GAIKER-IK4 bide berri bat aztertzen ari da garraioaren eta itsasofintzaren sektoreetako material konpositeak birziklatzeko

Bizkaia

  • Sektore horietan oso ohikoak diren material konposatuak geroz eta gehiago erabiltzen dira Europan, hortaz, Europako Batzordeak, Eurecomp proiektuaren bidez, ondoko apustua egin du: material konposatuak zabortegietara ez eramateko bidea aurkitzea eta, ondorioz, material horien balore ekonomikoaren zati bat berreskuratu ahal izatea.

Zuntzarekin indartutako plastikoen merkatu europarrak urteko %4,5eko hazkundea du. Hala, erresistentzia handiko eta oso arina den material horrek gero eta leku gehiago betetzen du geure bizimoduetan eta, beraz, gure hondakinen artean ere bai. Batetik, zenbait artikuluren –ibilgailuak, yateak, etab.– bizitza baliagarria bukatzen denean hondakin konpositeak sortzen dira eta, bestetik, konpositeen industria europarrak urteko 1.000 eta 1.200 Kt (kilotona) arteko materialak sortzen ditu, horietatik 40-45 Kt /urteko baztertze-frakzioei dagozkie. Hondakin horiek guztiek lehengai baliotsuak dituzten arren, normalean zabortegira eramaten dira birziklatzeko zailak direlako.

Testuinguru horretan sortu zen EURECOMP proiektu europarra, berriki bukatu dena. GAIKER-IK4k, beste 13 erakunderekin batera, bertan parte hartu du indartutako material plastikoak birziklatzeko solbolisi-erreakzio bidezko prozesua garatzeko xedearekin.  Aipatu helburua lortzearekin batera, plastikoaren industriak Europako arautegiak ezarritako birziklapen-helburuak beteko ditu eta horrez gain birziklatutako produktuen amaierako balioa handituko da.

Material termoplastikoek ez bezala, konposite termoegonkorrek behin betiko sare-egitura dute eta ezin dira urtu produktu berriak fabrikatzeko. Horregatik bereziki zaila da horiek birziklatzea. Gaur egun gehien erabiltzen diren metodoak ondokoak dira: birziklapen mekanikoa, baseko materialaren propietate gehienak suntsitzen dituena, eta errausketa, zeinarekin soilik energia berreskura daitekeen. Solbolisia, beraz, aukera interesgarria da.

Berrerabilerari ateak ireki zaizkio

Plastic Omnium Auto Exterieur konpainia frantsesa buru duen ikerketaren esparruan proposatutako birziklapen-prozesua despolimerizazio termokimikoko erreakzioan oinarritzen da, ura disolbatzaile gisa erabiliz.  Prozesu horri esker –erreaktore bat diseinatu eta egin da bereziki–, erretxina termoegonkorraren loturak hautsi egin daitezke, indargarri gisa jarritako zuntzetatik banatzeko.

Prozesuaren parametro nagusien (tenperatura, tratamendurako denbora eta hondakin-masaren eta uraren arteko erlazioa) eragina aztertu ondoren lortutako emaitzek adierazten dutenez, erretxina termoegonkorraren kasuan %95eko despolimerizazioa lor daiteke. Horrela, prozesuaren eraginkortasuna berretsi ez ezik, birziklatutako produktuak berrerabiltzeko bidea ere ireki egiten da. Birziklapen-prozesuaren bidez, alde batetik, beira-zuntza berreskura daiteke erabili gabeko zuntzak dituen propietate mekanikoen %65ekin eta, bestalde, balio potentziala duten produktu kimikoak atera daitezke: azido bentzoikoa, bentzaldehidoa eta azetaldehido bentzenoa, besteren artean.

Europako Batzordeak diruz lagundutako VII. Esparru Programaren baitan 2009an hasitako ikerketaren ondorioen arabera, solbolisi bidezko birziklapena onuragarria izango da material plastikoaren industriak ingurumenaren gainean duen eragina murriztu egin dezan eta, gainera, birziklatutako produktuei balio ekonomikoa emango die, lehiakorragoak izan daitezen.

Partekatu

Beste berri batzuk