Gipuzkoako Parkean egin dute Estatu osoko Zientzia eta Teknologia Parkeen Nazioarteko XV. Konferentzia, teknologia iraultzaileenek eskaintzen dituzten etorkizuneko aukeretan oinarritutakoa
-
Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, Euskadiko Teknologia Parkeen Sarearen erronka nagusia iraultza digitala dela adierazi du konferentziaren inaugurazioan: “Euskadiko garapen ekonomikoaren eta sozialaren katalizatzailea”
- “2020tik harago: Teknologia disruptiboak” izenburupean, abangoardiako enpresek eta adituek hurrengo urteotan produzitzeko, lan egiteko eta kontsumitzeko gure moduak aldaraziko dituzten punta-puntako teknologiak aztertu dituzte
- APTEk (Espainiako Parke Teknologikoen Elkartea) Bizkaiko Parkeko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuaren Zentroari eman dio “Jardunbide onenaren” saria
- Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko enpresek berrikuntza iraultzaile batzuen aplikazioaz eta erabilgarritasunez hitz egingo dute: Big Data, Gauzen Internet, adimen artifiziala edo Terapia genikoak, adibidez
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea bihurtu da gaur teknologia disruptiboen, gure mundua aldarazten ari diren abangoardiako berrikuntzen) arloko enpresen eta adituen topagune. Gipuzkoako parkean egin dute aurten APTEren (Espainiako Parke Zientifikoen eta Teknologikoen Elkartea) Nazioarteko XV. Konferentzia. Aurtengo izenburua “2020tik harago: Teknologia disruptiboak” izan da eta punta-puntako enpresek eta adituek teknologia horien oinarrizko alderdiak landu dituzte. Teknologia horiek sektore eta teknikak ordezkatuko dituzte, merkatu eta balio- sare berriak sortuta. Konferentzia horren helburua kontsumitzaileengan, langileengan eta jarduera ekonomikoetan izan ditzaketen inpaktuak aztertzea da, hala hurrengo urteotan parke teknologikoetan izango duten eragina aurrez ikusi ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako sailburuak, Arantxa Tapiak, Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako Diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteko Presidenteak, Felipe Romerak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak, Itziar Epalzak, inauguratu dute gaur, hilak 23, 09:00etan, Nazioarteko Konferentzia hau. APTE osatzen duten Estatu osoko 60 parke baino gehiagotako ordezkariak bildu ditu aipatutako konferentziak. Elkartearen asmo nagusia izan da zientzia eta tecnologia parkeak sustatuz eta zabalduz, produkzio-jarduera berritzen eta dibertsifikatzen laguntzea, eta garapen teknologikoari eta garapen ekonomikoari laguntzea.
Konferentziako irekierako hitzaldian, Ekonomiaren Garapeneko sailburuak honako hau azpimarratu du: Euskadiko Parke Zientifikoak eta Teknologikoak “Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialaren katalizatzaileak dira; eta gaur egun, inoiz baino gehiago, hori iraultza digitalari lotuta dago”.
Estatu osoko parke zientifiko eta teknologikoetatik konferentziara joandako parte-hartzaile ugariren aurrean, Tapiak honako hau adierazi du: “Euskadi herrialde industriala izan da, da eta izango da”. Etorkizunera begira, sailburuak 2017-2020 Industria Planaren ardatzak zehaztu ditu. Horrek presazko alderdiei zein etorkizunera begira lehiakortasuna bermatzen duten alderdiei ematen dizkie irtenbideak.
“Hazkunde ekonomikoa gertatzen ari den 2017 eta 2018 urte hauek etorkizunean, jarduera ekonomikoan eta kalitatezko enplegua sortzen inbertitzeko baliatu behar ditugu”, adierazi du sailburuak. Era berean, ekonomiaren hazkunde maila baino handiagoan Eusko Jaurlaritzak ikerketan eta garapenean inbertitzearen alde egindako apustu irmoari eutsi diola jakinarazi du. “Hala eta guztiz ere, ez gara konformatzen eta gure helburua 2020. urtean herrialde osoko I+G arloko inbertsioa BPGaren % 3ra iristea da”, adierazi du Tapiak.
Nazioarteko konferentziaren gai nagusia teknologia disruptiboak dira eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiaren hitzetan, Euskadiko parkeak teknologia disruptiboak lantzeko “agertoki onena” dira; izan ere, “teknologia berri eta iraultzaile horietako asko gaur egun gure eremuetan instalatuta dauden enpresetan garatzen dira”. Iraultza teknologiko horrek aldaketa ekarriko du eta, ondorioz, parke teknologikoek “abangoardian kokatu behar dute aurrean izango ditugun agertoki berrietara aurrera egiteko eta horiek zehazteko garaian”.
