Nazioarteko klima-adituen talde batek ohartarazi du Lurra gero eta ezegonkorragoa dela
BioScience aldizkarian argitaratutako “2026ko klimaren egoera: erronkak eta aukerak” txostenak Unai Pascualen, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Ikerbasque irakaslearen, laguntza izan du
Txostenean monitorizatutako 16 adierazleetatik zazpik errekor-mailako muturreko balioak dituzte, eta beste hainbat ere norabide kezkagarrian ari dira bilakatzen
BioScience aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa berri baten arabera, Lurraren klima-sistema azkar ari da ezegonkortzen, eta nahiz eta gizarte-aldaketa garrantzitsuen zantzuak agertzen ari diren, ekintza zabalagoa eta bizkorragoa beharrezkoa da.
«2026ko klimaren egoera: erronkak eta aukerak» txostenak Lurraren 16 klima-adierazle monitorizatzen ditu, eta horietatik zazpi errekor-mailako muturreko balioetan daudela adierazten du. Beste hainbat ere joera desegokian ari dira garatzen, eta horrek kezka sortzen du elkarrekiko atzeraelikadura-mekanismoen eraginagatik eta inflexio-puntu kritikoak gainditzeko arrisku gero eta handiagoagatik.
“Desegonkortze azkarra etorkizunerako ohartarazpena baino gehiago da gaur egun; diagnosi bat da”, adierazi du William Ripplek, txostenaren egile nagusietako batek eta Oregongo Estatu Unibertsitateko irakasle emeritu ospetsuak. “Giza jarduerak, batez ere erregai fosilen kontsumoak, planetaren bizi-euskarri diren sistemak gainkargatzen ari dira”, gaineratu du Unai Pascualek, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Ikerbasque ikerketa-irakasleak eta txostenaren egileetako batek.
Egileen arabera, analisiak munduko liderrak eta politika publikoak diseinatzen dituzten arduradunak premiatzen ditu “ohiko jardunaren bidetik aldentzera; izan ere, hamarkadetan zehar giza jarduerek klima-aldaketa arriskutsuak eragiten dituztela frogatu duten ebidentziak egon arren, ikuspegi hori mantendu egin da”.
Errekor historikoak
Atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa gaur egun milioiko 428 partetan dago, azken 2 milioi urteetako mailarik handienean. Era berean, XVIII. mendearen amaieran industria-aroa hasi aurretik erregistratutakoa baino %50 handiagoa da gutxi gorabehera. 2026ko udan, munduko eskualde askotan inoiz dokumentatutako tenperaturarik altuenak neurtu ziren, eta mundu mailako ozeanoen tenperaturek ere errekor historikoa lortu zuten uztailean.
“Muturreko fenomeno meteorologikoak areagotzen ari dira munduko eskualde askotan, eta horrek erakusten du klima-aldaketak gero eta gehiago eragiten diola pertsonen eguneroko bizitzari”, dio Unai Pascualek. “Gero eta suntsitzaileagoak diren bero-boladei, uholdeei, lehorteei, ekaitzei eta baso-suteei aurre egiten ari gara; horiek guztiek gero eta handiagoak diren galerak eragiten dituzte giza bizitzan, azpiegituretan, elikadura-segurtasunean, biodibertsitatean eta egonkortasun ekonomikoan. Hala ere, gertakari horiek ez dira hondamendi natural hutsak; arrisku klimatikoen eta giza gizarte-sistemen arteko elkarreraginaren emaitza dira, eta arrisku eta zaurgarritasun handienak nork pairatzen dituen zehazten duten baldintza sozialen desberdintasunek baldintzatzen dituzte”.
Egileek azpimarratzen dute berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea funtsezkoa izaten jarraitzen duela, eta ezarpen azkarreko egokitzapen-neurrien alde egiten dute. Horien artean daude hirien hozte-sistemak, hezeguneen eta mangladien leheneratzea, baso-suteen aurreko prestaketa, uraren kontserbazioa, eguzki-energia banatua eta elikadura-sistema erresilienteagoak.
