Geneetatik harago: ingurune fisikoak nola eragiten duen bularreko minbizian

Albisteak, Bizkaia

Urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatu zen

Biofisika Institutuak ikertzen du nola hautematen duten zelulek inguruko ehunen zurruntasuna eta informazio horrek nola eragin dezakeen haien portaeran

Ikerketaren bideoa

Minbizia aztertzen denean, arreta geneetan eta zelulen jarduera erregulatzen duten molekuletan jartzen da normalean. Hala ere, Biofisika Institutuko ikertzaile-talde batek hain ezaguna ez den baina gero eta garrantzitsuagoa den beste faktore bat ikertzen du: zelulek beren ingurune fisikoaren propietateak hautemateko duten gaitasuna.

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, ikertzaileek oinarrizko galdera bati erantzuten saiatzen den ikerketa-ildo bati ikusgarritasuna eman nahi diote: zer gertatzen da zelulek inguruko ehuna zurrunago bihurtzen dela hautematen dutenean? Erantzuna garrantzitsua izan daiteke bularreko minbizia bezalako gaixotasunak hobeto ulertzeko. Hainbat ikerketak erakutsi dute tumoreek, oro har, ehun osasuntsuek baino zurruntasun handiagoa dutela, eta aldaketa fisiko horiek zelulen portaera eraldatu dezaketela. Kasu batzuetan, zelulek seinale horiei erantzuten diete gaixotasunaren forma oldarkorragoekin lotutako ezaugarriak hartuz.

Fenomeno hori mekanobiologiaren aztergai da. Diziplina horrek indarrek eta propietate fisikoek sistema bizidunetan duten eragina aztertzen du. Biofisika Institutuan, ikertzaileek ulertu nahi dute nola uztartzen diren seinale fisiko horiek ikerketa biomedikoaren erdigunean egon diren seinale biokimikoekin.

“Hamarkada askotan ez dira indar mekanikoak kontuan hartu biologia eta patologia ulertzeko garaian”, azaldu du Ion Andreu Biofisika Institutuko Ikerbasque ikertzaileak. “Hala ere, gaur egun ikusten dugu funtsezkoak direla garapen enbrionarioan, zahartze-prozesuan eta baita bularreko minbizia bezalako patologietan ere”.

Ikerketa diziplina anitzeko talde batek egiten du. Talde horretan parte hartzen dute, besteak beste, Maddi García Ayerbe doktoretza aurreko ikertzaileak eta Cristina de la Parte ikerketa-teknikariak. Haien helburua da ulertzea zelulek beren ingurune fisikotik eta kimikotik jasotzen duten informazioa nola integratzen duten, hazteko, mugitzeko edo ehunetan gertatzen diren aldaketen aurrean nola erantzun erabakitzeko.

Ikerketa-taldeak azpimarratzen du bere lanaren helburua ez dela berehalako tratamendu bat garatzea. Oinarrizko ikerketa da, oraindik guztiz ulertzen ez diren prozesu biologiko konplexuei buruzko ezagutza sortzera bideratua. Haien esanetan, ezagutza hori da etorkizuneko aplikazio biomedikoen oinarriak ezar ditzakeena.

Mekanobiologia bezalako diziplina berriak biokimika bezalako eremu sendoagoekin integratzen diren heinean, zientzialariek espero dute bularreko minbizia bezalako gaixotasun konplexuei buruzko ikuspegi osoagoa lortzea.

Partekatu

Beste berri batzuk