Garapenerako Amerika Arteko Bankuak Euskadiren lehiakortasun eredua aztertuko du
Latinoamerikako finantza erakunde nagusiaren ordezkaritza tekniko bat Euskadin izango da gaurtik ostiralera bitartean; bisitaldi hau Patxi López Lehendakariak urrian AEBra eginiko enpresa misioaren emaitza da. 2011. urtean BIDek 8.385 milioi euro banatu ditu mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko. Lehiakortasuneko eta berrikuntzako jardunbide egokiak dira misio honen helburu nagusia.
Eusko Jaurlartiza, 2012/05/17
Gaurtik hasi eta ostiralera arte, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Garapenerako Amerika Arteko Bankuaren (BID) Lehiakortasun eta Berrikuntza Saileko ordezkaritza baten bisita jasoko du. BID Latinoamerikako finantza erakunde nagusia da. Bere helburua da Latinoamerikako garapena sustatzea eta iaz 8.385 milioi esleitu zituen xede horretarako. Ordezkaritza honen bisitaldia Patxi López Lehendakaria buru zuen AEBrako enpresa misioaren emaitza da. Harako hartan, Lehendakariak hitzarmen bat sinatu zuen BIDekin, bitartekari lanak egiteko finantza erakunde horren eta Latinoamerikan proiektuak gauzatu nahi dituzten euskal enpresen artean. Soilik 2011. urtean BIDek 8.385 milioi euro banatu zituen mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko.
Egonaldiaren helburu nagusia da lehen eskuko informazioa eskuratzea Eusko Jaurlaritzak enpresa sarearen lehiakortasuna bultzatzeko eta sendotzeko martxan jarri dituen instrumentu eta zerbitzuei buruz.
Hala, lehen eskutik ezagutu eta aztertuko dituzte Lehiakortasun Planaren markoan diseinatu eta zerbitzu aurreratuetako euskal enpresen laguntzarekin gauzatutako jardunbide egokiak, erreferentzia bezala erabili ahal izateko BIDek finantzatzen dituen herrialde latinoamerikarrek egingo dituzten proiektuetan. Bost egun horietan, Garapenerako Amerika Arteko Bankuko ordezkariek hainbat bilera egingo dituzte Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin eta Tomás Orbea, SPRIko zuzendari nagusiarekin. Teknologi Parkeak ere bisitatuko dituzte. Era berean, EAEko klusterretako arduradunek lehen eskuko informazioa emango diete gauzatzen ari diren lankidetza politikei buruz. Agenda osatzeko, Innobasque, Elkargi, Innovanet Sarea, Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, Tecnalia, MCC, Orkestra eta Euskadiko berrikuntza eragileen sarea osatzen duten beste hainbat kide bisitatuko dituzte.
Euskadira etorriko den BIDeko ordezkaritza nagusiki teknikoa da, hots, herrialdeek finantzaketa bilatzeko aurkezten dituzten proiektuak zuzenean bultzatzen, kudeatzen eta baliozkotzen dituzten profesionalez osatua. Horregatik, baldin eta ordezkaritza horrek ezagutzen baditu berrikuntzarekin eta nazioartekotzearekin lotutako EAEko kasu arrakastatsuak, proiektu horietara aurkezten diren euskal enpresek posizio abantailatsua izango dute.
Lehendakariak 2011ko urrian BIDera egin zuen bisitaldiak ireki ditu beste lankidetza-aukera batzuk ere. Hala, pasa den martxoan euskal hiriburuetako hiri eraberritze eredua aurkeztera gonbidatu zuten Eusko Jaurlaritza (SPRIren bidez) URBE2050 proiektuaren markoan.
Maiatzaren 28tik ekainaren 1era, BIDen beste ordezkaritza bat etorriko da Euskadira, Euskadiko hiri iraunkorren eta energi eraginkortasunaren proiektuak eta metodologia ezagutzera. Ordezkaritza hori Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin, Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailburuarekin eta Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarekin batzartuko da.
Garapenerako Amerika Arteko Bankua
Garapenerako Amerika Arteko Bankua (BID) nazioarteko finantza erakunde bat da, 136.000 euro-ko kapitala duena, eta bere helburu nagusia da garapen ekonomiko, sozial eta instituzionaleko proiektu bideragarriak finantzatzea Latinoamerikan eta Kariben eta eskualdeko integrazio komertziala sustatzea.
2011. urtean BIDek 8.385 milioi euro banatu ditu mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko. Proiektu horiek nagusiki lau sektoretan sailkatzen dira: produktibitatea sustatzeko politika sozialak, hazkundea eta ongizate soziala lortzera bideratutako erakundeak, lehiakortasuna eta nazioarteko integrazio globala eta ingurumenaren babesa (klima aldaketari aurre egin, energia berriztagarriak sustatu eta elikagaiak segurtatu).