Euskaltelek berritu egin du ikastolekiko konpromisoa
- Ikastolek Durangon (Ibilaldia), Agurainen (Araba Euskaraz), Bergaran (Kilometroak) eta Vianan (Nafarroa Oinez) egingo dituzten ekitaldiak babestuko ditu Euskaltelek.
- Teknologia berriak euskararen eta ikastolen zerbitzura jarriz, “Erronka” lehiaketa dinamizatuko du Euskaltelek aplikazio mugikorren bidez.
Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidenteak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, zeinaren arabera, EAEn eta Nafarroan egingo diren ikastolen festak babestuko baititu Euskaltelek: Ibilaldia (maiatzaren 29an, Durangon), Araba Euskaraz (ekainaren 19an, Agurainen) Kilometroak (urriaren 2an, Bergaran) eta Nafarroa Oinez (urriaren 16an, Vianan).
Euskaltelek 1998az geroztik laguntzen dio Ikastolen Elkarteari, lau jaiak bultzatuz. Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez ekitaldietan, 500.000 lagun inguru elkartzen dira urtero euskararen inguruan, kultura eta aisia tartekatzen dituen zirkuitu batean.
Lankidetza-hitzarmen honen bidez, euskararen eta euskal kulturaren alde egiteko filosofiari eusten dio Euskaltelek. Orain arte ere, babes horri esker, hainbat aintzatespen lortu ditu operadoreak, hala nola Bai Euskarari eta Bikain Hizkuntza Kudeaketako Kalitatearen Ziurtagiria, zeinak enpresa-munduan euskara sustatzea aintzatesten baitu.
Sari teknologikoak
Ikastolen festak babesteko laguntza ekonomikoa emateaz gain, “Erronka” lehiaketa dinamizatuko du Euskaltelek; Ikastolen Elkarteak eta Euskaltelek sorturiko lehiaketa bat da, 13 eta16 urte bitarteko gazteen artean lehia egokia eta parte-hartze aktiboa bultzatzeko pentsatua. Lehiaketa irabazten dutenek, bost festetan (Herri Urratsen ere antolatuko baitu “Erronka” Euskaltelek asteburu honetan), telefono mugikorrak eskuratuko dituzte sari gisa. Gainera, beste sari teknologiko batzuk ere eskainiko dizkio Euskaltelek antolakuntzari irabazleentzat, festa bakoitzean “Erronka” dinamizatzeko aktibatuko den aplikazioaren bidez.
Euskaltelen izaeraren ezaugarria da euskara. Hasi zenetik, euskara barruan nahiz kanpoan bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Euskaltelek. Horregatik, hizkuntzaren erabilera egoera guztietara egokitzen du; izan ere, ez du erabiltzen merkatura zuzendutako mezuetan soilik, bezeroentzako jakinarazpen eta zerbitzu guztiak ere euskaraz idazten eta eskaintzen ditu.
Enpresa barnean, telekomunikazio-operadoreak Euskara Plana du martxan 1999az geroztik. Haren bidez, trebakuntza-ekintzak eta sentsibilizazio-jarduerak gauzatzen ditu langileen artean euskararen erabilera handitzeko. Nabarmentzekoa da gure Euskara Planari esker une honetan Euskalteleko langileen % 40k euskara-maila altua duela.