Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan jarriko da martxan autobus automatizatuko lehen garraio-zerbitzua

Gipuzkoa

  • Hiri barruko eguneroko joan-etorrietarako garraio-aukera jasangarria eskaintzen dute gidaririk gabeko zenbait ibilgailu elektrikok.
  • Hurrengo hiru hilabeteetan, Parkea izango da esperientzia horren probalekua. Lehenbiziko aldia da Espainiako estatuan horrelakorik egiten dela.
  • Espainian, Tecnalia ikerketa-zentroa eta Novadays aholkularitza-enpresa ditu gidari proiektuak, eta Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eta Donostiako Udalaren laguntza jaso du. Bi erakunde horiek egokitu eta prestatu dituzte bideak ibilgailu horietarako.

Inauguración CityMobil 2 143Martxan da, Donostian, gidaririk gabeko autobus automatizatuko lehenengo garraio-zerbitzua. Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan ibiliko dira autobusak, eta gaurtik aurrera hartuko ditu lehenengo bidaiariak. Espainiako estatuan egiten den lehenbiziko erakusketa dugu, “azken miliako” garraio publikorako pilotu automatikoko ibilgailuen alorrean. Hurrengo hiru hilabeteotan izango da martxan proba aitzindari hori.

Gaur goizean egin da lehenengo ibilaldia, aurkezpen-ekitaldiaren ondoren. Ekitaldiaren buru izan dira Donostiako alkate Eneko Goia, proiektuaren sustatzaileak, EAEko Parke Teknologikoen lehendakari Jose Miguel Corres, eta Espainian proiektuaren gidari diren Tecnaliako zuzendari nagusi Iñaki San Sebastián eta Novadayseko zuzendari María Izaguirre,

Besteak beste, hau azpimarratu da aurkezpenean: hirietako garraio-sistemak hobetzeko, eraginkorrago bihurtzeko eta ingurumenarekiko jasangarriago izateko teknologiak duen garrantzia.

Ekimena babesten duten enpresetako ordezkariak ere han izan dira inaugurazio-ekitaldian, hala nola Telenor telefonia-enpresakoak eta Giroakoak. Veolia taldearen instalazioez eta mantentze-lanez arduratzen da Giroa.

Hiru unitate monitorizatu

Esperientzia aitzindari horretarako, bideak egokitu eta prestatu egin dituzte Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoak eta Donostiako Udalak. Hiru ibilgailuk egingo dituzte joan-etorriak Parkean barrena. Doakoa izango da zerbitzua. Hamar lagunentzako lekua izango dute ibilgailuek, zeinak bi kilometroko ibilbidea egingo duten (joan eta etorri) goizeko 7:30etik arratsaldeko 19:30era bitartean, etenik gabe, astelehenetik ostiralera. Hamar geldiadi egingo dituzte ibilgailuek. Seinaleztatuta daude geltokiak. Mugikortasun urriko jendearentzat egokituta daude ibilgailuak.

Komunikazio-tresna aurreratuak eta doitasun handiko posizionatze- eta gidatze-sistemak dituzte ibilgailu automatizatu horiek. Kontrol-zentro batera konektatuta daude hiru unitateak. Zentro horretatik kontrolatzen dira ibilgailuak, WiFi bidez; horri esker, denbora errealean egin daiteke ibilbidearen jarraipena, eta argibide jakinak eman ibilgailu bakoitzari.

Operadore bat joango da, beti, ibilgailu bakoitzean, erabiltzaileei informazioa emateko eta, behar izanez gero, ibilgailuaren kontrola bereganatzeko. Horrelako ingurune batean (parkea) gidatzeko behar diren segurtasun-sistema guztiak ditu ibilgailuak; besteak beste, larrialdietarako botoi bat, bidaiariek saka dezaten, beharrik izanez gero.

Ekimen aitzindaria Europan

Europako CityMobil2 proiektuaren barrukoa Donostian ikusgai jarri den autobus automatizatuko garraio-sistema hori. Proiektu horren helburua hau da: ibilgailu automatizatuek hirigunean eta garraio publikoko zerbitzu erreal batean nola txertatzen den aztertzea eta horretan sakontzea.

Proiektuko kide diren Europako beste sei hiritan probatu da: Oristano (Italia), Lausanne (Suitza), La Rochelle eta Sophia Antipolis (Frantzia), Trikala (Grezia) eta Vantaa (Finlandia). Orain, ekimen hau Donostiara iritsi da hiri barruan egiten diren eguneroko joan-etorrien eraginkortasuna areagotzeko helburuarekin, ingurumen-inpaktua gutxituz eta garraioaren segurtasuna hobetuz.

CityMobil 2 proiektua, Europako Batzordearen laguntza jaso du, VII. Esparru Programaren bidez. Europa mailan, Florentziako Unibertsitateak koordinatzen du eta Espainian, berriz, Tecnalia ikerketa-zentroak eta Novadays aholkularitza-enpresak gidatzen dute. Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eta Donostiako Udalaren laguntza jaso du proiektuak. Frantziako Robosoft enpresak ere hartu parte proiektuan: autobus automatizatuen sistemen hornitzaile jardun da.

Partekatu

Beste berri batzuk