Euskaltelen diru-sarrerak eta bezero-kopurua hazi egin dira 2015eko lehen seihilekoan
- 2015eko lehen seihilekoko emaitza sendoek enpresak bizi duen hazkundearen adierazle dira.
- Diru-sarrerek urtetik urterako hazkundea izan dute lehen aldiz 2012tik. Urteko lehen seihilekoan, 161,7 milioi euro lortu ditu, aurreko ekitaldian baino % 1,4 gehiago.
- Kutxako fluxuar nabarmen hazi da, EBITDAren hazkundetik gora. Lehen seihilekoan, 57,7 milioi euroko Ustiapen Kutxaren Fluxu Librea sortu du Euskaltelek. % 5,3ko hazkundea esan nahi du horrek, aurreko ekitaldiko garai bereko 54,8 milioi euroekin alderatuta.
- Nabarmentzekoa da ustiapen-emaitzen sendotasuna: EBITDA adierazlea 76 milioi euro izan da, 2014ko ekitaldiko garai berean baino % 4,3 gehiago. Diru-sarreren gaineko marjina 1,3 puntu hazi da, eta % 47raino iritsi da.
- Hazten ari da bezero-multzoa. Lehen seihilekoan, 31.264 linea gehiago lortu ditugu telefonia mugikorrean, 3.678 alta garbi positibo izan ditugu sare finkoan, Banda Zabaleko 6.635 produktu berri lortu ditugu eta ordainpeko TBren 2.906 produktu berri.
- Euskaltelen bezeroen % 61,2k hiru eta lau zerbitzuko paketeak kontratatu ditu; 2014ko ekainaren 30ean, aldiz, % 52,6 ziren.
- Etengabe ari dira hazten etxeko segmentuko diru-sarrerak: % 3,3 hazi dira aurreko ekitaldiko garai berarekin konparatuz gero.
- Enpresen segmentuko diru-sarreren bilakaeran ere joera-aldaketa izan da, hazten ari baitira 2015eko maiatzetik.
Euskaltelek 2015eko lehen seihilekoari dagozkion emaitzak aurkeztu ditu gaur. CVMVri jakinarazitako lehenengoak dira, uztailaren 1ean Burtsan kotizatzen hasiz geroztik.
2015eko lehen seihilekoko emaitza sendoek enpresak bizi duen hazkundearen adierazle dira. Euskaltelen estrategiaren arrakasta haren emaitzetan ikusten da; hori erakusten dute 2015eko ekitaldiko lehen seihilekoko emaitzek eta diru-sarreretan eta bezero-kopuruan izan duen hazkundeak.
Mugarri bat nabari da diru-sarreren eboluzioan, urtetik urterako datuei erreparatuta hazi egin baitira lehen aldiz 2012tik. Euskaltelen urtetik urterako diru-sarrerak % 1,4 hazi dira: 2015eko lehen seihilekoan, 161,7 milioi euro lortu ditu, eta 2014ko ekainean, aldiz, 159,5 milioi euro; hau da, 2015ean aurreko ekitaldiko garai berean baino 2,2 milioi gehiago zituen.
Kutxako fluxua ere nabarmen hazi da; EBITDAren hazkundetik gora, hain zuzen. Lehen seihilekoan, 57,7 milioi euroko Ustiapen Kutxaren Fluxu Libre doitua sortu du. % 5,3ko hazkundea esan nahi du horrek, aurreko ekitaldiko garai bereko 54,8 milioi euroekin alderatuz gero. EBITDA adierazlea kutxa bihurtzeko bihurketa-ratioa % 75,9 izan da, 2014ko ekainean baino 0,7 puntu gehiago, eta etengabe hazteko joerari eutsi dio. Datuok sektoreko erreferente bihurtzen dute Euskaltel, eta Europako beste kable-operadoreen aurretik kokatzen.
Urteko lehen seihilekoan, nabarmentzekoa da ustiapen-emaitzen sendotasuna: EBITDA doitu metatua 76 milioi euro izan da ekainean (aurreko ekitaldiko garai berean baino % 4,3 gehiago), eta diru-sarreren gaineko EBITDA marjina % 47,0koa, 2014ko ekitaldiko marjina metatua baino 1,3 puntu handiagoa.
