Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea izango da hemendik aurrera Donostiako Teknologi Parkearen izen berria

Araba

  • Parkeko Akziodunen Batzar Orokorrak gaur (osteguna) eginiko bileran hartu du behin betiko erabakia. Eskaera hori jadanik urriaren 16ko Administrazio Kontseiluan aztertu zuten.
  • Eibarko Teknologi Gunea parkean sartzeak eta Hernaniko herrian egiten ari diren zabalkuntza prozesuak eragin dute izena aldatzea, Parkearen errealitate berrira egokitzeko. 

Akziodunen Batzar Orokorrak gaur hartutako erabakiaren arabera, Donostiako Teknologi Parkearen izena Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa – Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, S.A. izango da hemendik aurrera.

Eskaera hori urriaren 16ko Administrazio Kontseiluan ere jorratu zen, baina gaur arte itxaron behar izan da Akziodunen Batzarrak izen aldaketa berresteko.

Aldaketa honekin egokitu nahi izan dute Parkearen deitura Parkeak bizi duen egoera berrira. Batetik, Hernaniko herrian zabalkuntza prozesu bat jarri da martxan Galarreta izeneko eremuan, Orona enpresarekin batera egiten ari dena  eta 2013tik aurrera Mondragon Unibertsitatearen campus berri bat izango duena, eta bestetik, duela gutxi Eibarko Teknologi Gunea ere sartu da Parkera. Bi berrikuntza horiek ekarri dute izena aldatzeko beharra. Hartara, Parkearen oraina eta etorkizuna islatu nahi dira.

Izena aldatzea lehenbiziko urratsa baino ez da burutzen ari diren inkorporazio eta zabalkuntza guztiak agerian jartzeko eta egungo egoerara egokitzeko, zientzia eta teknologia zentroak ez baitira kokatuko bakarrik Donostian.

Parkean sartu berri den Eibarko Teknologi Gunea enpresa eta teknologia arloko espazio aurreratu bat da, non ezagutza teknologiko-zientifikoa garatzen baita goi-mailako teknologiako  produktu berritzaileak eta nazioarteko bokaziodunak sortzeko. Proiektu hori Eibarko Udalak eta IK4-Tekniker teknologia zentroak sustatu dute eta zentroa bera, SPRILUR-Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoa eta Eibarko Udala dira proiektua hartuko duten lursailen jabeak. Duela gutxi aurkeztu dituzte IK4-Tekniker erakundearen instalazio berriak, 28.000 metro koadro ingurukoak eta 22 milioi euroko inbertsioa eskatu dutenak.

Bestalde, Parkea Hernanin zabaltzeko prozesua faseka egiten ari da; lehena amaituta dago, bigarrena une honetan burutzen ari dira eta ustez 2013rako amaituko da. Guztira 150.000 metro koadroko azalera izango da, 120 milioi euro inbertitu ondoren.

Gaur egun parkean 3.300 lagun enplegatzen dituzten 76 enpresa daude instalatuta eta 2011ko fakturazioa 533 milioi eurokoa izan zen, 2010ean baino %3 gehiago.

Partekatu

Beste berri batzuk