Eusko Jaurlaritzak harreman ekonomikoa estutu nahi du Suediarekin

Araba

–       Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, azpimarratu du bai Euskadik eta bai Suediak industriaren aldeko apustua egin dutela. “Erreferentziazko eredua da guretzat”, adierazi du Bilbon eginiko Euskadi-Suedia Foroan.

–       “Uste dut posible dela lankidetzarako bidea aurkitzea”, baieztatu du Suediako enbaxadore Cecilia Julin-ek.

–       Carlos Marcosek, ABB multinazionalak Espainian duen kontseilari delegatuak, nabarmendu du Suediak eta Euskadik ”garrantzi handia ematen diotela berrikuntzari”.

IMG_0162Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Euskadi eta Suediaren arteko harreman ekonomikoak estutzearen alde agertu da, baita ere adierazi du Suedia erreferentziazko eredua dela berrikuntza arloan eta argi frogatu duela “posible dela norbere herrialdean fabrikatzea lehiakor izanez, enplegua sortuz, teknologiaren eta berrikuntzaren alde eginez eta balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak ekoitziz”. Horixe esan du sailburuak astelehen honetan Bilbon egin den “Euskadi-Suedia Foroan”, “Berritu nazioartekotzeko:  industria adimenduna” izenburupean. Suediak Espainian duen enbaxadoreak, Cecilia Julin-ek, Arantza Tapiaren mezua baieztatu du: “Uste dut posible dela lankidetzarako bidea aurkitzea”.

SPRI Taldearen  (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen enpresen garapenerako agentziaren) laguntzaz antolatutako ekitaldi hori baliagarria izan da industriaren sektoreari aplikatutako berrikuntza eta nazioartekotzearen erronkez hausnartzeko, Suediako eta EAEko enpresen esperientzia eta lekukotzen ikuspegitik.

Sailburuak azaldu du Suedia dela I+G-n gehien inbertitzen duen EBko herrialdea, “bere BPGren %3,4 bideratzen baitu horretara, Espainiako Estatuak baino hiru aldiz gehiago”. “Erreferentziazko eredua da guretzat”, adierazi du. “Suediak, guk bezala, industriaren aldeko apustua egin du. Sinetsirik gaude posible dela geure herrian fabrikatzea lehiakor izanez eta enplegua sortuz, teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustua eginez eta balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak ekoitziz”.

Sailburuak segurtatu du Euskadik erakutsi diezaiokeela Suediari “herrialde fidagarria garela, ongi prestaturik gaudela eta ETE lehiakorrak ditugula”,  industriaren aldeko apustua egin dugula -“frogatua baitago hori dela hazkunde ekonomikorako bidea”- eta “duela hamarkada batzuetatik hona serioski hartu dugula teknologiaren eta berrikuntzaren erronka”.

Cecilia Julin enbaxadoreak bere herrialdeko hazkunde eredua azaldu du. “Ez dakit berrikuntza suediarrik existitzen den, baina badugu arrakastatsua izan den eredu bat. Tradizio handia dugu berrikuntzan, hasi 1891n sortutako giltza ingelesetik eta gaur egungo plataforma digitaletaraino, hala nola Skype eta Spotify”.

Foroan parte hartu du baita ere Carlos Marcosek, ABB multinazionalak Espainian duen kontseilari delegatuak, zeinak nabarmendu baitu Suediak eta Euskadik ”garrantzi handia ematen diotela berrikuntzari”. Marcosek azaldu du industriak %21eko portzentajea duela euskal BPG-n eta 2020an %25eraino iritsi nahi duela; Suedian, aldiz, portzentaje hori %26koa da.

ABB multinazionaleko (Suediako enpresa talde handiena, 9.000 langile ditu eta horietatik 550 Euskadiko bi fabriketan daude) zuzendaritza-karguak adierazi du errotik sinesten duela “laugarren iraultza industrialean, aldaketa bezeroarengandik datorrelako. Sekula ez da izan hain erraza interkonektatuta egotea”. Marcosek iragarri du etorkizuneko industriak gauzen, pertsonen eta zerbitzuen interneten oinarrituko direla. “Gailu adimendunen bidez hartuko ditugu makinei buruzko erabakiak”.

Idom enpresako (zeinak tranbiei buruzko bi proiektutan lan egin baitu Goteborg eta Lund-en eta orain Abiadura Handiko trenaren zati batean ari baita lanean) zuzendari Tomás Gonzálezek adierazi du Suediako lizitazio publikoak oso gardenak direla eta aurten 20.000 lizitazio publiko daudela. Gonzálezek argi esan du Suediako merkatuan sartzeko profesionaltasun maila handia behar dela. “Ezin dugu geure burua aurkeztu bigarren mailako profesionalak bagina bezala. Serioski hartu behar da Suediako merkatua eta erreferentziazko enpresak bazarete, merkatu handi bat aurkituko duzue. Bestela, seguruenik denbora alferrik galduko duzue”.

Aitor Cobanerak, SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, Eusko Jaurlaritzaren zeregina azaldu du, zeinak “industria arloko politika aktiboa bultzatu baitu 80ko hamarkadatik hona” eta gogoratu du nola orain dela 35 urte I+G-ko gastua “BPGren %0,001ekoa zela” eta orain, aldiz, %2,05 ingurukoa dela. “Teknologi zentroak sortzen hasi ginen,  hau da, I+G-ko proiektuei laguntza ekonomiko garrantzitsua ematen eta 2000tik hona bio eta nanoteknologia bezalako sektoreetara dibertsifikatzen dihardugu”. Cobanerak esan du EAEko teknologi parkeek 14.000 langile enplegatzen dituzten 400 enpresa ostatatzen dituztela, eta enpresa horietan “enplegua %12 hazi dela krisia gorabehera”.   Cobanerak esan bezala, orain erronka da espezializazio adimenduna garatzea, hau da, Europar Batasunaren zuzentarauei jarraiki, eskualde bakoitzak hobetu dezala ondoen egiten dakiena. Euskadik fabrikazio aurreratuaren, energiaren eta biozientzien aldeko apustua egin du.

Malin Svensson-ek, Espainiarako eta Portugalerako bulego komertzialeko managerrak esan du Suedia “berandu iritsi zela iraultza industrialera eta lehiakorra izateko modu bakarra zela berritzaile izatea”, baita ere adierazi du arrakastaren giltza dela nazioartean zabaltzea. “Esportazioa gure BPGren %50 da”. Svensson-ek esan du Suediaren helburua dela 2025erako lider izatea Gauzen Interneten arloan eta 2030erako produktu aurreratuen arloan. Estrategia horri jarraiki, sei arlo hauek garatu behar dira: “ekoizpen iraunkorra, ekoizpen prozesu malguak, produktu birtualaren eta simulazioko produktuaren garapena, enplegatuen eta roboten arteko koordinazioa produktibitate handiagoa lortzeko, zerbitzuetan oinarritutako produktuak eta produktu integratuko prozesuak identifikatzea”.

Partekatu

Beste berri batzuk