2015eko lehen seihileko emaitza garbi doitua (irabazi garbi errepikaria) 23,1 milioi eurokoa izan da; 2014ko lehen seihilekoan, berriz, 15,5 milioi eurokoa. Burtsara irteteko prozesuarekin loturiko gastu ezohiko guztiak kontuan harturik, ordea, lehen seihilekoaren emaitza garbia —ezohikoa eta ez-errepikaria— negatiboa izan da: 18,4 milioi euro. Gastu ezohiko eta ez-errepikari horiek kenduta daude Burtsara irteteko prozesuan akziodun saltzaileei ordaindu zitzaien dibidendu ezohikotik; beraz, gastuok ez dute handitu Euskaltelen zorra.
2015eko lehen seihilekoaren amaieran, 417 milioi eurokoa da finantza-zorra; horrek esan nahi du palanka-efektu finantzarioa azken 12 hilabeteetako EBITDA doituaren halako 2,6 izan dela eta, beraz, sektorean konparagarri izan daitezkeenena baino nabarmen txikiagoa dela ratioa.
Bere inbertsio-erritmoari eusten dio Euskaltelek. Aldi horretako inbertsioak (Capex) 18,3 milioi eurokoak izan dira (2015eko ekainera bitartean metatuak), hau da, diru-sarreren % 11,3. 2014ko ekainera bitartean metatutako diru-sarrerak, berriz, 18 milioikoak izan ziren.
Diru-sarreren hazkuntza jarraitua
Etxeko segmentuak bultzatu du diru-sarreren joera-aldaketa. Izan ere, etengabe hazi dira diru-sarrerak segmentu horretan: % 3,3, aurreko ekitaldiko garai berarekiko. Bi datuon ondorio da hori: batetik, CHURN tasa (bezeroen migrazio-tasa) % 12,2raino jaitsi izana 2015eko lehen seihilekoan (2014ko garai berean, berriz, % 14,5era); eta, bestetik, ARPU globala —hau da, erabiltzaile bakoitzeko batez besteko diru-sarrera, 55,5 euro/hil— hobetu izana (2014ko garai berean baino 2,21 euro gehiago).
Hazten ari da bezero-multzoa
Euskaltelek gero eta gidaritza sendoago du merkatuan, hazten ari baita negozio giltzarrietan: esaterako, Banda Zabalean eta telefonia mugikorrean. Etxeko segmentuak lehen seihilekoan izan duen bilakaera positiboaren arrazoi nagusia mugikor-zerbitzua izan da, nabarmen hazi baita bezeroen artean: zehazki, % 59,2, aurreko ekitaldiko garai berean, berriz, % 43,8. Euskalteleko mugikorreko bezero-multzoak 2014ko ekainean baino 45.370 erabiltzaile gehiago ditu (31.264 linea berri aurtengo seihilekoan, eta 1,8 lineako ratioa bezero bakoitzeko). Gainera, 95.328 mugikor-linea gehiago ditu aurten.
Halaber, hazten ari da Euskalteleko bezeroek kontratatutako Banda Zabaleko produktuen bolumena: aurreko ekitaldiko garai berean baino 4.881 produktu gehiago (6.635 produktu berri urteko lehen seihilekoan). Euskaltelen sare finkoko bezeroen % 79,3 osatzen dute, eta aurreko ekitaldiko garai berean, berriz, % 77,3.
Sare finkoko bezeroei dagokienez, 2014ko ekitaldia ixtean baino 3.678 alta garbi gehiago izan dira 2015eko lehen seihilekoan. Ordainpeko telebista dela eta, 2.906 produktu berri kontratatu dira 2015ean.
Igo egin da bezero bakoitzak kontratatzen duen produktu-kopurua
Etxeko segmentuko diru-sarreren hazkundeak konpainiaren pakete-estrategia du oinarri. Hari esker, bezeroen Arpu aldagaia hazi da, eta zerbitzu-bateratzean oinarritutako produktu baliozko gehiago kontratatu dira.
