Euskaltelek Datuak Babesteko Europako Eguna ospatu du: «Ondo bizitzeko, funtsezkoa da gure informazio sentikorra babestea»
Susana Rey Euskalteleko Datuak Babesteko Bulegoko Datuak Babesteko eta Zibersegurtasuneko adituak azaldu duenez, «espiritu kritiko partekatua osatzea da gakoa, kasu bakoitzean erabaki egokiak hartu ahal izateko. (…) Lehenbiziko lezioa: Gutxiago gehiago da; zenbat eta datu gutxiago, orduan eta segurtasun handiagoa»
Reyren ustez, ezinbestekoa da «informazio zehatza izatea eta zehatzmehatz jakitea zer ari garen onartzen orrialde, zerbitzu edo aplikazio baten pribatutasun-baldintzei baiezkoa ematen diegunean, halaxe saihestuko baitugu gure datuak desegoki edo iruzur egiteko baliatzea»
Gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu gure datu pertsonalak babesteari: 2020an, konparazio batera, 10.000 erreklamazio eta isun baino gehiago kudeatu zituen Datuak Babesteko Espainiako Agentziak, 8 milioi euro guztira.
Bihar, urtarrilak 28, Datuak Babesteko Europako Eguna izango da. Ospakizun seinalatua, pribatutasunaren eta datu pertsonal eta sentikorrak babestearen garrantzia nabarmentzeko. Egun horren helburua da herritarrak trebatzea eta kontzientziatzea beren eskubide eta betebeharrei buruz, batez ere zerbitzuak kontratatzean eta/edo Internet eta teknologia berrien bidez kudeaketak egitean.
Susana Rey Euskalteleko Datuak Babesteko Bulegoko Datuak Babesteko eta Zibersegurtasuneko adituak hausnartu du zer ondorio ager daitezkeen gure bizitzan ez badugu babesten gure informazio sentikorrena, gure datu pertsonalak, alegia. «Izan ere, gure bizitzan inpaktu benetan desatseginak izan ditzaketen helburuetarako erabil ditzakete gure datu pertsonalak: galera ekonomikoak, nortasuna ordeztea, informazio intimoa argitaratzea, merkataritza-komunikazio ugari jasotzea… Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da ardura handiz babestea gure informazio sentikorra», azaldu du Susana Reyk.
Zenbait aholku, sarean babestuta aritzeko
Euskalteleko datuak babesteko adituak hainbat aholku eman ditu «espiritu kritiko partekatu baten prestakuntzan aurrera egiteko, eta, hala, pertsonek erabaki egokiak har ditzaten kasuan-kasuan».
- «Eskatzea libre da, eta ez ematea ere bai»: ingurune digitaletan gure datuak eman ohi ditugu, eta ez dugu pentsatu ere egiten ziurrenik ez dela beharrezkoa. Nahiz eta asmo txarrez eskatu ez, zibersegurtasun-arazoren bat izanez gero datu horiek esku gaiztoetan amai dezakete eta arazo larriak ekar ditzakete guretzat. Horregatik, eremu honetako abiapuntu gisa, hauxe barneratu behar dugu: «Gutxiago gehiago da; zenbat eta datu gutxiago, orduan eta segurtasun handiagoa» beti.
- «Hurrengoa, hurrengoa… eta gero?»: automatikoki onartzen baditugu webgune, zerbitzu edo aplikazio baten pribatutasun-baldintza guztiak, baimena eman dezakegu gure datuak nahi ez dugun helbururen baterako erabil ditzaten eta/edo uste gabeko arriskuak ekar ditzaten. Irakurri egin behar da pribatutasunari buruzko informazioa, nahitaezkoa baita kasu guztietan, eta pentsatu egin behar dugu onartzea interesatzen zaigun ala ez. Ez badago halako informaziorik, osatu gabea bada, bitxia iruditzen bazaigu edo ulertezina bada… hobe ez fidatu.
- «Ezer ez da doan»: zerbitzu, webgune edo aplikazio batek ez digunean ezer kobratzen erabiltzeagatik, seguruenik gure datuekin arituko gara ordaintzen. Ondo balioetsi behar ditugu hainbat alderdi: enpresa batek jakin behar du, esaterako, non gauden une oro gure mugikorraren bidez Cuencara iristeko helbide zehatza erakusten digun aplikazio baten truke?
