edo sormena, ezagutza eta gaitasun guztiak praktikan jar ditzaten, eta, hala, erakundearen barruan zeregin garrantzitsuagoa bete dezaten.

Honela azaldu du Nuria Frescok, Giza Baliabide, Antolakuntza, Kalitate eta Komunikazioko zuzendariak: “Euskaltel Taldeak berdintasunaren aldeko apustua egiten du, eta ‘Emakume talentudunak’ programa horren adibide da. Programa hau enpresa barneko arlo guztietako emakumeei zuzenduta dago, eta haren helburua da, hautatutako emakume-talde baten ibilbide profesionalari bultzada emateaz gain, profesionalen zuzendaritza-postuetarako gaitasunak indartzea, emakumeen lidergoa sendotzea, emakumeen artean networking-a sustatzea, lan-metodologiak trukatzea eta pentsamendu-aniztasunaren bidez sormenari bide ematea”.

Halaber, Euskaltel Taldeak, sektorea inklusiboago bihurtu nahian, neska gazteek ikasketa teknikoak egitea sustatzen du. Bere hiru marken (Euskaltel, R eta Telecable) eta Fundazioaren bidez, lankidetzak egiten ditu unibertsitateekin, lanbide-heziketako zentroekin eta fundazioekin, Euskadin, Galizian eta Asturiasen lan-munduan sartzen laguntzeko. Ildo horretatik, lantokietara bisitak antolatzen ditu, ikasleen lan-orientazioan laguntzen du, eta hezkuntza-lankidetzako erregimeneko 43 lagun ditu.

Emakumeak Zuzendaritza Batzordean.

2017an, Giza Baliabide, Antolamendu, Kalitate eta Barne Komunikazioko zuzendari izendatu zuten Nuria Fresco, eta, oraintsu, Operazio eta Eraldaketako Zuzendaritzaren arduradun izendatu dute Charo Lacal (arloa sortu berria da). Hala, dagoeneko bi dira operadorearen zuzendaritza-batzordeko kide diren emakumeak, eta, beraz, emakumeen presentzia % 22,2koa da jada gobernu-organo horretan.

Konpainiak une honetan 700 langile ditu; haietatik, % 59 gizonezkoak dira, eta % 41 emakumeak. Emakume horien % 30 ikasketa teknikoetan tituludunak dira (STEM), eta kualifikazio-maila oso handia dute.

Operadorearen gizarte-erantzukizuna hiru zutabetan oinarritzen da: pertsonak, gizartea eta ingurumena. Horiekin, pertsonen bizitza erraztu nahi du Euskaltelek, gizarteari onura handia eskaintzen dioten proiektuetan lankidetza sustatu, eta lan egiten duen merkatuetan ingurumen-inpaktua murriztu.

Baina Euskaltel Taldearen konpromiso nagusietako bat bere langileekikoa da. Hori dela eta, lan-jarduera, aukera-berdintasuna eta garapen profesionala hobetzeko ekimenak sustatzen ditu konpainiak.

Partekatu

Beste berri batzuk