Euskaltelek 15.435 euro eman dizkio Vicente Ferrer Fundazioari, Anantapur-eko bi hezkuntza-proiektutarako

Bizkaia

Euskalteleko Harreman Instituzionaletako zuzendariak, Nerea Lupardok, 15.435 euroko txeke bat eman dio gaur goizean Vicente Ferrer Fundazioaren Euskadiko ordezkaritzaren arduradun Irune Pascuali. Iazko urtearen amaieran enpresan egindako feriaren eta bazkari solidarioaren bidez bildutako diruaren emaitza da emari hori.

Bildutako dirua Andhra Pradesh estatuko (India) Anantapur barrutiko Gondipalli eta Kondampalli herrixketan lehen hezkuntzako ikasleentzat bi eskola eraikitzeko erabiliko da. Proiektu horren onuradun zuzenak 39 neskato eta 27 mutiko izango dira, eta, zeharkakoak, tokiko erakundeetako 18 gizon-emakume. Landa-eremuetako dalit omunitatearen, tribuen eta gizarte-egoera ahuleko kasten bizi-baldintzak oso eskasak dira, hein batean goragoko mailetako kastetatik bereizita bizi direlako, eta tokiko gobernuaren zerbitzu publikoetatik urrun. Hezkuntza ezinbesteko baldintza da jende horren garapen pertsonala eta komunitate-garapena lortzeko.

Hezkuntzak nabarmen hobetzen du hartzaileen bizi-kalitatea. Hori dela eta, Vicente Ferrer Fundazioak proiektu hau jarri du abian, 66 haurren esku jartzeko beharrezko osasungarritasun- eta bizigarritasun-baldintzak dituen eskola bat. Eraikinak eremuko ohituretara egokituta diseinatuko dira, eta eraikuntza-prozesuan komunitatearen autokudeaketa- eta antolaketa-gaitasunak sustatuko dira. Arreta berezia jarriko da emakumeen parte-hartzean eta integrazioan.

Dirua emateko ekitaldian Sasi Kutty-k parte hartu du, Vicente Ferrer-ek sortutako erakunde humanitarioko kideak. Sasi Kutty, gaztelaniako itzultzailea eta interpretea, Anantapur-koa da, eta, hasieran, proiektu guztien onuradun izan zen, eta orain, erakundeko langilea da. Haren aita zenak ere Fundazioan lan egiten zuen, amak eta anaiak bezala.

Sasi Anantapur-etik iritsi berria da, eta uste du enpresek egiten dituzten ekintza hauek “funtsezkoak direla Indiako gizarte-egoera ahuleko taldeak gizarteratzeko eta muturreko pobreziatik ateratzeko: dalit-ak edo ukiezinak, tribuak eta kasta atzeratuak. Halako elkartasun-ekintzek, Euskaltelek eta haren langileek egindakoaren modukoek, erakusten dute Fundazioaren lemak, “Bihurtu gizartea gizatasun”, inoiz baino indar handiagoa duela, Euskaltel osatzen dutenak baitira Anantapur-eko jendearekin elkartu direnak, azken horiek gizaki moduan oinarrizkoak diren eskubideak izan ditzaten; kasu honetan, hezkuntza-eskubidea”.

Irene Pascualek azaldu du diru hori “zuzenean bidaliko dela Indiara, berehala hasteko bi eskolak eraikitzen. Proiektuan familia onuradunek parte hartuko dute, eta, eraikuntza amaitutakoan, haiek arduratuko dira eskola kudeatzeaz, guraso-elkarteen bidez. Vicente Ferrer Fundazioa 1969an Anantapur-en lanean hasi zenean, lehen hezkuntzako eskolatze-tasa % 2koa zen Vicente Ferrer Fundazioaren laguntza jasotzen duten komunitateen artean. Une honetan, % 100era iristen ari da, eta neska-mutil dalit-en kopuru garrantzitsua dago unibertsitatean”.

Langileen elkartasun-ekintzak

Enpresaren Erantzukizun Sozialeko Programaren barruan erakundean elkartasunari begira egiten diren ekintza batzuk nabarmendu ditu Euskalteleko Harreman Instituzionaletako zuzendariak. Ekimen horiek islatzen dute, praktikan, konpainiaren helburua dela aberastasuna sortzea bere jarduera burutzen duen gizartean. Nerea Lupardok hau azaldu du enpresa-kudeaketaren filosofia moduan ulertutako Enpresaren Erantzukizun Sozialari buruz: “lagundu egiten digu enpresa jasangarri eta iraunkor gisa finkatzen, konpromisoak garatzen dituen eta gardentasuna faktore giltzarri bihurtzen duen enpresa izaten. Euskaltelen ulertzen dugu EAEn telekomunikazioen arloan dugun lidergoa zabaldu egin behar dela hainbat interes-talderekiko erantzukizuna izateko lidergora. Horregatik txertatu dugu gure Enpresaren Erantzukizun Sozialeko politika konpainiaren estrategian, gure ezaugarri diren Xedearen eta Balioen elementu giltzarritzat”.

Euskaltelek arreta berezia eskaintzen dion interes-talde horietako bat PERTSONAK dira. Euskaltelentzat, bere giza taldea osatzen duten pertsonak dira bikaintasunera iristeko zutabe nagusietako bat. Hori dela eta, jarduera ugari egiten ditu langileentzat, kultura korporatiboa sustatu eta langileen arteko giza harremanak indartzeko. Bi elementu horiek batuta, alegia, Euskaltelen erantzukizuna eta langileak, hainbat ekintza sortzen dira; esaterako, iazko Gabonetan egindakoak.

Euskaltelek elkartasunezko hainbat ekintza jarri ditu abian langileen kezkei erantzuteko; izan ere, langile batzuek dagoeneko lanean ari dira gizarte-izaerako ekimenetan. Hori dela eta, badira zenbait urte konpainiako langileak partaide dituen elkarteentzako eta GKEentzako ekintzak egiten direla urteko garai jakinetan.

2009an, feria bat egin zen, eta, Gabonei amaiera emateko, bazkari solidario bat. Helburua zen dirua biltzea GKE edo erakunde batentzat, eta hartzailea langileek proposatutakoen artean aukeratuko zen.

Feria langileek ekarritako bigarren eskuko liburuekin eta Euskaltelen ohiko hornitzaileek beren borondatez emandako objektuekin osatu zen. Bazkari solidarioan, berriz, bazkaltiar bakoitzak menuarengatik ordaindu zuen zenbatekoa bikoiztu egin zuen enpresak, eta, hala, zenbat eta langile gehiago joan, orduan eta diru gehiago bilduko zen.

Bazkarian bertan egin zen bi ekimen horiekin lortutako funtsak banatzeko zozketa, funts horien hartzaile izan den erakundeko kideak bertan zirela. Euskalteleko langileak laguntzaile dituen erakundeen artean egin zen aukeraketa. Vicente Ferrer Fundazioa izan zen ekintza horren onuraduna.

Partekatu

Beste berri batzuk