Eusko Jaurlaritzak babes pribatua bilatuko du bere Ekintzailetza Planerako eta ‘start ups’-etarako

Gipuzkoa

 

Israelera egindako misioa, gai horietan hango eredu berezia ezagutu nahi zuena, oso baliagarria izan da Euskadin dagoen Ekintzailetza Plana zabaldu eta sakondu egin behar dela egiaztatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak oinarri teknologikoa eta hazkunde-ahalmen handia duten enpresak sortzeko Ekintzailetza Planarentzako laguntzak bilatuko ditu. Hori da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailak Israelera egin duen eta gaur amaitu den misioaren ondorio nagusietako bat.

Euskal ordezkaritzak, Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia eta SPRI sozietate publikoaren zuzendariorde nagusi Lara Cuevas buru zituela, Eusko legebiltzarreko Industria batzordeko hainbat kideren partaidetza izan du. Horiek guztiek, joan den igandeaz geroztik, hebrear herrialdeko Zientzia eta Teknologia sistemari lotutako ekintzailetza-ereduaren funtzionamendua ezagutu dute bertan.

Munduan bakarra den berrikuntza-sistema israeldar berritzaileak ahalbidetzen du bere enpresen herenak (4.000 inguru, guztira 12.000 baitira) goi-teknologian lan egitea. Israel munduko lehen herrialdea da I+Grako gastuan bere BPGarekin alderatuta, % 4,5 inguru baita. Japoniak % 3 baino pixka bat gehiago bideratzen du, eta Alemaniak eta Estatu Batuek % 2,5 inguru.

“Egiaztatu dugu beharrezkoa dela lankidetza publiko-pribatu handiagoa bai ‘star ups’ deitutakoen (ekintzailetzari eta berrikuntzari lotutako enpresa berriak) inbertsio eta tutorizazioan bai laguntzak lor ditzaketen enpresen proiektuen ebaluazioan”, adierazi du gaur Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiak, Israel utzi baino pixka bat lehenago eta hiru egunez hamar bat bilera egin ondoren ekintzailetzan eta berrikuntzan zuzenean murgilduta dauden bertako erakunde publiko eta pribatuekin.

Misioa baliagarria izan da Euskadin dagoen Ekintzailetza Plana zabaldu eta sakondu egin behar dela egiaztatzeko. Israelen, non 26 enpresa-haztegi dauden eta urtero 300 enpresa-proiektu inguru lantzen dituzten, finantzaketa ez da soilik publikoa hasiera batean, Euskal Herrian bezala, eta kapital pribatua hasieratik sartzen da.

Gainera, bi urteko epean ez bada lortzen finantzaketa pribatua, enpresa-proiektua bertan behera geratzen da. “Arrisku-kapital pribatuak ‘start ups’ deitutakoen aldeko apustua hasieratik amaierara arte egitea nahi dugu”, adierazi du Xabier Garmendiak.

Ebaluazio-sistema

Industriako ordezkaritzak nahiz eusko legebiltzarkideek eredu israeldarraren ekintzailetza-sistemaren eta ‘start ups’-en bikaintasunen ikuspegi partekatua izan dute. Herrialde horretan, proiektuen ebaluazioan ez dute administrazioko teknikariek bakarrik parte hartzen, izan ere, unibertsitateko, enpresako eta finantzetako sektoreetako adituek ere parte hartzen baitute, eta horrek aukera ematen du arrakasta izan dezaketen proiektuen aukeraketa egokiagoa egiteko.

Topaketarik interesgarrienetako bat Israelgo Industria Ministerioko Buru Zientifikoaren Bulegoan egin zen, irudi hori funtsezkoa baita industriako I+Gari laguntzeko gobernu hebrearraren politikak betearazteko garaian. Bulego horretako haztegi-planaren arduradun Yossi Smoler jaunak adierazi zuen prest zegoela lankidetza-mekanismoak ezartzeko, Israelek ‘start ups’-en sisteman duen indarra eta Euskadik hainbat industria-sektoretan duen manufaktura-ahalmena eskainiz.

Israelgo 4.000 enpresa baino gehiago ari dira lanean goi-teknologiako enpresa gisa ezagutzen direnetan. Konpainia horiek, Israelek egiten dituen esportazioen ia % 80 barne hartzen dute. Urtero 11.000 milioi eurotik gorako balioa biltzen du. Azken 20 urteetan, Israel bezalako herrialde bat, 7,5 milioi biztanle besterik ez dituena, arrisku-kapitaleko inbertsio pribatutan 2.500 milioi euro inguru erakartzeko gai izan da, inbertsio publikoa 450 milioi euro izanik. Bestalde, urtero 300 milioi euro baino gehiago bideratzen dira I+Grako, eta horrek 600 enpresaren 1.000 proiektu ingururi laguntzak emateko aukera ahalbidetzen du.

Euskal ordezkaritzak egiaztatu ahal izan du bost metro koadro eskas dituen lokal batean sor daitekeela ur-botiletan bakterioen detekzioa hiru egunetik bost minutura murrizten duen enpresa bat, hondakin-urak tratatzeko energia % 25 aurrezteko sistema bat, ur-sareko hodietan elektrizitatea sortzeko eredu bat saretik doan ur-emaria bera aprobetxatuz eta sortu den energia elektrikoarekin ur-ihesak murrizteko sentsoreak elikatuz, edo telebista-aparatuetarako ukimen-kontrol bat (botoirik gabe).

 

Partekatu

Beste berri batzuk