Eusko Jaurlaritzak babes pribatua bilatuko du bere Ekintzailetza Planerako eta ‘start ups’-etarako
Misio honen xedea da Israelgo sistemarengandik ikastea, sistema horren bidez oinarri teknologikoko eta hazkunde potentzial handiko enpresak sortzen direlako eta aukera ematen zaiolako enpresen heren bati goi-mailako teknologian jarduteko. Israel da BPGarekiko I+G gastu handiena duen munduko herrialdea.
Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak zuzendutako eta Gasteizko Industria Ganberako batzordeko hainbat legebiltzarkidez osatutako euskal ordezkaritza bat Israelen izango da datorren igandetik asteartera, lehen eskutik ezagutzeko Israelgo Zientzia eta Teknologia sistemarekin lotutako ekintzailetza ereduaren funtzionamendua. Bisita honen xedea da Euskadin ere Israelgo ekintzailetzako eta berrikuntzako sistema berritzailea aplikatzea, bakarra baita munduan, aukera ematen diolako bertako enpresen heren (4.000 hamabi bat milatik) bati goi-mailako teknologien alorrean jarduteko. Israel da bere BPGarekiko I+G gastu handiena egiten duen herrialdea, %4,5 ingurukoa hain zuzen. Japoniak %3 inguru gastatzen du arlo horretan eta Alemaniak eta Estatu Batuek %2,5 inguru.
Misio honetako parte-hartzaileek Israelgo ekintzailetza eta teknologia eredua finantzatzen eta garatzen duten erakundeak ezagutuko dituzte. Besteak beste, bilera bat egingo dute Israelgo Industria Ministerioko Zientzia Buruaren Bulegoarekin. Zientzia Buruaren Bulegoa figura garrantzitsu bat da, industri arloko I+G-rako gobernu politikak gauzatzen dituena. Horrez gain, ikerketa eta garapen zentroak, unibertsitateak, haztegi teknologikoak eta start-up-ak, eta ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako enpresak bisitatuko dituzte. Helburua da xehetasunez eta adibideen bidez ezagutzea nolakoa den berrikuntzan eta goi-mailako start-up-en sorkuntzan hain arrakasta handia lortzen ari den eredu paregabe hau.
Israelgo 4.000tik gora enpresak dihardu goi-mailako teknologiaren sektorean. Konpainia horiek biltzen dituzte Israelgo esportazioen ia %80, urtean 11.000 euro baino gehiagoko balioa dutenak.
7,5 milioi biztanle baino ez baditu ere, Israelek 150 milioi euroko arrisku kapitaleko inbertsioak erakarri ditu. Horixe da, hain zuzen, Erresuma Batuak (61 milioi biztanle) eta Frantziak eta Alemaniak (149 milioi biztanle) batera inbertitu zutena arrisku kapitalean.
Urtean 300 milioi eurotik gora bideratzen dira I+G-ra eta horri esker 600 enpresaren mila proiektu sustatzen dira.
Bisitaldian zehar, euskal ordezkaritzak Matimop bisitatuko du. Irabazi asmorik gabeko enpresa publiko bat da, Israelgo bi fabrikatzaile-elkartek fundatu zutena, Israelgo teknologia aurreratuen garapena sustatzeko eta aliantza oparoak sortzeko. Horrez gain, euskal ordezkariek start-up-ak ere bisitatuko dituzte, ikerlariekin elkartuko dira eta bilera bat izango dute Thetime inbertsio elkartearekin, zeinaren helburua baita enpresa berri gazteak eratzen laguntzea telekomunikazioen, Interneten eta komunikabideen arloetan.