GAIKER itsas ekosistemak babesten eta lehengoratzen ari da

Albisteak, Bizkaia

Europako TRANSEATION proiektuak azpiegitura hibrido urdin-grisen eraginkortasuna garatu eta frogatuko du itsasoko eta kostaldeko eremuetan

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kideak, TRANSEATION proiektu europarrean parte hartzen du. Proiektu horren azken helburua itsas ekosistemen osasuna babestea eta lehengoratzea da, naturan, parte-hartze sozialean eta digitalizazioan oinarritutako irtenbideak konbinatuz.

Ikerketa honen bidez, itsas azpiegitura hibridoen eraginkortasuna frogatu nahi da, naturan oinarritutako irtenbideak (Nature-based solutions edo NBS) konbinatzen baitituzte itsas biodibertsitatea eta ekosistema-zerbitzuak babesteko bitarteko eraldatzaile gisa, eta, aldi berean, funtsezko erronka sozialei heltzen die, hiru erabilera-kasu abian jarriz: off-shore plataforma eolikoak, kostaldea babesteko azpiegitura eta akuikultura-azpiegitura bat.

Maila trofiko baxuko akuikultura-azpiegituraren garapenean parte hartzen du GAIKERek. AZTI Zentro Teknologikoa buru duen erakustoki honetan, eta ITSASKORDA enpresarekin lankidetzan, naturan oinarritutako irtenbideak ezarriko dira akuikulturaren Europako sektorerako, oinarri biologikoko konposatuak garatuz, erabileran zehar kaptazio- eta labore-sistemen monitorizazio teknikoa eginez, konpostagarritasuna aztertuz, soka biologikoak birziklatuz, eta ingurumenaren gaineko eragina ebaluatuz.

Lan honen bidez, GAIKERek material jasangarri eta biooinarrituen esparruan duen kokapena sendotu nahi du, bereziki ohiko material plastikoak ezabatzeko eskaera potentziala duten aplikazio berrietan. Era berean, aurretik egindako proiektuetan lortutako emaitzen irismena handitu nahi da.

Europar Batasuneko Batzordeak bultzatua eta Itsasoko eta Ontzigintzako Zentro Teknologikoak (CTN) gidatua, ikerketa honek 3 urteko iraupena du (2024-2027) eta hamasei bazkide eta laguntzailez osatutako sarea du, ikerketa zentroak, industria enpresak eta ingurumen kudeaketarako erakundeak barne.

TRANSEATION proiektua aurrerapauso esanguratsua da ekosistemen kudeaketan, itsasoko eta kostaldeko eremuetan azpiegitura hibrido urdin-grisak garatuz eta aplikatuz.

Partekatu

Beste berri batzuk