Euskaltelek hazten segitzen du sektoreko laugarren krisi-urtean

Bizkaia

Telekomunikazioen euskal operadoreak, Euskaltelek, negozio-lerro guztietan hazkundea izanda itxiko du 2011ko ekitaldia. Aurten ere, euskal merkatuak erakutsi du konfiantza duela azken belaunaldiko zuntz optikozko sareetan garatutako Euskaltelen telekomunikazio-produktu eta –zerbitzu aurreratuen kalitatean eta ugaritasunean, baita haren telekomunikazio mugikorren sarean eta Euskaltelek eskaintzen duen gertuko arreta eta bezeroaren ezagutzan ere, merkatuari erabat lotuta jarduten baitu.

Krisi ekonomikoaren laugarren urtean, eta telekomunikazioen sektorean hirugarren urtez jarraian jaitsiera izan den honetan (% 4 inguru jaitsi da), 1998an sortu zenetik bezerotan, diru-sarreratan eta emaitzatan etengabe hazi den estatuko operadore bakar gisa finkatzeko urtea izan da 2011ko ekitaldia (baita krisiaren laurtekoan ere, 2008tik 2011ra).

Gaur goizean egin duen prentsaurrekoan eman du Euskaltelek 2011ko ekitaldiko balantze bikainaren berri; Euskalteleko presidenteak, Alberto García Erauzkinek, eta orain arteko presidenteak, Jose Antonio Ardanzak, hartu dute parte prentsaurrekoan.

Euskalteleko agintariek esan dutenez, sektorerako bereziki zaila izan den ekitaldi honetan konpainiak bilakaera positiboa izateko gako nagusiak izan dira bezeroenganako arretarako eta haiek leialtzeko estrategia indartzea, eskaintza aberastea, kostuak eraginkorrago egitea eta finantza-kaudimena, lehiakideen presioaren eta krisiagatiko prezio-faktorearen aurrean. Horri guztiari esker, operadoreak bezero-kopurua handitu ahal izan du bere negozio guztietan, diru-sarrerak handitu ditu, eta emaitzak hobetu: % 7ko igoera izan du cash-flow librean (76 milioitik gora), 3 puntu handitu du EBITDA (130 milioi eurotik gorakoa da), eta etengabeko hazkundea izan du negozio guztietako bezero-oinarrian, nahiz eta sektoreak beherakada orokorra izan duen jarduera guztian.

Kudeaketa horri esker, aurreko urtearekin alderatuta, ekitaldiaren amaieran % 1eko hazkundea izango du Euskaltelek diru-sarreretan (aurten, 333 milioi euro; iaz, berriz, 330), eta emaitzak % 17,4 igoko dira (38,4 milioi eurora iritsiko da; 2010ean, berriz, 32,7ra iritsi zen).

“Euskal merkatua merkatu heldua da, eskandinaviar herrialde aurreratuenen antzeko ezaugarriak ditu, eta bezeroak kalitateko eta ahalmen handiko telekomunikazio-zerbitzuak izan nahi ditu, prezio lehiakorretan. Hori da gure apustua, zuntz optikozko sarearen ahalmen handian oinarritua (aurten, gainera, zabaldu egin dugu, DOCSIS 3.0 teknologiak sartuta) eta eskaintza berritzailea ere zutabe duena, bai Banda Zabalean, bai finko eta mugikorren arteko konbergentzian, bai eta bereizmen handiko telebistan ere”, esan du García Erauzkinek.

“Euskal gizarteak erantzun positiboa eman dio Euskaltelen proposamenari, eta bezero berriak ditugu telefonia finkoko mugikorreko, banda zabal finko eta mugikorreko eta telebista digitaleko gure zerbitzu guztietan. Gure bezeroen konfiantzari esker, Euskadiren gaur egungo telekomunikazio-arloko lehia-maila gainerako autonomia-erkidegoetakoa baino handiagoa da, eta hobetzen jarraitzeko aukera ematen digu, teknologiaren alderdian aurreratuena dauden Europako gizarteen pare egoten jarraitzeko”, esan du amaitzeko.