Testuinguru horren baitan, Epalzak adierazi du 2020. urtera begira Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak abian jarritako plan estrategikoak helburu hori duela. Izan ere, horren xedea da “Euskadi mailan berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren eragile bultzatzaile eta egituratzaile nagusi eta I+G+b arloko nazioarteko erreferente bihurtzea”.
Nazioarteko konferentzia horri esker, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea Euskadin gero eta eragin handiagoa duen sektore estrategikoaren, 4.0. industriaren, erdigune bihurtu da gaur. Nazioartean prestigio handia duten adituekin batera, konferentzia horretan abangoardiako teknologia horiek garatzen eta erabiltzen ari diren Euskadiko parkeetako enpresek hartu dute parte.
2016ko datuei erreparatzen badiegu, APTEko parkeek ekitaldia 26.074 milioi euroko fakturazio bateratuarekin itxi zuten; hau da, 2015ean baino % 6,7 handiagoa izan zen. Zientzia eta enpresa arloko ekosistemak dira, eta zientziaren eta teknologiaren abangoardian dauden 7.778 enpresa eta erakunde biltzen dituzte.
Saria Bizkaiko CFAAri
Nazioarteko konferentzia horren baitan, Soledad Díazek, APTEko zuzendari kudeatzaileak, elkarteko parke zientifiko eta teknologikoetako jardunbide egokienei emandako sariak banatu ditu. “10 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten parke teknologiko eta zientifikoetako jardunbide egokienari” emandako saria Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (CFAA) eskuratu du. Horrez gain, bi ohorezko aipamen jaso dituzte Andaluziako Teknologia Parkeko Programa Inter-company mentoring programak eta Bartzelonako Zientzia Parkeko PCB Inbertsio Funtsak. Duela hamar urte edo gutxiago sortutako parkeetako jardunbide egokienari emandako sariak Extremadurako Zientzia eta Teknologia Parkeko Ekimen Ekintzaileari Laguntza emateko Zerbitzua (SAPIEM) goraipatu du. Bestalde, beste bi ekimenek ohorezko aipamena jaso dute sari horietan: Creapolis – Parc de la Creativitat SA Zientzia eta Teknologia Parkeko EMPENTA programa (mentoring-a eta azelerazioa startup eta spin-off-etarako) eta Valentziako Unibertsitateko Parke Zientifikoko enpresei egindako inkesta.
Nazioarteko prestigioa duten adituak
Barak Berkowitz–ek, MIT Media Lab-eko (Massachusetts Institute of Technology) Eragiketen eta Estrategiaren zuzendariak ireki du jardunaldia “Teknologia disruptiboak eta enpresetan duten inpaktua” konferentziarekin. Berkowitzek iristen ari den aro berriaz hitz egin du. Horrekin lotuta, aurrean ditugun erronka eta aukerak erakutsi dizkigu (besteak beste, enpleguarekin lotuta). Hala eta guztiz ere, argi utzi du gaia ez dela berria; izan ere, aurretik ere bizi izan dugu nahiz eta beste era bateko abiaduran eta neurrian izan den. Beste nolabait esanda, industria‐iraultza berri bat dugu aurrean: laugarrena.
Berkowitz teknologiako enpresetarako kontsumo-estrategien arloko aholkularitza-enpresaren, MarketCentrix-en, sortzailea da. Aholkularitza eskaintzen die hazten ari diren enpresei, enpresa birtualei eta enpresa handiei: Digital Garage, Apple, Sony, Fujifilm edo Polycom enpresei besteak beste. Horrez gain, hazten ari diren era askotako enpresen inbertsiogilea eta aholkularia ere bada: LittleBits, New Context, Improbable eta Iperlane, besteak beste.
Ondoren, e-lidergoan eta aldaketa digitalean aditu batek, Silvia Lealek, “Teknologia disruptiboak eta pertsonengan duten inpaktua” hitzaldia aurkeztu du. Teknologiaren jarraitzaile sutsua da, eta Espainia mailan eragin handieneko adituetako bat. Gure energia berritzailea eta lidergo konszientea bultzatzeko gakoen berri emateko pertsona paregabea da. Eskainiko duen hitzaldian zehaztuko ditu teknologia horiei esker mundu pertsonalean eta profesionalean lortu ahal izango ditugun aurrerapenak, baina eragin horiek hezkuntzan edo osasunean eta, oro har, bizi-‐kalitateak ere sumatuko ditugu. Aditu horren arabera, teknologia berritzaile horiei maila pertsonalean ahalik eta etekin handiena ateratzeko, ezinbestekoa da haiekin berritzen ikastea guztiok eta gure “gizatasuna” ateratzea. Izan ere, gure aukera da aurrera egiteko haiek baliagarriak izatea, baina baita gure ardura ere.