Euskaltelen bezeroen % 61,2k hiru eta lau zerbitzuko paketeak kontratatzen ditu; 2014ko ekainaren 30ean, aldiz, % 52,6 ziren halakoak zituzten bezeroak. 2015eko lehen seihilekoa amaitu ondoren, Euskalteleko etxeko segmentuko bezeroek 3,2 produktu kontratatzen dituzte batez beste; aurreko ekitaldiko ekainean, berriz, 2,9.
Enpresa-segmentuaren egonkortzea eta baikortasun neurrizkoa
Urteko lehen seihilekoaren eboluzioari erreparatuta, enpresa-segmentua egonkortzen ari dela ikusten da, eta, bestalde, ETE-en eta Kontu Handien bizkortzea ikusiz, baikortasuna da nagusi, neurriz bada ere. Krisia hasi zenetik lehen aldiz, joera-aldaketa nabari da segmentu honetan, eta, hala, 2015eko maiatzetik aurrera, hazten ari dira segmentu horri lotutako diru-sarrerak.
Autonomo eta negozio txiki (SOHO) gehiago ditu orain Euskaltelek, etxeko segmentuaren antzeko dinamikari esker. Hazkunde horrek orekatu egin ditu ETE eta Kontu Handien azpisegmentuetan hautemandako zenbait joera zail (egonkortze bidean daude orain joerok, hala ere). Enpresen segmentuko diru-sarrerak 46,2 milioikoak izan dira, eta iaz, berriz, 47,5 milioikoak; % 2,7 gutxiago, beraz. Egoera horren arrazoi nagusia sektore horren 2014ko diru-sarreren eboluzio negatiboa da. Dena dela, aldea gutxituz joan da etengabe, hilez hil, 2015eko maiatzean lehen aipaturiko joera aldatu den arte.
Itxieraren ondorengo gertaerak
Sozietatearen akzioak Espainiako Burtsetan kotizatzen hasi dira
Euskaltel Espainiako Burtsetan kotizatzen hasi zen 2015eko uztailaren 1ean. Akzio bakoitzaren irteera-prezioa 9,50 € izan zen (1.202 milioi euroko burtsa-kapitalizazioa).
Hasierako salmenta-eskaintza 80.408.930 akzio arruntek osatu zuten (sozietatearen kapital sozialaren % 63,54).
Uztailaren 7an, erosteko aukera osoa (Over-allotment option) iragarri zen, kapital sozialaren % 6,354 gehigarri baten truke. Horren ondorioz, sozietatearen tituluen % 69,9ren kolokazio osoa lortu zen.
R Cable Telecomunicaciones de Galicia, S.A (“R Cable”) erosteko asmo-hitzarmenaren jakinarazpena
Euskaltelek eta R Cablek bi konpainiak bateratzeko behin-behineko hitzarmen baten berri eman zuten uztailaren 23an.
R Cableren balioa, hasieran, 1.155 milioi €-an zenbatetsi zen (Enterprise Value); haren EBITDA halako 10,9 da hori gutxi gorabehera, Euskaltel Burtsara atera deneko antzeko parametroetan.
Eragiketa horrekin, Euskaltel Talde berriak 570 milioi euroko proformako diru-sarrerak izango lituzke, eta 265 milioiko EBITDA.
Euskaltelek ordain misto bat eskaini die R Cableko akziodunei: gehiena dirutan ordaintzea (600 milioi euro inguru), eta gainerakoa Euskaltelen jaulkipen berriko akziotan (255 milioi euro inguru). Bestalde, Euskaltelek bere gain hartu du R Cable sozietateak duen 300 milioi inguruko zorra.
Hitzarmena bi konpainietako Administrazio Kontseiluek onartu dute, eta bi baldintzon menpe dago: ‘due diligence’ prozesua behar bezala gauzatzea eta lehia-erakundeek eta bi sozietateetako Akziodunen Batzarrek onartzea.