2011: hazkunde negozio guztietan, eta inbertsio berrien iragarpena

Euskaltelen lidergo komertzialak eta finantza-alorreko indarrak berekin ekarri dute diru-sarreren hazkundea eta bezero-kopurua igotzea, eta, hain zuzen ere, merkatu honetan, ekitaldi honetan, aurreikusi da diru-sarreretan % 4ko jaitsiera izango dela, gutxi gorabehera.

Bigarrenik, kostuen eraginkortasunari esker, EBITDA 3 puntu baino gehiago hazi da (interesak, amortizazioak eta Sozietateen Zerga kendu baino lehen lortzen den emaitza da EBITDA; parametro horrek enpresa baten errentagarritasun operatiboa neurtzen du, eta enpresa baten balioa biderkatzen du), eta, beraz, diru-sarreren gainetik dago (130 miloi euro gainditu ditu).

Eta hirugarrenik, enpresaren finantza-kaudimena gehitzeagatik, Euskaltelek % 7 igo du eragiketen bidezko cash-flow librea (zorra amortizatu aurretik sortutako cash-flowa, Euskaltelen finantza-zorra murrizteko erabiltzen dena), eta 76,5 milioi euro baino handiagoa da (aurreko ekitaldikoa 71,5 milioi euro zen). Erreferentzia gisa, 2007ko ekitaldian (krisia hasi aurreko urtekoan), Euskaltelen cash-flowak 48,5 milioi euroko saldo negatiboa zuen.

Euskaltelek merkatuan izan duen bilakaera positiboari esker, hirugarren urtez jarraian, euskal konpainiak konturako dibidendu bat onartu du, 5 milioi eurokoa, 2011ko ekitaldiko emaitzen kontura, eta akzio propiotan eta dirutan ordaintzeko. Konpainiaren gobernu-organoek adostu dute aurten sortutako altxortegia sozietatean bertan gordetzea, datorren bosturtekorako inbertsio-plan handiari aurre egin ahal izateko.

Euskaltelek iragarri du bere Plan Estrategikoan aurreikusi dutela datozen urteetan, guztira, 240 milioi euroko inbertsioak egitea. Sarearen ahalmena areagotzeko eta produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko erabiliko dira inbertsio horiek. Sortu zenetik, Euskaltelek 1.700 milioi euro erabili ditu, batez ere banda zabalaren ahalmena areagotzeko (bai sare finkoan, bai mugikorrean), eta, proportzioan gehien inbertitzen duen estatuko operadorea da (biztanle bakoitzeko, batez beste, 800 euro baino gehiago). 2011a amaitzean, 330.000 km zuntz optiko hedatuak ditu Euskaltelek EAE osoan.

Euskaltelek 2.250 milioi eurotik gorako erosketak egin dizkie euskal enpresei bere ibilbide osoan. Gaur egun, 553 langile ditu Euskaltelek, eta zeharkako 3.000 lanpostu inguru sortzen ditu.

Bestalde, nabarmentzekoa da Euskaltelek I+G+Brako urtero egiten duen ahalegina ere: 2011n, 30 milioi euro baino gehiago izan ziren, diru-sarreren % 8,7 baino gehiago. Ehuneko hori estatuko batezbestekoa baino askoz handiagoa da.

Liderra banda zabalean, telebista digitalean eta sare propioa duen telefonia finkoan

Egoera ekonomiko zaileko eta sektorearen atzeraldiko garai honetan Euskaltelek emaitza onak izateko gakoetako bat da bezero-kopurua handitu izana, batez ere, baliozko zerbitzuak (Euskaltelen zuntz optikozko sarearen bidezko banda zabala edo Telebista Digitala) erabiltzen dituzten bezeroen kopurua, hain zuzen.

