GAIAren Plan estrategikoaren bidez bertako enpresen fakturazioa %15 areagotu nahi da 2016an

Bizkaia

  • Euskal Herriko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA-TEIC Klusterra) 2013-2016 epealdirako Plan estrategikoa aurkeztuko du gaur. Planaren ardatz nagusia bertako enpresen nazioartekotzea da. Horretarako, bi premisa nagusi izango dira: bateratasuna eta bikaintasuna.
  • Nazioartekotze horretan hauek finkatu dira “lehenesteko eremu” gisa: Europa, Mercosur (Brasil eta Uruguaik garrantzia berezia izanik), Txile, Kolonbia, Peru eta Mexiko.
  • Plana Klusterrak eta bertako elkartekide diren entitateek egindako gogoeta-prozesu baten ondorioa da. Bertan hamar programa eta 34 proiektu barneratzen dira “Elkarrekin aurrera” lelopean. Programa eta proiektu horiek segmentu jakin batzuetara bideratzen dira, esate baterako, energia, garraioa, manufakturak, osasuna eta smart city direlakoak.
  • 2011. urtean 2.900 milioi eurotik gorakoa izan zen GAIAren fakturazioa. Horrela, Estatuan sektorearen %11,5 hartzen du eta Euskadiko PBGd-aren %4,3 (Telco eta Ikus-entzunezko zerbitzuak alde batera utzita).
  • Gaur arratsaldean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da Plan estrategikoa aurkezteko ekitaldi ofiziala. Ekitaldi horretan, era berean, Klusterrak “GAIA Sariak 2012” banatuko ditu. Sari horiekin elektronika, informatika eta telekomunikazio arloetako euskal sektorearen garapenean nabarmendu diren pertsona, instituzio eta programak saritu nahi dira.

Euskal Herriko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA-TEIC Kluterra) 2013-2016 epealdirako Plan estrategikoa aurkeztu du gaur. Plan horren bidez elkartekide diren 262 erakundeen fakturazioa %15-20 bitartean areagotu nahi da. Planaren ardatz nagusia bertako enpresak nazioartekotzea da. Ildo horretatik, kanpoko salmentekin negozio osoaren %50 gainditzeko aurreikuspena dago (egun %32koa da ekarpen hori).

Klusterraren arduradunen arabera, helburu hori lortzea konplexua bezain “garestia” da eta premisa gehigarri batzuk ezinbestekoak dira: bikaintasuna (bertako enpresei dagozkien irtenbide, prozesu eta eredu guztietan erreferente izango diren jarduerak eta ezagutza sortzea); eta bateratasuna (dimentsioa behar bezala hartzea, merkatuek eskaintzen dituzten aukera eta erronkei berme osoz aurre egiteko).

Erronka horiez gain, Klusterraren Plan estrategikoaren helburua da, besteak beste, 2016. urterako TEIC sektoreko euskal enpresen atzerriko inbertsioak %80 haztea eta, era berean, beste herrialde batzuetan jarduten duten profesional kopurua %50 areagotzea. Horrelaxe azaldu dute prentsaurreko batean GAIA-TEIC Klusterraren Presidente Manuel Salaverria, Igor Arrizabalaga presidenteordeak eta Tomas Iriondo Klusterraren Zuzendari Nagusiak.

2011. urtean 2.900 milioi eurotik gorakoa izan zen GAIAren fakturazioa. Horrela, Estatuan sektorearen %11,5 hartzen du eta Euskadiko PBGd-aren %4,3 (Telco eta Ikus-entzunezko zerbitzuak alde batera utzita). Klusterrak 263 erakunde eta 11.410 lanpostu baitaratzen ditu Euskadin. Horrez gain, 10.000 enplegu baino gehiago ematen ditu atzerrian.

Presidenteak azaldu duenez, Kluterraren Plan estrategikoak 38.206.000 €ko aurrekontua du 2013-2016 epealdirako. Hala, hamar programa eta 34 proiektu barneratzen dira “Elkarrekin aurrera” lelopean.

Halaber, planean Klusterrarerako segmentu jakin batzuk barneratzen dira, datozen urtetan lantzekoak: Energia, Garraioa, Manufakturak, Osasuna eta SMART City delakoak. Azken segmentu horretan hainbat helburu ezartzen dira: birgaitzeko irtenbideak, e-administrazioa, mugikortasuna, turismoa eta komunitatea. Esparru horiek sektoreko euskal enpresek garatu beharko dituzte.

Kanpoaldera begira, Planean Mercosur (Brasileko estatuak), Pazifiko aldea (Txile, Kolonbia, Peru eta Mexiko) eta Europa lehenesten dira.

“Herrialdeko edozein industria-sektoretako enpresek erronka bera dute, hots, Nazioartekotzea. Horregatik, 2013-2016 epealdirako Plan estrategiko horretan garatzeko ardatz nagusitzat identifikatu eta finkatu da. Esku-hartze zuzena egin behar da Nazioartekotzearen arloan aurrera egiteko, izan ere, hori da gure enpresak hazten jarraitzeko berme bakarra”, azpimarratu du Salaverriak.

Plan estrategikoaren edukia:

Plan estrategikoaren helburuak lortzeko GAIAK 10 programa zehaztu ditu, non elkartekideen lidergoa eta lankidetzarako formatuak gakoak diren. Programa horiek lau lan-ildo nagusitan egituratzen dira:

  • Ekintza elkartu eta kolektiboak: enpresen hedapena sustatzekoak eta lankidetzarako ildoak zehaztekoak.
  • Living Lab: sektoreko gogoetarako, idealizaziorako eta lanerako jardunen ardatz nagusi modura erabiltzailearen inplikazioa ahalbidetzekoak.
  • Giza kapitala (profesionalen eta ekintzailetzaren komunitatea): Sektorea hazteko oinarria egituratzea ahalbidetzekoak, bere aktibo nagusi eta bakarraren bidez, hots, “pertsonen” bidez.
  • Kanpoalderako ikuspegia: formatu eta eredu ezberdinetan (garapenerako laguntza, lankidetza berdinekin eta ikaskuntza aurreratuenekin).

Bestalde, Planean hogeita hamar proiektu inguru ezartzen dira. Horiei dagokienez, Klusterraren Presidenteak nabarmendu du guztiek dutela bateratasunarekin konpromisoa, bai bateragarrien artean (errazago eta agerikoagoa), eta baita eragileekin nahiz lehiakideen artean ere (eraikitzeke dagoen erronka itzela). Orobat, Salaverriak azpimarratu duenez, Planean zerbitzu kolektiboen baterako garapen teknologikoaren alde egiten da, “horrela, eskala-ekonomia bilatzen dugu”; gainera, testuinguru aldeaniztunen alde egiten da “teknologia eta ereduak trukatuz guztiok irabazte aldera. Horretarako, ezinbestekoa da sektorea berriro egituratzea, hainbatetan adierazi dugun moduan” aipatu du.

Goizean egindako prentsaurrekoan Klusterrak, era berean, 2009-2012 epealdiko Plan estrategikoaren balantzea aurkeztu du. Epealdi horretan, “egoera onena izan ez arren, sektoreak eta Klusterrak jarduera-maila handia dinamizatu eta garatzea lortu dute”, Tomas Iriondo Zuzendari Nagusiak azpimarratu duenez. Azaldutako datuen arabera, aurreikusitako proiektuen %86 garatu da. Gainera, sektoreko euskal enpresek garatu dituzten TEIC produktu eta irtenbideen balio erantsia areagotu egin da.//

Partekatu

Beste berri batzuk