GAIKERrek lehengai kritiko eta estrategikoak berreskuratzeko ikerketan laguntzen du
SERVET proiektuak balio-kate zirkular berri bat garatuko du hondakin konplexuetan dauden lehengai kritiko eta estrategikoak berreskuratzeko
GAIKER Teknologia Zentroak, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, SERVET proiektuan parte hartzen du (Ekonomia zirkularreko prozesu berrien ikerketa burujabetza estrategikoaren zerbitzura). Proiektuaren helburua da balio-kate zirkular, eraginkor, jasangarri eta teknologikoki aurreratu berri bat diseinatzea hondakin konplexuetan dauden lehengai kritiko eta estrategikoak modu selektiboan berreskuratzeko.
Proiektuak kontsumo osteko eta industria-jatorriko hainbat hondakin-korronteren balorizazioa ikertuko du; horien artean daude panel fotovoltaikoak eta panel hibridoak, zirkuitu inprimatuko plakak (PCB), industria-jatorriko metal-eduki handiko frakzioak eta beste hondakin solido konplexu batzuk. Korronte horietatik abiatuta, kobrea, silizioa, tantalioa eta niobioa bezalako lehengai kritikoak berreskuratzeko irtenbideak garatuko dira, baita balio handiko beste metal batzuk ere, hala nola zilarra eta eztainua.
Energia berriztagarrien, digitalizazioaren, automobilgintzaren eta elektronika-industriaren moduko sektore estrategikoetarako funtsezko lehengaien eskaria gero eta handiagoa izateak erronka handiak planteatzen dizkio Europako industriari. Kanpoko baliabideen mendekotasunak eta hornidura-kateak bermatzeko beharrak ezinbesteko egiten dute balio handiko materialak hondakinetatik berreskuratzea ahalbidetuko duten eredu zirkularragoak sustatzea. Testuinguru horretan sortu da SERVET, CDTIk finantzatutako eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak babestutako proiektua, Misiones 2025 deialdiaren esparruan.
Proiektua Tradebe Environmental Services enpresak gidatzen du, bizitza erabilgarriaren amaierako ibilgailuak (VFU) eta beste metal batzuk birziklatzeko instalazioen bidez, eta beste zortzi enpresa hauek ere parte hartzen dute: LENZ, Técnicas Reunidas, Atlantic Copper, Abora, Lurederra, INM, Eurecat eta Cenim. SERVETek ikuspegi sistemiko eta diziplina anitzekoa proposatzen du, materialen aurretratamendu, egokitzapen eta bereizketa automatizaturako teknologia aurreratuak erauzketa- eta arazketa-prozesu berritzaile, oso selektibo, eraginkor eta jasangarriekin uztartuz. Era berean, lineako analisi- eta monitorizazio-teknikak txertatzen ditu, teknologia optiko aurreratuetan oinarrituta, hala nola RGB ikusmen artifiziala, irudi hiperespektrala (HSI), LIBS espektroskopia, NIR eta Raman espektroskopia, adimen artifizialeko algoritmoekin integratuta.
Proiektu honen estrategia osatzeko, berreskuratutako materialak balio erantsi handiko industria-aplikazio berrietan berriz sartuko dira, eredu zirkular integral bat sustatuz. Aplikazio potentzialen artean daude eguzki-panel berrien eta tinta eroale funtzionalen fabrikazioa, baliabideen kudeaketa eraginkorragoa, inportatutako lehengaien mendekotasunaren murrizketa eta ingurumen-inpaktuaren minimizazioa bultzatuz.
GAIKERren ekarpena
Materialak identifikatzeko eta modu automatizatuan bereizteko teknologien garapenean aditua denez, GAIKERrek hondakin konplexuak identifikatzeko, sailkatzeko eta modu selektiboan bereizteko estrategia aurreratu berrien ikerketan lagunduko du.
Horretarako, Teknologia Zentroak karakterizazio- eta identifikazio-teknologia aurreratuak garatu eta aplikatuko ditu, RGB irudietan oinarritutako ikusmen artifiziala, irudi hiperespektrala (HSI), LIBS espektroskopia eta Raman espektroskopia erabiliz, adimen artifizialeko algoritmoekin eta sailkapen adimenduneko sistemekin integratuta. Irtenbide horiei esker, optimizatu egingo dira intereseko materialen detekzioa, karakterizazioa, bereizketa automatizatua eta aurrekontzentrazioa, ondoren berreskuratu ahal izateko.
Era berean, GAIKERrek aurretratamendu selektiboak, materialen lineako kontrolerako eta karakterizaziorako teknika analitiko aurreratuak, eguzki-mailako silizioa lortzeko metodo fisiko, kimiko eta termomekanikoak, eta metalak berreskuratzeko prozesuak ikertuko ditu. Azkenik, lehengai kritikoak berreskuratzeko eta ondoren industria-aplikazio berrietan balorizatzeko errendimendua, eskalagarritasuna eta bideragarritasun teknikoa ebaluatuko ditu.