Liderra banda zabalean. Euskaltel banda zabaleko merkatuan aitzindaria da Euskadin. Bezero-kopuruaren igoerari esker, goranzko bilakaerari eutsi dio, eta 243.000 linea baino gehiago ditu (urtetik urterako hazkundea % 6,1ekoa izan da). Aurten, Euskaltel izan da banda zabalaren protagonista euskal merkatuan; izan ere, DOCSIS 3.0 teknologiaren bidez, 12/24/50/75 Mb/s-ko abiadurak eskaini ahal izan dizkie bere bezero guztiei. Euskaltel operadoreari esker, zeinak zuntz optikozko sarean oinarritzen baititu zerbitzuak, abiadura oso handiko banda zabalaren kontzentrazio handiena duen estatuko autonomia-erkidegoa da Euskadi. Kalitate handiko banda zabala unibertsal bihurtzeko Euskaltelek egin duen apustu indartsu horren ondorioz, gaur egun, euskal konpainiaren bezeroen % 50ek baino gehiagok 20 Mb/s-tik gorako abiadurak dituzte. Estatuan, berriz, abiadura horiek % 5ek soilik ditu eskura, CMTren azken datuen arabera.

Liderra telebista digitalean. Euskadin, telebista digitalaren lider ukaezina da Euskaltel, eta errekor historikoak hautsi ditu hirugarren urtez: % 22,5 hazi da, eta 160.000 abonatu izatera iritsi. Euskal bezeroak Euskaltelen telebista-eskaintza babesten jarraitzen dute, merkatuko proposamen onena egiten baitu prezio-kalitate erlazioari dagokionez. Aurten, gainera, bereizmen handia eta PVR (Personal Video Recorder, 500 Gigabyte baino gehiagoko memoriaduna) duen deskodetzaile berriaren aukera guztiak zabaldu ditu euskal merkatuan.

Telefonia mugikorra. Euskaltel da Euskadin 2011an gehiena hazi den operadorea. Euskaltelen telefonia mugikorreko zerbitzuak hazkunde historikoa izan du, eta 246.000 bezero izateraino iritsi da; hala, urtetik urterako % 10eko hazkundea izan du, konpainiak 2003tik izan ez duen bezalako ratioa. Euskaltelen 2011ko gorakada ekarri dute sare finko bidezko banda zabaleko bezero guztiei doako banda zabala eskaintzeko apustu estrategikoak eta telefono adimendunen eskaintza handitzeak —hamar alta berritatik zazpi Internet barne hartzen duten Smartphoneak dira— eta terminalerako diru-laguntzarik ez dakarten kostu txikiko tarifen produktua eskaintzeak (SIMple).

Telefonia finkoa. Merkatu heldua izan arren, Euskaltelek hazkunde nabarmena izan du telefonia finkoko bezero-oinarrian. Zuntz optikozko sarea hedatua duen EAEko eremuetan, telefonia finkoko liderra da Euskaltel. 2011n, 390.000 linea gainditzea lortu du; beraz, % 4,5eko hazkundea izan du 2010. urtearekin alderatuta, eta 340.000 bezero baino gehiago ditu (2010ean baino % 4,4 gehiago).

Krisiaren laurtekoaren balantzea (2008-2011)

Euskaltel merkatuan sartu zenetik hamarkada bat igaro ondoren, funtsezko hiru helburu hauek lortzea jarri zuen helburutzat 2008-2011 laurtekorako: diru-sarrerak merkatukoak/sektorekoak baino handiagoak izatea, errentagarritasun operatiboa (EBITDA) etengabe haztea eta, lehen aldiz Euskaltelen historian, eragiketa bidezko cash-flow aske positiboa sortzea, zor garbiaren bolumena murrizteko eta akziodunei ordainsaria ematen hasteko. Helburu horiek nabarmen bete dira.

Laurteko honetan, Euskaltelen arrakastaren gakoa izan da ezarritako ildo estrategikoak ondo garatzea: bezeroak kontratatutako produktuen bolumena handitu egin da (ahalmen handiko banda zabalagatik eta telebista digital interaktiboagatik, batik bat), eskaintza sendotu egin da (abiaduraren aldetik eta aukeraren aldetik), eraginkortasun komertziala areagotu egin da (% 50eko kuota etxeko bezeroetan, eta ia % 40koa EAEko enpresen % 80n, Euskaltelen zuntz optikozko sarea dagoen tokietan), kontratazioak gora egin du telefonia mugikorrean eta banda zabal mugikorrean, bezeroen beharren eta itxaropenen berri izateko modua optimizatu egin da, gertutasuna lehiarako abantaila lehiakor gisa erabiltzeko ahalegina egin da, eta, jakina, eraginkortasuna bultzatu da kostuetan eta teknologien erabileretan eta inbertsioen optimizazioan. Horrenbestez:

