Ezagutza-trukea, sinergiak eta arrakasta lortzeko gakoak, aurreneko Parke Foroan

Bizkaia

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak antolatuta, Parkean kokatutako hainbat enpresa eta korporazioren ordezkariek lehen Parke Foroan parte hartu dute. “Erronka bat Parkearentzat” –Parkeko enpresetako langileei zuzenduriko berrikuntzako ekimen irekia– lehiaketaren irabazleak egindako proposamenetik abiatuta sortu da ideia.

Edurne Pasaban alpinista ospetsuak “arrakastaren gakoei” buruzko hitzaldia eman du.

Elevator-pich delakoan, Parkeko 15 enpresak gauzatzen duten lana aurkeztu ahal izan dute.

Pasaban11Lehen Parke Foroa burutu berri da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, “Erronka bat Parkearentzat” lehiaketaren irabazleak egindako proposamenetik abiatuta. Izan ere, Parkeko enpresetako langileei zuzenduriko ekimen ireki horretan, langileek hobekuntzarako “erronkak” aurkezteko aukera dute. Parke Foroaren helburuen artean hauek nabarmentzen dira: elkarren arteko ezagutza sustatzea, konfiantzazko harremanak ezartzea eta Parkearen barruko sinergiak bultzatzea.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusi Itziar Epalzak eman dio hasiera foroari. Enpresei ondoetorria egin eta haien parte-hartzea eskertu ondoren, haren hitzetan: “Foroa aukera bikaina da inguru komun batean, alegia, Parkean, kokatzen diren erakundeen potentziala ezagutarazteko eta elkarren artean ezagutza trukatzeko”.

Ondoren, Edurne Pasaban alpinista ospetsuak “arrakastaren gakoak” izan ditu hizpide. Pasabanek bere ibilbidearen, esperientzien, beldurren eta lorpenen berri eman du. Ogibidez alpinista den ingeniariak nabarmendu duenez, “amets bat egi bihur dadin, egiten denarekiko pasioa izatea da garrantzitsuena. Ez da txarra handinahia izatea, hobetzeko nahiak beti egon behar du gurekin”. Era berean, kirolariak gogorarazi gura izan du garrantzitsua dela aldaketetara egokitzen jakitea “eta beldurra bidelagun sentitzea, erne egotera behartzen gaituelako”.

Konferentziaren ondoren elevator-pich edo aurkezpen txikien txanda izan da, zeinetan Bizkaiko Parkeko 15 enpresek parte hartu duten: SARENET, CTA, GAIKER-IK4, ESS BILBAO, HEDAPEN, SATLANTIS, INNOVALIA, SATEC, VODAFONE, FERCHAU, EUSKALIT, INYCOM, ESEUNE, ALPHABET eta CLUB PARKE. Formatu arin eta dinamikoan, enpresa bakoitzak bost minutu izan ditu bere lana, ibilbidea eta proiektuak aurkezteko. Hala, parte-hartzaileek zuzenean ezagutu dute enpresen egunerokotasuna eta, gainera, ezagutza trukatu eta sinergiak sortu dira guztien artean.

Lehen Parke Foroari amaiera emateko, bertaratutako guztiek networking-ean parte-hartzeko aukera izan dute, besteak beste, elkarren arteko konexioak sortu, lankidetzarako aukerak sustatu, ezagutzak zein ideiak partekatu, eta, etorkizunari begira, harremanak ezartzeko asmoz. Izan ere, horiek guztiak dira Parke Foroaren funtsezko helburuak.

Partekatu

Beste berri batzuk