Era berean, nabarmendu dute klima-injustizia mundu mailako egiturazko arazoa dela. Emisio historikoen erantzule txikienak diren komunitateek, bereziki Hego Globalekoek eta uharte-estatu txikiek, dagoeneko modu neurrigabean jasaten dituzte klima-aldaketaren ondorio larriak.
“Klima-arloko irtenbide asko teknikoki bideragarriak dira dagoeneko, eta gero eta lehiakorragoak dira kostuaren ikuspegitik. Hala ere, klima-aldaketa elkarren artean lotutako energia-, ekonomia-, ekologia- eta gizarte-sistemek eragiten dutenez, benetan esanguratsua izango den aurrerapena sektore eta eskala anitz hartuko dituzten erantzun integratuen menpe egongo da seguruenik”, adierazi du Ripplek. “Karbono-isuri txikiko iturriek munduko elektrizitatearen %43 inguru sortzen dutenez gaur egun, baliteke guk ‘Elektrizitatearen Aroa’ deitzen diogunaren sorrera ikusten ari izatea”, azaldu du Christopher Wolf egile nagusikideak, Oregongo Estatu Unibertsitateko ikertzaile doktoregoondoko ohiak. “Itxaropenerako arrazoia da, baina erregai fosilen erabilerak eta emisioek errekorrak hausten jarraitzen dute; beraz, trantsizioa nabarmen azkartu behar da”.
Era berean, Pascualek ohartarazi du “beharrezko emisio-murrizketak lortzea energia-sorkuntzan, kontsumo-ereduetan, elikadura-sistemetan eta lehentasun ekonomikoetan eraldaketa sistemikoak egitearen menpe dagoela, baita aurrerapenaren eta garapenaren paradigmak berriro definitzearen menpe ere. Eta hori guztia naturaren babesarekin lerrokatu behar da”.
Txostenaren ondorioak
● Badirudi berotze globalaren erritmoa azkartzen ari dela: 1970 eta 2010 artean hamarkadako 0,19 gradu Celsius ingurukoa izatetik, ordutik hona hamarkadako 0,36 gradura ia bikoiztu da.
● Aurten udazkenean El Niño fenomeno oso bortitza garatzea aurreikusten da. Horrek nabarmen lagun dezake datozen hilabeteetako berotze globalean, eta 2026a inoiz erregistratutako urterik beroenetako bat bihurtzeko bidean jar dezake.
● Glaziarren lodiera eta Groenlandiako izotz-masa inoiz erregistratutako mailarik baxuenetan daude. Azken hamarkadetan, Groenlandiako izotz-geruzak urtze masiboko gertakari biziak izan ditu, eta horrek udako urtze-uren bolumena sei aldiz handitzen lagundu du.
● Suteen ondoriozko zuhaitz-estalduraren galera globalak 10,8 milioi hektareara iritsi ziren 2025ean, Tennesseeko estatuaren azalera baliokide batera gutxi gorabehera. Erregistratutako hirugarren daturik handiena da. Baso-suteen jardueraren hazkundea klima-aldaketaren ondorioa izateaz gain, berotegi-efektuko gasen emisioen iturri gero eta handiagoa ere bada.
● Erregai fosilen kontsumoa %0,9 handitu zen 2025ean. Petrolioak (+%1,0), ikatzak (+%0,4) eta gasak (+%1,3) errekor historikoak lortu zituzten, eta energiarekin lotutako urteko karbono dioxido emisioek lehen aldiz 41 gigatonatik gora egin zuten.
● Alderdi positibo gisa, Brasilgo Amazoniako baso-soiltze tasa lau urtez jarraian murriztu da, eta eguzki- eta haize-energiaren kontsumoa %18 inguru hazi da.