  • Diru-sarrerei dagokienez, merkatua baino ia 18 puntu gehiago hazi da Euskaltel 2088-2011 laurtekoan (merkatuak % 14ko jaitsiera izan du, eta Euskaltelek, berriz, % 3,8ko igoera; 2007an 320,5 milioi euroko diru-sarrerak izatetik, 2011n 333 milioi eurokoak izatera).
  • Krisialdiaren lau urteetan (2008-2011), Euskaltelen diru-sarrerek % 3,8 egin dute gora, eta errentagarritasun operatiboa (EBITDA), berriz, % 20 igo da (2007an 108,9 milioi euro izatetik 2011n 130 milioi euro izatera), eta mozkin gordinak, berriz, % 32ko hazkundea izan du (2007an 29,1 milioi izatetik 2011n 38,4 milioi euro izatera).
  • Euskaltelek txikitu egin du, lau krisi-urteetan, bere 235 milioi euroko banku-zor gordina; hala, % 45 murriztu du bere zor garbia (2007 amaieran 500 milioi euro izatetik 2011 amaieran 265 milioi euro izatera). Hala, EBITDAren araberako zor-ratioak bilakaera hau izan du krisiaren laurtekoan: 2007an 4,6 izatetik, 2011n 2,1 izatera.
  • Bezero- eta linea-kopuruak gora egin du krisiaren laurtekoan:
    • % 13,6ko hazkundea izan da Zuzeneko Sarbideko lineetan (telefonia finkoa).
    • % 40ko hazkundea izan da Interneteko banda zabaleko lineetan.
    • TB Digitaleko bezeroak hirukoiztu egin dira (% 293,2).
    • Telefonia mugikorreko lineak % 10 gehiago dira.
    • Egunero ematen diren zerbitzuek % 27,7 egin dute gora (2007 bukaeran, 845.000 ziren; 2011 bukaeran, berriz, 1.075.000).
  • Euskaltelen izandako hazkunde hori sektoreko gainerako konpainiek izan dutena baino askoz handiagoa da, diru-sarrerei dagokienez, eta, era berean, ahalegin handia egin da prezioak murrizteko: laurteko honetan, zerbitzu bakoitzaren batezbesteko prezioa % 20 jaitsi da, nominalki, eta % 30 termino errealetan.

Mejores resultados con la Jornada Continuada

Azkenik, nabarmentzekoa da Euskaltelek 2011n lortutako emaitza bikainak konpainian lanaldi jarraituko ordutegia modu orokorrean ezarri den urtean izan direla, urtarrilaren batetik baitago indarrean neurri hori. Ordutegi berriarekin, Euskalteleko langileek 7:30etik 15:15era egiten dute lan. Lanaldi berria ezarrita, beste pauso bat eman da enpresako langileek lana eta bizitza pertsonala uztartzeko eta haien produktibitatea hobetzeko bidean.

Ekimen hori aintzatesteko, Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Saria, enpresen arlokoa, jaso zuen Euskaltelek, Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzorde Nazionalaren eskutik, azaroan Donostiako Kursaal Jauregian egin zen VI. Kongresuaren barruan. Urte osoan lanaldi jarraitua egitea mugarri bat izan da enpresarentzat; lehenik, denei (emakume eta gizonezkoei berdin) eragiten dien ordutegi bat delako eta bizitza profesionala eta pertsonala bateratzeko aukera ematen duelako ordutegi arrazionalagoen eta talde guztientzako berdinen bidez.

Orain arte ere bazen erreferentzia Euskaltel Euskadin arlo horretan, “europar ordutegia” baitzuen, eta 17:15etik aurrera lanetik ateratzeko aukera eskaintzen baitzuen.

Partekatu

Beste berri batzuk