Bereziki delikatua da sare sozialen eta adingabeen kasua. Susana Reyk nabarmendu duenez, beti da arriskutsua gure informazio sentikorra sare sozialetan eta Interneten erakustea; «are gehiago hirugarren pertsonena eta, batez ere, adingabeena bada. Gaur egun, gehiegi agerrarazten dira jendaurrean, eta sare sozialetako sextinga etabullyinga ere oso arazo larriak dira haur eta nerabeentzat. Ondorio oso kaltegarriak eragiten dituzte, gainera, zenbait kasutan. Beharrezkoa da gazteenak lehenbailehen heztea beren datuen eta gainerakoenen erantzule izan daitezen, eta, aldi berean, hortzak erakutsi behar dizkiegu tankera horretako portaerak dituzten erabiltzaileei, halakoekin topo egiten dugunean».
Enpresentzat, sinesgarritasun-plusa
Profesionalentzat eta enpresentzat ere ezinbestekoa da pribatutasunaren eta datuak babestearen gaineko egungo legeria betetzea. Legeok bete ezean edo utzikeriaz edo zabarkeriaz jokatzen badugu halako gai garrantzitsu batean aurrean, gerta liteke erakundea bera ere alferrikako arriskuan ipintzea, eta, horren ondorioz, litekeena da agintaritza eskudunek isunak jartzea eta bezeroek, berriz, konfiantza eta sinesgarritasuna galtzea.
Zibergaizkileek beste iruzur batzuetarako ere balia ditzakete negozioan gordetako informazio-filtrazioak edo -lapurretak. Horrexegatik da garrantzitsua informazio sentikorra babesteko segurtasun-neurriak eta -politikak aplikatzea, ezinbestean lotuta baitaude enpresako zibersegurtasunaren kontzeptuarekin.
Susana Reyk, lehen urrats gisa, hauxe gomendatzen du: «Aldatu egin behar dugu zibersegurtasunari buruzko pertzepzioa; ez dugu ikusi behar gastu baztergarritzat, negozioaren finantza-tentsioek estutzean albo batera uzteko modukotzat; aitzitik, barneratu behar dugu inbertsio benetan garrantzitsua eta oinarrizkoa dela». Adituaren esanean, «digitalizazioa enpresen egungo garapenaren oinarria da, baina digitalizazio horrek, profesionalen eta adituen ezinbesteko babesa duen zibersegurtasun-inbertsio egokirik egin ezean, noiznahi lur jo dezakeen funtsik gabeko erraldoi bat sortuko du».
Erreklamazioak eta isunak, ugaritzen
Europar Batasunean, datuen babesa oinarrizko eskubidea da, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) bidez berreskura dezakete Europako herritarrek beren informazio pertsonalaren gaineko kontrola.
Badirudi gero eta gehiago jabetzen garela behar horretaz, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak emaniko zenbakiek erakusten dutenez. Erakunde horrek 10.000 erreklamazio baino gehiago kudeatu zituen 2020an, eta 172 zehapen edo isun jarri zituen; 8 milioi euro baino gehiago guztira.
Salatzeko kanal ofizial irekia
Alde horretatik, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak gizarte osoaren eskura ipini du Lehentasunezko Kanala, helbide honetan: https://www.aepd.es/canalprioritario/. Bide horretatik jota, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak edonori ematen dio aukera kaltetutako pertsona arrisku handian ipin dezaketen edukien berri emateko: eduki sexualak, indarkeria baliatzen edo bultzatzen dutenak –bereziki adingabeak tartean direnean–, eta beste hainbat. Agentziak berak egiten ditu eduki horiek erretiratzeko kudeaketak, irizten dionean badela arriskurik eta egiazkoa dela arrisku hori.
Kanal honetan aurkeztutako salaketek eragindako esku-hartzeak hirukoiztu egin dira azken urteotan, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak 49 kasutan erretiratu ditu edukiak, gehientsuenak adingabeekin eta sexu-jazarpenarekin- eta -edukiekin lotuak. Edonork salatu ditzake sarean eta Interneten ikusgai dauden adingabeen irudiak, nahiz eta kaltetua izan ez. Horrekin, baliteke irudiok haien osasunean eta bizitzan izan ditzaketen ondorio izugarri eta konponezinak saihestea.