Abangoardiako Euskadiko enpresak
Luis Sanzek, Parke Zientifikoen eta Berrikuntza arloaren Nazioarteko Elkarteko (IASP) zuzendari nagusiak, moderatu ditu teknologia disruptiboei buruzko eztabaidako bi mahai. Horietan, Euskadiko parke teknologikoetan egoitza duten eta gure produzitzeko, bizitzeko, lan egiteko eta kontsumitzeko moduan iraultza eragin duten abangoardiako teknika horiek erabiltzen dituzten enpresetako arduradunek hartu dute parte.
Haietako lehenengoan, Arabako Teknologia Parkeko bi enpresek eta Gipuzkoako Teknologia Parkeko beste bi enpresek mundu mailako berrikuntzaren erakusgarri diren lau esparru nagusiren inguruko aplikazioak eta inpaktua landu dituzte. Gaizka Grajalesek, Mizarreko presidenteak (fabrikazio gehigarrian enpresa liderra da eta era guztietako osagai pertsonalizatuen diseinuan eta produkzioan espezializatuta dago), 3D inprimaketa izan du hizpide; Luis María Sainzek, SPC Neteko Datuen Zentroko eta Interneteko zuzendariak, (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektoreko enpresa hori IKTen ezagutzaren kudeaketan espezializatuta dago), zibersegurtasunaz hitz egin du; Jesús de la Fuentek, Grapheneako CEOak (grafenozko materialen garapena, ikerketatik hasi eta merkaturatzera arte, mundu mailako industria ugaritarako), nanoegiturez; eta Eduardo Jaureguik, Irisbondeko CEOak (IK4 Research Allianceko kidea den Vicomtech fundazioarekin duen lankidetzaren ondorioa da eta ikusmen artifizialean aplikatutako ikerketa-lerroetako bat zuzentzea du xede), adimen artifizialaz.
Bigarren mahaian, energia berriztagarriei buruzkoan, Gipuzkoako Parke Teknologikoko eta Bizkaiko Parkeko bina enpresek funtsezko beste lau gai landu dituzte. Miguel A. Veganzonesek, Nem Solutionseko Data Science manager-ak (produktibitate bikainerantz industriak egindako aldaketaren eta bilakaeraren, O&Mko kostuen murrizketan eta aktiboen bizitza luzatzen liderra), Big Datak eskaintzen dituen aukerak aurkeztu ditu; Juan Carlos Ramírezek, VIVEbiotecheko zuzendari zientifiko-teknikoak (Terapia genikorako bektore lentibiralen GMP produkzioan eta bioprozesuen garapenean espezializatutako bioteknologiako enpresa), terapia genikoak izan ditu hizpide; Sonia Bilbaok, Tecnaliako Project manager-ak (ingurune ekonomikoaren eta sozialaren garapenerako berrikuntza teknologikoan zentratuta dagoen mundu mailako prestigio handiko korporazioa), Internet of Things-ez (Gauzen Internet) hitz egin du; eta Borja de Miguelek, Oceanteceko Garapen Teknologikoaren arloko arduradunak (olatuen energia-bihurgailuen itsas parkeak hedatzeko garapen teknologikoa egiten liderra den enpresa), energia berriztagarriez.
Felipe Romerak, APTEko presidenteak, hurrengo nazioarteko konferentziaren lekukoa Avileseko Zientzia eta Teknologia Parkeari emanez itxi ditu jardunaldiak. Hurrengo konferentzia, beraz, han izango da 2018an.
Euskadiko Teknologia Parkeen Sarea
Parkeen Euskal Sarea zientzia eta teknologia jakintzaren eta garapenaren egiazko ekosistema da. 511 enpresa, ikerketa fundazio eta berrikuntza-‐zentro biltzen dira bertan, korporazio handiekin eta hainbat startup-‐ekin batera. Parkean finkatutako enpresen %22 (114) Euskadiko haztegien eta elkartegi-‐en babes eta segimenduari esker sortua da, hor bideratzen baitira enpresa berritzaileak sortzeko gogoa duten gazteen talentua eta espiritu ekintzailea. 2016an, parkeen sarean kokatutako enpresek Euskadi osoko enpresek I+G jardunean inbertitutako guztizko gastuaren %40tik gora inbertitu zuten (urtean 494 milioi euro) eta 4.633 milioi euroko fakturazioa lortu zuten. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Teknologia Parkeek, osotara, 16.100 pertsona baino gehiago enplegatzen dute.
Sare honetako teknologia-‐parkeetan, berrikuntza babesteko azpiegiturak jartzen dira ekintzaileen esku, jakintza zientifiko-‐teknologikoaren eta enpresa-‐jakintzaren arteko zubi-‐lanak egiten dira, euskal enpresen nazioartekotzea laguntzeko bideak diseinatzen dira eta jakintza teknologikoa gizartera hurbiltzeko lan egiten da.