Gipuzkoako kostaldean markatutako hegaluze batek ibilitako distantzia luzeenaren errekorra lortu du, Venezuelan arrantzatu baitute berriro

Bizkaia

  • 6.370 kilometroko luzera, askatu zuten lekutik hartu zuten lekura.
  • Arrainak AZTI-Tecnaliaren marka zuen, eta 2006ko urrian bota zuten itsasora, kirol-markaketako  txapelketa batean.
  • Askatu zuten unean 50 cm-ko luzera zuen eta 2,5 kg pisatzen zituen. Sei urte eta erdi geroago, 100 cm neurtzen du, eta 21,8 kg pisatzen ditu.

6.370 kilometro, Ozeano Atlantikoan: horixe da Gipuzkoako kostaldean, Donostiatik 20 km iparraldera, 2006ko urrian markatutako eta askatutako hegaluze batek lerro zuzenean egin duen ibilbide luzea. Arraina duela gutxi harrapatu dute arrantzale batzuek haien herrialdeko kostaldean. Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordean (ICCAT) erregistratutako hegaluzeen artean distantzia luzeena egin duena da. Markatzeko unean, arrainak urtebete zuen, 50 zentimetroko luzera eta 2,5 kg-ko pisua. Harrapatu dutenean, sei urte eta erdi geroago, 21,8 kg-ko pisua eta 100 cm-ko luzera zituen. Tunidoak markatzea ohikoa da; besteak beste, espezie horretako populazioaren migrazioen eta tamainen berri izateko.

Marka hautsi duen hegaluzea Fernando Zapirain arrantzaleak markatu zuen, Hondarribiko Kutxi Kutxi ontzian, kirol-markaketako txapelketa batean. Txapelketa horretan mila ale inguru itsasoratu ziren AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren markekin. Hegaluzea Black Marlin itsasontziko arrantzale profesionalek arrantzatu dute berriro, eta Venezuelako Institutu Ozeanografikoari eman diote. Haiek eman diete AZTI-Tecnaliako ikertzaileei harrapaketaren berri. Ondoren, AZTI-Tecnaliakoek ICCAT erakundeari bidali zizkioten datuak, zeinaren  zeregina baita Atlantikoan eta Mediterraneoan markatutako tunidoei eta antzekoei buruzko informazioa zentralizatzea.

Atlantikoa zeharkatu duten hegaluzeei (Thunnus alalunga) buruzko oso erregistro gutxi dago. Venezuelan berreskuratutako hegaluzea da distantzia luzeena egin duena, eta, halaber, hegoaldeen aurkitu dutena, haien ugalketa-eremutik gertu, Ipar Atlantikoan. Horrez gainera, gehien iraun duen l erregistroetako bat da; izan ere, alea markatu eta askatu zutenetik sei urte eta erdira harrapatu dute berriro. Orain arte, iraupen luzeenekoa 8 urtekoa izan da, eta hortik gertu dago oraingo hau.

Hegaluzearen marka, normalean erabiltzen den motakoa, bizkarreko bigarren hegatsean zegoen jarrita, eta hantxe zeuden AZTI-Tecnaliaren harremanetarako datuak eta identifikazio-kodea. Tunidoak markatzearen helburua da haien mugimenduei eta migrazioei, stock-aren egiturari, hazkundeari, populazioaren tamainari eta fisiologiari buruzko informazioa eskuratzea. Informazio horrek aukera ematen die adituei arrantza-mota desberdinek espeziean duten eragina aztertzeko.

Massachusetts-en aurkitutako alea

2007an, antzeko kasu bat gertatu zen, Massachusetts-eko (Amerikako Estatu Batuak) kirol-arrantzale batek Hondarribian markatu eta askatutako hegalabur bat arrantzatu baitzuen. Animalia hark 6.170 km egin zuen lerro zuzenean. Oraingo kasuarekiko aldea da AEBn aurkitutako hegalaburra Bizkaiko Golkoaren antzeko latitudean zegoela, baina azken errekorra egin duen hegaluzea askoz hegoalderago aurkitu dute. Hondarribian askatutako alea bi urte eta bi hilabetez ibili zen itsasoan, berriro harrapatu zuten arte. Oraingoan, berriz, sei  urte eta erdi behar izan dira beste errekor hau lortzeko.

Zaleen eta ikertzaileen arteko lankidetza

Aisialdiko markaketa-kanpainak 2001ean hasi ziren EAEn, eta arrantzale profesionalek eta zaleek parte hartzen dute. Duela zortzi urte bultzada handia eman zitzaion jarduera honi , Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena bultzatu baitzuen Nautika eta Jolas Arrantzako Elkarteen Federazioaren eta itsas eta elikagaien ikerkuntzan espezializatutako AZTI-Tecnaliaren artean.

Hitzarmena sinatu zenetik, aisialdiko itsasontzi ugarik markatzen dituzte milaka hegaluze, hegalabur, atun moja, atuntxiki eta beste zenbait tunido. AZTI-Tecnaliako adituek uste dute aisialdiko arrantzaleen laguntza ezinbestekoa dela animaliak markatzeko eta markatutako animalien harrapaketak jakinarazteko. Arrantzale horiek trebatu egiten dituzte, markak eta arraina nola manipulatu behar dituzten erakusteko.

Partekatu

Beste berri batzuk